Albistea entzun

Galdeketak badauka protokoloa

Etxarri Aranazko apirilaren 13ko herri kontsultaren antolatzaileek finkatu dute araudia, hilabeteak horretan eman ostean

Antolaketa ondo ateraz gero protokoloa beste kasuetarako eredu izango dela diote
Etxarri Aranazko galdeketako behatzaile bat hautestontzi bat zigilatzen, joan den astean.
Etxarri Aranazko galdeketako behatzaile bat hautestontzi bat zigilatzen, joan den astean. BERRIA

Enekoitz Esnaola -

2014ko apirilak 4

Antolatzaileek herenegun gauean utzi zuten zehaztuta Etxarri Aranazko apirilaren 13ko herri galdeketaren protokoloa. «Antolaketa aldetik ondo ateratzen bada, protokolo hau ondorengo balizko galdeketetarako erabiliko da». Hilabeteak pasatu dituzte prestatzen. Laburpen bat da hau.

1. Galdera, erantzunak

Nahi duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan? izango da galdera. Egunean bertan bozkatu ahal izango da, herriko plazako areto batean, edo aurrez igorritako boto bidez. Erantzun posibleak: bai, ez edo zuria.

2. Boto-emaileak

Etxarri Aranazko biztanleak diren eta apirilaren 13an 16 urte edo gehiago dituzten guztiak.

3. Hautesleen nortasuna egiaztatzeko

—Ofizialki Espainiako herritartasuna duten hautesleen kasuan, Espainiako nortasun agiria, pasaportea, gidabaimena edo EHNA erakutsi behar da. Agiriok iraungita aurkeztuz gero, iazko urtarrilaren 1etik aurrerako errolda ziurtagiria beharko da; baita dokumentuetan hauteslearen etxebizitza Etxarri Aranatzen ez badago ere.

—Beste herritarrentzako aukerak: bizilekuaren txartela (EB Europako Batasunekoak ez diren estatuetako herritarrek); komunitateko erregistroko inskripzio egiaztagiria (EBko estatuetako herritarrek), pasaportea edo nortasuna egiaztatzeko txartela erakutsiz; estatuak emandako nortasun txartela edo pasaportea; errolda ziurtagiria.

4. Hautesleen bizilekua egiaztatzeko

Agiri identifikatzaileak herriko helbidea badakar, bizilekua frogatuta geldituko da. Ez badakar helbiderik, edo beste herri batekoa bada, hautesleak bere bizilekua egiaztatu beharko du, errolda agiria erakutsiz —2013-01-01eko data baino lehenagokoa ezingo da izan—.

5. Bozkalekua

—Bi gela izango dira, arduradun banarekin, ordena, bozketa eta zenbaketa zaintzeko.

—Ez da onartuko Euskal Herriaren independentziaren aldeko zein kontrako lelo, kartel, irudi eta ikurrik, ezta ikurrinik eta Espainiako banderarik ere.

—Gelak jabetza pribatukoak izan beharko dira.

—Hauteskunde mahai bakoitza hiru kidez osatuko da: mahaiburua eta bi bokal. Guztiak, boluntarioak. Prestakuntza jasoko dute aurrez.

6. Bozketako ordutegia

09:00-20:00 artean izango da.

7. Errolda publikorik ez

Ezin da estatuko nahiz herriko erroldarik erabili. Ondorioz, sistema informatiko bat erabiliko da inork behin baino gehiagotan ez duela bozkatu bermatzeko.

8. Ikuskatzaileak eta behatzaileak

Etxarri Aranazko udal taldeek ikuskatzaileak izendatu ahalko dituzte. Behatzaileak ere egongo dira apirilaren 13an, haiek ere gardentasuna egiazta dezaten.

9. Boto kontaketa

Botoen zenbaketa egindakoan, emaitzaren akta idatziko da. Mahaiko kideen eta behatzaileen oharrak jaso ahalko dira.

10. Gatazken konponbidea

Galdeketan sor daitekeen edozein gatazkari A13 antolatzaile taldeak emango dio konponbidea. 30 eguneko epea izango du.

11. Erantzukizun kriminala

Herri galdeketako prozesuan parte hartu eta akta eta izenpetutako liburuetan «gezurra» esaten duten pertsonek agirien faltsutzearekin loturiko delitua eginez gero, Espainiako Zigor Kodean ezarritako zigorrik handiena eskatuko da haientzat.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Javier Esparza izango da hirugarren aldiz eskuinaren lehendakarigai hurrengo foru bozetan. ©BERRIA

Esparza berriro izanen da hautagai foru hauteskundeetan

Joxerra Senar

Kontseilu Politikoko kideen %91ko babesarekin, aise irabazi dio lehia Juan Miguel Rubio beste hautagaiari, eta foru hauteskundeetan eskuinaren zerrendaburu izango da berriz ere

EH Baiko bozeramaileek egindako agerraldia, atzo, Baionan. ©GUILLAUME FAUVEAU

EH Bai Frantziako Legebiltzarreko bozetara aurkeztuko da

Oihana Teyseyre Koskarat

Iparraldeko barruti guztietan izanen dituzte hautagaiak. Gogoeta prozesu bat abiatu dute

Eneko Andueza, artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / Foku

PSE-EEk eta Ahal Dugu-k asmoa adierazi dute elkarren arteko harremanak indartzeko

Berria

Anduezak eta Garridok lan erreformaren aldaketa defendatu dute, eta EAJren eta EH Bilduren jarrera kritikatu.

Sorturen bigarren kongresuko itxiera batzarreko irudi bat. 2017an egin zuten. ©Monika del Valle / FOKU

Sortuk «independentziarako konpromisoa» berretsiko du hilaren 22an

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Hirugarren kongresuko itxiera batzarra eginen dute, Bilboko Bizkaia frontoian. Nazio Kontseilua eta Nazio Idazkaritza osatuko dituzten kideen izenak orduan jakinaraziko dituzte. «Aldaketa politiko eta sozialerako borroka indartu» nahi dute datozen hilabeteotan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.