Koldo Almandoz.
Donostiako 61. Zinemaldia. Plano subjektiboa

Zoom kriptofasikoa

2013ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Egunkari bat irekitzen dugun bakoitzean,Zinemaldi oso bat elikatzeko moduko pelikuletarako gaiak topatzen ditugu. Egunero. Hala bizi gara. Saturazioaren gizartean. Unean uneko aukeren aroan. Unean uneko aukera galduen orainaldian.

Sentipen hori izan dut Enemy filma ikustetik atera naizenean. Abiapuntu erakargarri bat, ongi lortutako giro aseptikoa, ezinegon atmosfera, tempo aproposa..., baina horretan geratu da. Niretzat behintzat. Eta, ziurrenik, zerbait sakonago ezkutatzen du pelikulak, baina ni ez naiz kapaz izan amaraun kriptikoa deskodetzen. Igual-igualak baino gehiago, pertsona bera diruditen bi pertsonak bata bestearen bikotekidearekin txortan egiteko baliatzen dute beren antzekotasuna. Arratsaldeko tvmovie istorio horietako baten antza hartu diot, baina Cronemberg/Fincher/Lynch estetikaz aurkeztua.

Zer egingo zenuke zuk zure iguala den norbait topatuko bazenu? Oraingoz, eta gizakion klonak egiten hasi arte behintzat, bikiek erantzun diezaiokete galdera horri.

Bikiek badute zerbait erakargarria. Misteriotsua. Gizakien %10 soilik dira ezkertiak, baina bikien %22 dira ezkertiak. Eta bikien %40k elkarrekin komunikatzeko hizkuntza propioa garatzen dute beren lehen urteetan. Kriptofasia izena ematen zaio bikiek garatutako hizkuntzari. Saramagoren Bikoiztutako gizona nobelan oinarrituta dago Enemy film kriptofasikoa.

Nobela batek ikusezina dena kontatzen du. Motibazioak eta pertsonaien emozioak deskribatzen dizkigu, eta irakurleari uzten dio mundu fisiko horren irudia bere buruan egin dezan. Pelikula batek kontrakoa egiten du, edo egin behar du. Mundu fisikoa erakutsi eta pertsonaien barne mundua eta emozioak ikuslearen eskuetan utzi.

Musikak edo poesiak ez dute ez bata ez bestea egiten. Horregatik, bizi ditu unerik gorenak nobela edo pelikula batek musika edo poesiara hurbiltzen denean: mundu fisikoa eta emozioena entzulearen edo irakurlearen eskuetan uzten duelako.

Pablo Casares poeta donostiarraren Zoom:

Momentu batzuk / tentuz / begiratu behar dira / eszena enkuadratu eta /adi egon: / eguzkiak / maindireak erabiliaz / mezu zifratu bat transferitzen, / haizea goiza urratzen, / errealitatea / bi puntutatik sostengatua egongo balitz bezala: / bata arrunta/ eta bestea bikia, / ametsez egina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.