2014ko Iparraldeko herri bozak. Lehen itzuliaren ondorena

Aldaketa zantzua igandean

Sozialistek eta abertzaleek akordioak lortu dituzte Hendaia, Urruña, Ziburu eta Ahetzen, boterea eskuratzeko aukera izanikMiarritzen bi zerrenda izanen dira, hiruna zerrenda metatu baitira eskuin eta zentroan

Jean Rene Etxegarai eta Sylvie Durruti Baionan, herri bozen bigarren itzulirako akordioa aurkezten, atzo. BERRIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Azken orduko aliantzek Lapurdiko herri garrantzitsuenetako lehia gori-gorian ezarri dute igandeko bozei begira, bereziki abertzaleek eta sozialistek Hendaia, Urruña, Ziburu eta Ahetzen akordioa erdietsi ondoren. Miarritzen ere, lehia argitu da. Bi zerrenda izanen dira buruz buru, Max Brisson UMPko kidearena eta Michel Veunac zentristak gidatzen duena. Angelun PSko Jean Espilondo eta Claude Olive UMPko kidearen artean izanen da lehia.

Azkenean buruz buruko lehia izanen da Hendaian PSko Kotte Ezenarroren eta Battitta Sallaberriren artean (zentro-eskuina). Richard Beitia ez du akordiorik erdietsi Sallaberrirekin, baina hala ere ez da bigarren itzulira aurkeztuko. Sozialistek eta abertzaleek hitzarmena osatu dute dagoeneko. Irabazten baldin badute, abertzaleek lau zinegotzi ukanen dituzte herriko etxean, horietako bat auzapezorde izanen delarik eta bigarrena Herri Elkargoko kontseilaria izanen delarik. Iker Elizalde abertzaleak azaldu duenez, Zentro soziala eta ekonomikoa plantan ezartzeko ardura ukanen dute abertzaleek eta euskara arloan ere bai. Aukerarik baldin badago, ikastola berria eraikitzeko engaiamendua hartu du Ezenarrok abertzaleen aitzinean.

Urruñan abertzaleen zerrendan joanen dira sozialistak. Filipe Aramendi gidatzen duen Herritarrak zerrendan 22 abertzale egonen dira eta 7 sozialista. Lehen itzulian, Aramendik 1.321 boz ukan zituen (25,63 %), eta Renaud Lassalle sozialistak, 687 boz (%13,33). Parean Daniel Poulou (1.365 boz, %26,48) eta Odile de Coralen (1.780boz, %34,54) eskuineko zerrendek ez dute akordiorik erdietsi. Lehen itzuliko gehitze matematikoek ez dute baliorik bigarren itzulirako, baina abertzaleek herriko etxea eskuratzeko aukera izan badute. Ahetze abertzaleen esku geldi daiteke igandean.

Hendaian bezala, abertzaleek sozialistak sostengatuko dituzte Ziburun. Negoziazio luzeen ondoren, akordioa erdietsi dute Eneko Aldana abertzaleak (802 boz, %21,09) eta Henri Duhaldeborde sozialistak (1.015 boz, %26,69). Parean ukanen dute Guy Poulou eskuineko hautagaia (1.661 boz, %43,68).

Seitik bira

Lehen itzuli korapilatsuena Miarritzen izan zen igandean. Alta, sei alderdiek hirunakako akordioak erdietsi dituzte azken orduan. Mixel Veunac (2.274 boz, %17,43) zentristarekin batera joanen dira Guy Lafite sozialistaren (2.201 boz, %16,87) eta Guillaume Barucqen (947 boz, %7,26) zerrendan. Parean ere akordioa erdietsi dute eskuineko hiru alderdiek. Max Brisonnek (3 .046 boz, %23,35) gidatuko duen zerrendan egonen dira Jean-Benoît Saint-Cricq (1. 836 boz, %14,07) eta Richard Tardits (1. 394 boz, %10,68). Gainerateko zerrendaburuek ez dute zehaztu noren alde bozkatuko duten.

