urtzi urkizu
Donostiako 60. Zinemaldia. Basquewood

Rol txiki bat maitasunez

2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Fikziozko euskarazko hiru film proiektatu ziren iaz Zinemaldian (Arriya, Bi anai eta Urte berri on, amona!). Bakarra izango da aurtengoa: Bypass. Nahiz eta euskarazko beste zinta batzuk egon diren aurten aretoetan. Edonola ere, konformatu beharko dugu urtean bat behintzat baldin badaukagu. Ez dezagun behintzat berriro 1993tik 2005erako basamortu lehor sakon hura berriro bizi. Aupa Etxebeste! apartarekin amaitu zen basamortu hura, Patrizio Etxebeste enpresaburu eta alkategaiaren familiaren gorabeherekin. Ramon Agirrek jokatu zuen rol hura, eta ordutik hainbat pertsonaia utzi dizkigu telebistan, antzerkian zein zineman. Askotan protagonista. Txikia, txikia da oso Michael Hanekeren Amour drama gordinean jokatzen duen rola. Baina ezingo dugu ukatu ematen digun poza aktore donostiar bat Fipresci saria jasotzen ikusteak. Cannesen Urrezko Palma irabazi zuen zintan Agirre ikusteak. Protagonisten bizilaguna da, eta bizpahiru aldiz baino ez da agertzen, sinesgarri. Eta, hain zuzen ere, hala gertatzen da Ramon bere rol gehienetan. Espero dezagun hemendik 25 urtera aktore donostiarra, Jean-Louis Trintignant aktore bikaina bezala, adineko pertsonaietan ikusteko aukera izatea. Sekulakoa da Trintignantek Hanekeren zintan egiten duen lana, edozein antzerki eskolatan erakusteko modukoa. Eta halakoen ondoan Agirre txiki ikusten badugu ere, etorkizunari begira jarriz bigarren mailako rol batek ateak ireki ditzakeela argi sumatzen da. Apaltasunez esan zigun goizean ez zeukala filmean egindako lanaz kontu askorik esateko. Baina nork daki? Orain frantsesez entzun dugun bezala, agian ingelesez ekoizpen erraldoi horietako batean entzungo dugu noizbait.

Oraingoz, datorren astelehenean IƱaki Elizaldek zuzendutako Baztan filmean ikusiko dugu. Hor ere rol txiki batean, antza denez. Baina jakina da detaile txikiek egiten dituztela handi zeluloide obrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.