Europako hauteskundeak. Kanpaina

CUPekin ez, baina bai CUPekoekin

David Fernandez legebiltzarkideak EH Bilduk Donostian egindako ekitaldian parte hartu du

enekoitz esnaola
Donostia
2014ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
CUP Herrialde Katalanetako ezkerreko alderdi independentistak duela bi hilabete erabaki zuen ez aurkeztea Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetara. Kontseilu Politikoaren batzar batean hartu zuen erabakia; oso kritiko azaldu zen Europako politikarekiko. Hala, EH Bildurekin batera aurkeztea eragotzi zuen hautuak, eta, ERCk ordurako bakarrik joatea erabakia zuenez, Euskal Herriko ezkerreko koalizio independentista katalana aliaturik gabe geratu zen.

Baina EH Bilduko —batik bat, Sortuko— eta CUPeko ordezkari nagusien artean hartu-eman pertsonal eta politiko handia dago, eta CUPeko kide esanguratsu batzuk euskal koalizioaren kanpainan parte hartzen ari dira. Atzo David Fernandez CUPeko Kataluniako legebiltzarkide eta bozeramailea Donostiako Konstituzio plazan EH Bilduk egindako ekitaldian egon zen, eta hizlarietako bat izan zen, gainera. Gaur, berriz, koalizioak Bartzelonan ekitaldia egingo du, eta bertan ere CUPeko partaide bat mintzatuko da: Gabriela Serra.

EH Bilduri emaitzarik onena opa diola esan zuen Fernandezek atzo. Pluralean mintzatu zen: «Elkarri aldagaitza den babesa ematen diogulako gara gaur hemen. Zuekin gaude». Kataluniako azken hauteskundeetan Arnaldo Otegi ezker abertzalekokideak CUPi emandako sostengua gogoratu zuen Fernandezek. Halaber, EH Bilduk eta CUPek Europako politika ekonomiko eta sozialari kritika bera egiten diotela nabarmendu zuen. «Edo herrien ordua da edo merkatuen tiraniarena».

CUP gaur egun Katalunian boto aldetik ere bada nor. 1987an eratu zen alderdi politiko gisa, eta udal hauteskundeetan ibilbide bat egin ostean —eta gero eta ordezkaritza handiagoa eskuratu— 2012an erabaki zuen lehen aldiz aurkeztea Kataluniako Legebiltzarreko bozetara. 126.200 boto jaso zituen —% 3,4ko babesa—: hiru parlamentari. Harrezkero plazaratutako inkestetan haren ordezkaritza sei aulkitaraino igo izan dute.

Donostiako ekitaldian Josu Juaristi EH Bilduren hautagaitzako zerrendaburuak eta Xavier Camposek (BNG) ere hitz egin zuten. «Euskal Herria independente baten aldeko bozka baliagarri bakarra EH Bildurena da», zioen Juaristik, eta gaineratu zuen euskal estatua Europan eraikitzeko bidea Galiziako eta Kataluniako herriekin batera egin nahi dutela. Camposek erabaki eskubidea aldarrikatu zuen, besteak beste politika neoliberalei aurre egin ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.