'Bateragune auzia'. Manifestazio nazionala

Herritarrek eman dute auziaren epaia: absoluzioa

Milaka pertsona elkartu dira Donostian, herritar talde batek 'Bateragune auziaren' karietara deitutako manifestazioanOrdezkari politiko ugari izan dira protestan, Gipuzkoako ahaldun nagusia tartean

jon olano
Donostia
2011ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Epaiketa politikoen aurkako eta Bateragune auzian epaituak izaten ari direnen absoluzioaren aldeko oihu ozena entzun zen atzo Donostian, milaka pertsonak bat egin baitzuten herritar talde batek deitutako nazio manifestazioarekin. Epaiketa politikorik ez, aterabideak aurrera lelopean, Donostiako Antiguako tuneletik bulebarrera doan ibilbidea zeharkatu zuten milaka pertsonak, Arnaldo Otegiren, Rafa Diezen, Sonia Jazintoren, Amaia Esnalen, Miren Zabaletaren, Mañel Serraren, Arkaitz Rodriguezen eta Txelui Morenoren absoluzioa eskatzeko eta horiei elkartasuna adierazteko.

Manifestazioa abiatu baino ordu batzuk lehenago Antiguara ailegatutako autobus andanak iragartzen zuen atzokoa ez zela mobilizazio txikia izango. Kontxako eta Ondarretako hondartzak betetzera gonbidatzen zuen eguraldiak, baina hondartza tentazioek ez zuten manifestaldiaren tamainan eragin. 17:30erako zegoen deitua mnifestazioa, baina ordu laurdeneko atzerapenarekin abiatu ziren elkartutakoak. Ordurako, Kontxako pasealekuko bide bazterrak jendez gainezka zeuden. Tuneleko atarian pankarta zabaldu, eta orduantxe hasi zuten ibilaldia. Ezohiko zarata ateratzen zuten txaloek manifestazioa tunel barnetik igarotzen ari zen bitartean.

Eragile politikoen ordezkaritza zabala izan zen manifestazioko lehen lerroetan: besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Aitor Bezares, Rufi Etxeberria eta Joseba Alvarez ezker abertzaleko kideak, Oscar Matute Alternatibako koordinatzailea, Maiorga Ramirez EAko Nafarroako burua, Aralarreko Patxi Zabaleta, Jon Abril eta Rebeka Ubera, Abertzaleen Batasuneko kide Mertxe Colina eta Lokarriko buru Paul Rios. Guztien artean, protagonismo berezia izan zuten lauk: Diezek, Esnalek, Serrak eta Morenok. Auzipetuen artean aske daudenak dira. Gainera, beste alor batzuetako pertsonak ere bertaratu ziren manifestaziora, Iñaki Antiguedad, Josu Txueka eta Ramon ZalloEHUko irakasleak eta Xabier Oleaga eta Joxean Agirre kazetariak tartean.

Kolorea nagusi

Manifestazio koloretsua izan zen atzokoa, Eleak-ek globo laranjak banatu baitzituen bertaratutakoen artean. Pankarta eskuan zeramatenek txalo artean egin zituzten lehenengo urratsak, eta txalo horiek ez zuten ia etenik izan manifestazioa San Martin kalera iritsi zen arte. Kale horretara ailegatu baino metro gutxi batzuk lehenago ari zen manifestaldiaren amaiera Antiguako tunela atzean uzten.

Puxikek eragindakoa ez zen manifestaldian ikusitako kolore erakustaldi bakarra izan; izan ere, bandera ugari haizeratu ziren ibilbidean zehar. Ikurrinaz eta Nafarroako erresumako banderaz gain, Galiziakoa eta euskal presoak etxeratzearen aldekoa ere ikusi ziren. Mikel Martin EHGAMeko kidea ere mobilizazioan izan zen, gay eta lesbianen eskubideen aldeko bandera eskuan zuela.

Hasiera batean manifestazioa Donostian eginiko beste batzuk baino laburragoa izango zela bazirudien ere, aurrera egin ahala luzatuz joan zen. Bide bazterretan pilatutako jendetzak manifestazioarekin bat egiten zuen heinean luzatu zen manifestazioa. Isiluneak oihu eta txalo zaratarekin tartekatu ziren. Presoen aldeko deiadarrek apenas izan zuten etenik ibilbide osoan zehar, eta independentziaren aldeko oihuak ere entzun ziren.

Eleak mugimenduko eta euskal presoen aldeko pegatinak ikusgai zeuden elkartutako askoren jantzietan. 18:20 aldera iritsi zen manifestazio burua Artzain Onaren enparantzara. Bertan, Epaiketa politikorik ez zioen pankarta bat zuten zain. Plaza horretan ez ziren gutxi bide bazterrean manifestaldiari argazkiak egin zizkioten herritarrak eta turistak. «Zergatik ari dira protestan?» galdetzen zuten Brasildik etorritako bi gaztek.

Ia kilometro bateko tartea

Ertzaintzaren bi furgonetak eta Donostiako Udaltzaingoaren beste horrenbeste ibilgailuk eta motok irekitzen zien bidea manifestariei. Ertzainen beste bi furgonetak amaitutzat ematen zuten manifestazioa, baina tarte nabarmena zegoen hasierakoen eta amaierakoen artean. Manifestazioaren burua Bulebarreko kiosko parera iristear zegoela, amaierakoek metro batzuk falta zituzten oraindik San Martin kalearen eta Foru pasealekuaren arteko bidegurutzea hartzeko. 900 metroko tartea dago, gutxi gorabehera, bi puntuen artean.

18:45ak ziren manifestazioa Bulebarreko kioskora iritsi zenean. Guztira, ordubete justu behar izan zuten batutakoek ibilbide osoa egiteko. Amaieran, ekitaldi politikoa egin eta ohar bat irakurri zuten, manifestari guztiak Bulebarrera iristen ari ziren bitartean. Kontxita Beitia irakaslea arduratu zen agiria euskaraz irakurtzea, eta Oleagak, berriz, gazteleraz irakurri zuen. 19:00ak igarota zeudela amaitu zen ekitaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.