Ezker eta eskuinaren lehia

Angelun ere gauzak zehaztu dira. Jean Espilondo auzapezak emaitza ahula lortu zuen, 6. 588 bilduta (%36,44). Aski aitzinetik gelditu zen UMPko hautagai Claude Olive 8 .061 bozekin (%44,59). Hirugarren postuan gelditu zen Jean-Baptiste Mortalenak ez du ez baten ez bertzearen aldeko bozik eskatu. 1 .786 boz erdietsi zituen igandean, %9,88. Mikel Ithurbide abertzaleak emaitza duina egin zuen Angelun, 1. 039 bozekin, %5,74. Ezkerreko Fronteko Claude Larrieuk (601 boz, %3,32), gainerateko biek bezala, ez du deitu nehor sostengatzera heldu den igandean.

Jean Espilondok sostengua eskatu die Ezkerreko Fronteko hautesleei, eta baita abertzaleei ere. Alta, zaila ukanen du hori lortzea. Izan ere, herri elkargoari begira, Lurralde Elkargoaren aldarria baztertu eta «Bizi Eremuaren» ikuspegia hobetsi behar dela erran zuen Espilondok, Miarritzeko Lafite eta Baionako Etxeto hautagaiekin batera. Azken bi urteotan Bateraren alde lan egin duten jendeen lana baliogabetu eta Euskal Herriaren lurraldetasuna urratuz eta Landetako Herri Elkargoekin bat egitea proposatuz. Ezkerreko hainbat militantek ere, politika sozio-liberala egitea leporatu diote Espilondori.

Urruti du UMPko hautagaiaren emaitza eta azken honek, Mortalenari boza eman ziotenen parte bat erakar dezake. Espilondoren aukera abstentzioan galdu ziren ezkerreko bozak eskuratzetik heldu da. Alta, tartea handiegia izan daiteke astebetean ezabatzea lortzeko. Gisa horretan, Baiona-Angelu-Miarritzeko auzapez sozialista bakarra arriskuan egon daiteke bigarren itzulian.

Lehen postuan heldu zen Baionan Henri Etxeto hautagai sozialista. Alta, Jean Rene Etxegarai hautagai zentristak eta Sylvie Durrutiren zerrendak azken orduko akordioa izenpetu dute, Baiona 2014 eta Ezkerreko Fronteak bezala. Hiruko lehia egonik, Etxetoren bozak ez dira aski izanen herriko etxea eskuratzeko. Ezkerreko alternatiba bat egonik, abstentzioan bilatu beharko ditu falta zaizkion bozak. Erdiesten ez badu, Etxegaraik gidatuko duen zentro-eskuineko zerrendaren esku geldituko da Lapurdiko hiriburua.

Akordiorik erdietsi ez duten bakarren artean dago Azkaine. Lau zerrenda aurkeztu ziren joan den igandean, baina ez dute bigarren itzulirako akordiorik erdietsi, eta presente izanen dira laurak bigarren itzulian. Preseski, Jean Louis Laduche auzapeza gelditu zen azken postuan, eta neke izanez du auzapez kargua berrestea igandean.

Nafarroa Beherean ere Donapaleuko lehia dago airean. Jean Jacques Loustaudodinek ozta-ozta ez zuen erdietsi bozen %50 eskuratzea, eta heldu den igandean parean ukanen ditu berriz ere Charles Massondoren eta Stephane Irola abertzalearen zerrendak.

Trenkatu gabe dago Mauleko lehia ere. Mixel Etxebeste auzapezak bozen %41,7 eskuratu zituen. Mathias Davant (%13,7) eta Louis Labadoten (%31,3) ezkerreko zerrendek bat egin dute. Hirugarren lehiakidea izanen da Beñat Elkegarai abertzalea, bozen %13,2 eskuratuta.

Aliantzek ere eragina ukanen dute herri elkargo ezberdinen osaketan, zerrendak biltzean, ordezkarien postuak ere negoziatu dituztelako lehiatik kendu diren zerrendekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.