Imanol Murua Uria.
ETAren desarmatzea. Iritzia. Iritzia

Gobernu bat, mesedez

2014ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Arma gutxi dira, hori ez dago ukatzerik. Fusil bat, pistola bat, bi errebolber, bi granada, 300 bala, 16 kilo lehergailu eta 190 metro detonagailurekin min handia egin daiteke, baina ETA erakundeak izan dezakeen arma kopuruaren lagin txiki bat besterik ez du ematen. Konparazio baterako, 2006ko urrian 300 errebolber eta 50 pistola lapurtu zituen ETAk, orduan argitaratu zena egia bada.

Baina garrantzitsua ez da kantitatea, oraingoz. Garrantzitsua da blokeo bat haustera, edo hausten saiatzera, datorrela ETAren mugimendua. Borroka armatua uzteko erabakia aldebakarrekoa izan zen, baina, ETAk erabaki horren berri eman zuenean, hortik aurrerako prozesu «teknikoak» Gobernuekiko elkarrizketa eskatzen zuela adierazi zuen; desarmatzeari eta abarrari buruz hitz egiteko prest zegoela, alegia, Espainiako eta Frantziako gobernuekin. Zain ere egon ziren bere garaian, Oslon. Alferrik.

Orain jakin dugu 2013ko apirilean eskatu ziola ETAk Egiaztatze Batzordeari desarmatzearen arloan ere laguntzeko. Hau da, gobernuekin hitz egin gabe arlo horretan aurrera egiteko prestasuna agertu zion erakunde (oraingoz) armatuak Mannikalingamen taldeari iazko udaberrian. Borondate horren emaitza da atzokoa. Neurri batean,desarmatzearen arloan zegoen blokeoa hautsi du. Neurri batean.

ETAk bere borondatea agertze aldera bere armen lagin bat indargabetzea kudea dezake Egiaztatze Batzordeak, klandestinitateko segurtasun arazoak gorabehera. Baina desarmatze prozesu osoa nekez kudea dezakete baldintza horietan, gobernuek eskain dezaketen bermerik gabe. Horregatik, «instituzio baten edo gobernu baten» inplikazioa eskatu du egiaztatzaileen bozeramaileak. Prozesua osoa ezin dutela burutu, alegia, bideoan ageri diren lau lagunek.

Espainiako eta Frantziako gobernuekin jai dagoela ematen du. Ez harritu, ordea, Eusko Jaurlaritza dagoeneko jokoan sartua baldin badago. ETA duela bi asteko agirian Iñigo Urkullu lehendakariari buruz aritzeko moduak—Urkullu mespretxatzea leporatu zion Espainiako Gobernuari—zer edo zer esan nahi du; ETAk ez du askotan Eusko Jaurlaritzako lehendakari bat agiri batean aipatu jarraian epelak esan gabe. Gehitu horri agiriaren ostean Josu Erkorekak zer esan zuen: Jaurlaritza prest dagoela ETArekin biltzeko, baldin eta desarmatzeko borondate argia erakusten badu. Bideoarekin erakutsi du. Eta, orain, Mannikalingamek, «gobernu baten edo instituzio baten» esku hartzea eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.