Europako hauteskundeak. Kanpaina

«Erakargarria ez den Euskadi» eraikitzea egotzi dio Quirogak EAJri

Bipartidismoa amaitzear dela adierazi du UPDk, «birsortze demokratikoa» hasiko dela maiatzaren 25ean

Erredakzioa
Bilbo
2014ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
«Txikitasunean oinarrituta eta desberdina denari oztopoak jarrita» EAJ «erakargarria ez den Euskadi» sortzen ari dela uste du PPk. Hala adierazi du Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteak, NNJJ alderdiko gazte erakundearekin Donostiako Miramar Jauregian egindako ekitaldian. Gogor egin du EAJren aurka, eta Carlos Iturgaiz hautagaiak ereparte hartu du saioan.

EAJrekiko dituen «aldeak» nabarmendu ditu Quirogak. Haren esanetan, txikitasunean iltzatuta daude jeltzaleak; popularrek, aldiz, handitasunari begiratzen diote. PPk Europan «sinesten» duela ziurtatu du hark. EAJk, berriz, «zaharkituta dagoen proiektua» proposatzen duela eta proposamen horrek «Euskadi txikiagoa egitera» daramala. «Espainiarrak garelako gara europarrak», ohartarazi du Quirogak; «euskal herritarren Europa guztien artean eraikitzen dena da, eta ez alde egin eta bere zilborrari begira egoten dena».

Hartara, Kalifornia (AEB) jarri du jarraitu beharreko eredutzat: «Munduan laugarren potentzia da, eta ez zaio burutik pasatu ere egiten AEBetatik bereiztea, bere lekua galtzea ekarriko liokeelako horrek».

UPDk ere Donostia aukeratu du kanpaina egiteko. Haizearen Orrazira joan zen atzo, «Espainiako zein Europako politikek airea berritzea» behar dutela irudikatzeko eta «egungo egoeraraino ekarri gaituen bipartidismo ustela» amaitu behar dela esateko. «Beharrezkoa da leihoak zabaltzea, etorkizunarekiko esperantza irekitzea eta bipartidismoa desegitea», adierazi du Gorka Maneirok. UPDren botoei esker, maiatzaren 25ean bipartidismoa amaitu eta «birsortze demokratikoa» hasiko dela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.