martxelo otamendi
Katalunia. Burujabetzaren bidean (eta VI). Analisia

Ulertu nahi duenarentzat

2013ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Garbi, eta sendo, ari da hitz egiten azken urteotan Kataluniako

subiranismoa, ulertu nahi duenarentzat. 2010eko manifestazio handian, iazko Diadako manifestazio ikaragarrian eta atzoko giza kate amaigabean; ulertu nahi duenarentzat.

Nago ni, gainera, jendetza horrek bereziki Kataluniako Gobernuari eta klase politikoari bidaltzen dizkiela mezuak; baita ere, noski, Espainiako Gobernuari, eta neurri txikiago batean, nazioarteko diplomaziari eta komunikabideei. Baina hartzaile nagusiak Generalitat eta CiU dira; are gehiago aste honetan Catalunya Radion Masek esandakoen ondoren.

Azken bi urteotan familia osoak ikusi dira, aitona-amonak, gurasoak eta bilobak. Festa giroan, senyera izarduna bizkarrean, independentziaren aldeko oihuak botaz. Klase sozial guztietako jendea eta belaunaldi denak elkarrekin. Hori kontuan eduki behar du Kataluniako etorkizun politiko eta nazionala marrazteko ardura daukanak, eta eduki nahiko lukeen orok. Prou (aski da) esan dute herritar horiek, belaunaldi galdua osatzen duten horiek, adieraziz ez dutela ezer onartuko independentzia ez denik. Alegia, berandu dela itun fiskalaren bila joateko, berandu inoiz emango ez dieten kontzertu ekonomikoa lortzen saiatzeko. Independentziarekin bakarrik aseko direla, nahiko denbora eduki dutela Espainiako gobernuek (Zapaterok ezer gutxi egin zuen) erdibideko irteerak eskaintzeko. Independentzia dela irteera bakarra.

Zer bide gelditzen zaio Espainiako Gobernuari borondate desberdinez baina helburu beraz osatutako olatu hori indargabetzeko? Bi aukera dauzka.

Lehena, sedukzioa, eta bigarrena, Mas eta CiU orain dauden arrastotik ateratzea, behar diren estrategiak erabiliz. Sedukzioarena zaila dauka Madrilek, ez du sekula praktikatu, eta, ondorioz, ez daki nola egiten den. Gainera, sedukzio diplomatikoa urte askoko lanaren ondorioa da, ez euli baten bizitzak irauten duen denbora laburrean ikas litekeen teknika.

Eta nola atera Mas eta CiU arrasto horretatik? Nola lor lezake hori diruz oso urri dabilen Espainiako Gobernuak? Zer itun eskain liezaieke? Zeren truke? Kataluniako indar finantziero eta mediatiko espainiarzaleak erabil ditzake, edo erabiltzen ari da, bitartekari gisa; baina Rajoyren jarrera itxiak asko zailtzen die dirudun katalan horiei bitartekaritza. Oso zaila daukate katalan faktiko horiek Rajoyren jokabide ukatzailea defenditzea Kataluniako iritzi publikoaren aurrean, katalanak erabakitzeko heldutasuna ez daukaten ume heldugabetzat jotzen dituelako.

Beraz, lehendabiziko lana Rajoyk diskurtsoa pixka bat zabaltzea litzateke, haren lagun katalanek bitartekari lana errazagoa eduki dezaten. Horregatik du berebiziko garrantzia Rajoyk Masi zor dion idatzizko erantzunak. Gogoratu uda aurretik bidali ziola eskutitza Masek Rajoyri hizketarako jarrera erakutsiz, eta Rajoyk ez diola oraindik erantzun.

Masek Catalunya Radion esandakoa puzzle horren pieza bat izan ote den aurki jakingo dugu.

Pozik egongo dira Udalbiltzakoak atzoko giza katearen antolatzaileak, ANCk, eman zien mailarekin. Sant Jaume plazan, Kataluniako erakunde publikoen tartean jarri zituzten, Euskal Herriko ordezkaritzaren papera eskainita. Eusko Jaurlaritza ez da agertu ere egin, nahiz askotan «euskal herritar guztien gobernua» eta «euskal herritar guztien lehendakaria» gisakoak erabili.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.