Iparraldeko 2014ko herri bozak. Lehen itzuliaren ondorena

Partidak badu arbitroa

Abertzaleek gorakada nabarmena izan dute, eta bigarren itzuliko arbitroa izan daitezke hainbat tokitan; Baionan eta Hendaian, kasurakoSozialisten porrotak zentro-eskuin frantsesaren esku utz ditzake herri nagusiak

Partidak badu arbitroa.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Sozialisten eta zentro-eskuinaren artean borrokatuko beharko dira Baionako Herriko Etxeko aulkia lortzeko, lehia horren arbitro izanen direlarik abertzaleak. Abertzaleek gorakada nabarmena izan dute Ipar Euskal Herriko Herriko Etxe gehienetan, kasu batzuetan lehen indar gisa agertuz, edo bertze batzuetan etorkizuneko aukera gisa, bigarren postuan ageriz, Donibane Lohizunen bezala.

1. Baionan, ikusmira

Henri Etxeto sozialistak lortu zuen igandean hauteskunde lehiaren lehen postua, 5 619 boz bilduta (%35,26). Hamabost puntura du auzapez kadira, baina horra heltzeko zurubirik ez. Izan ere, Sylvie Durruty eskuineko hautagaiak %18,54 egin zuen eta sostengu hori gehituko zaio Jean Rene Etxegarai hautagai zentristaren emaitzari (4.778 boz, %29,98). Ez da aski %50era heltzeko. Baina Jean Claude Iriartek gidatzen duen Baiona 2014 zerrendak emaitza historikoa egin du, lehen aldiz bozen %10eko langa gaindituz eta bigarren itzulian presente egoteko aukera irabaziz. Delibero hori hartu dutela agindu zuen igande gauean Iriartek. Atzo bildu ziren Serge Nogues Ezkerreko Fronteko zerrendaburuarekin (944 boz, %5,92) eta gaur berean, elkar hartzen dutela iragarri dezakete. Ezker-eskuin frantsesaren lehian, arbitro izanen dira abertzaleak.

Baionan gaiz, bertzeen arteko lehian eragiteko indarrean daude abertzaleak Hendaia, Ahetze, Ziburu, Donapaleu, Maule, Arrangoitze, Azkainen, Senperen eta Zuraiden, bertzeak bertze. Bigarren itzuliari begira, harremanetan sartu dira gainerateko zerrendekin. Aliantzak egiteko epea gaur bukatzen da, arratsaldeko bi orenetan.

2. Etxebeste Maulen

Zuberoako hiriburuak bigarren itzulia beharko du. Mixel Etxebeste auzapezaren zerrendak 794 boz bildu zituen (%41,75). Lauren arteko lehia izan daiteke, ezkerreko zerrendez gain, Beñat Elkegarairen zerrendak, abertzaleen hurbilekoa, 252 boz bildu baititu (% 13,25). Lurralde Elkargoaren aldeko irizpidea nagusitzen bada, aukera handiak daude Etxebeste garaile izateko bigarren itzulian. Sozialistek ez dute usaian ezkerrera bozkatzen duen hiriburuan nagusitzea.

3. Ezustea Baigorrin

Nafarroan ezusterik handiena Jean Mixel Koskaratek gidatzen duen zerrendak eragin du, 615 boz bildu baititu (%53,48) Baigorrin. Hemeretzi aulkietatik hamabost erdietsi ditu Jean Baptiste Lambert auzapezaren aurkako lehian. Horrez gain, Herri Elkargorako bost aulkietatik lau eskuratu ditu.

Donibane Garazin, Alfontso Idiart eskuineko hautagaiak 611boz bildu ditu ( %66,70). Haren parean zuen Xabi Larren zerrenda abertzaleak 305 boz bildu ditu (%33,29). Bederatzi bozengatik ez du lortu Herri Elkargoan sartzea. Donapaleun, berriz, Jean-Jacques Loustaudaudinek 464 boz bildu ditu (%49,83). Stephane Irola abertzaleak 132 boz bildu ditu, (%14,18) eta hiruko lehia izanen da igandean.

4. Hendaia ezker

Kotte Ezenarro auzapez ohi eta Kontseilari Nagusi sozialistak lortu du lehen postua Hendaian,2.014 bozekin (%36,51). Jean-Baptiste Sallaberri auzapezak 1.599 boz lortu zituen (%28,98). Richard Beitiak 709 bildu zituen (%12,85), baina haserre da Salaberrirekin, ikastola berria eraikitzeko xedearen aurka egin baitzuen Beitiak. Iker Elizadaldek zuzentzen duen zerrenda abertzaleak 693 boz egin zituen (%12,56), eta gakoa izan daiteke igandean. Frantzian sozialistek pairatu duten porrotean, Hendaia izan daiteke eskuinetik ezkerrera pasatu daitekeen hiri bakarrenetarikoa Ipar Euskal Herrian. Gakoa abertzaleak izanen dira.

5. Lapurdi hegoaldea

Ozta-ozta hautatu dute lehen itzulian Michel Hiriart Biriatuko auzapez, 351 bozekin (%52,31). Parean zuen zerrenda abertzaleak 320 boz egin ditu (%47,69). Hiriart da Lurralde Elkargoko presidentea. Abertzaleen emendatzea ere nabarmena izan da Urruñan, Filipe Aramendi abertzaleak 1.321 boz egin ditu (%25,64). Duela sei urte baino 423 boz gehiago lortu ditu Aramendik. Lehia eskuineko bi zerrenden artean egonen da, seguruenik Odile de Coral oraingo auzapezaren alde ebatziko delarik lehia.

Ziburun ere emaitza ikusgarria egin dute abertzaleek, 802 boz (%21,09). Guy Poulou eskuindarrak 1.661 boz erdietsi ditu (%43,69). Ezkerreko bertze zerrenda bat egonen da bigarren itzulian. Ezkerreko aliantza posible litzateke, beraz, akordioa lortzen badute. Egun jakinaraziko dute erabakia.

Donibane Lohizunen ere emaitza ikusgarria lortu du Paxkal Lafitten zerrenda abertzaleak, 1.740 bozekin (%25,84). Duela sei urte baino 408 boz gehiago erdietsi ditu, eta lau hautetsi (hiru 2008an). Bigarren indar politikoa dira abertzaleak Donibane Lohizunen. Emile Amaro sozialistak 1.298 boz eginik (%19,28), hirugarren postua baino ez du erdietsi. Peyuco Duhart eskuineko hautagaiak lehen itzulian erdietsi du auzapez kargua 3. 695 bozekin (%54,88). Nabarmentzekoa da Duhartek Michele Alliot Marierik gabe lortu duela emaitza, parekatuz Frantziako Barne eta Justizia ministro ohiak lortutako emaitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.