Aske Gunea. Manifestazioa

Hesien kontrako harresi bat

Gazteak kartzelatzearen aurka, Martuteneko kartzelara joan dira ehunka pertsona; zigorra jaso dezaketen hainbat gazte babestu dituzteDonostian sorturiko harresiari eutsi beharra dagoela berretsi dute: «Hori da gure indarra»

Zigorra jasateko arriskuan dauden gazteak alderik alde babestuta, elkarri helduta irudikatu zuten harresia atzoko martxan, Martuteneko espetxearen parean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2013ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Eskuak lotuta, hatzak elkarri gurutzatuta osatu dute atxiloketen eta espetxeratzeen aurkako sarea azken egunetan Donostian. Aske Gunea. Kartzelatzeko aginduarekin zeuden zortzi gazteetatik sei preso hartu zituzten, baina haiek babesteko sortutako harresiari eusteko eskatu dute. Eskuak lotuta inor gehiago joan ez dadin, inor ez dadin aritu hatzak gurutzatzen, noiz tokatuko ote zaion. «Herri harresia da gure indarra», esan dute.

Hamabi eguneko bidea ostiral goizaldera eten zuen Ertzaintzak: Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta, zortzi gazte atxilotzera joan zen Bulebarrera. Ehunka lagunek osaturiko hesia zulatu zuten poliziek, zortzi zigortuetatik seirengana iristeko. Kartzelan dira jada. Zaballan (Araba) daude lau: Aitor Olaizola, Egoi Alberdi, Ekaitz Ezkerra eta Adur Fernandez. Basaurin (Bizkaia), bi: Mikel Arretxe eta Oier Lorente. Nahikari Otaegi eta Imanol Vicente, ostera, atxilotzeko zeuden atzo gauez.

Biharamuna, aurreko egunetako arrastorik ez zen atzo Bulebarrean. Aske Gunea desegin dute: isildu dira musika hotsak, bildu dituzte kanpin dendak, hustu dute kalea. Hustuta ere eusteko, kanpalekua deseginda ere sortutako elkartasuna ez desegiteko, mezu hori zabaldu zuten Ertzaintza joan ondoren ere Aske Gunean. Biltzeko deia egin zuten atzo eguerdi alderako, eta jendetzak erantzun zuen beste behin. Bulebarra bera abiapuntutzat harturik, Martuteneko kartzelaraino joan ziren, hesien aurkako harresia irudikatuz.

Jarraitu egin behar dutela nabarmendu zuten. «Hau oraindik ez da bukatu. Epaiketa asko datoz oraindik», ohartarazi zuen Urko Pikazak. Zigortutako gazteekin batera epaitu zuten, eta libre utzi. Bulebarrean, lurrean eserita, agerraldi bat egin zuten guztiek batera, martxa abiatu baino lehenago.

Zigortutako zortzi gazteak babesteko izan dira hamabi egun, baina askoz gehiago badira: auzi politikoengatik, berrehun bat lagun daude zigorra jasateko arriskuan. Kasu horietan nahastu dituzten gazteei eman zieten hitza, hain zuzen ere, atzoko ekitaldian. Babesa azaltzeko deia egin zuten haiek ere. «Herri honek ezin du bere gain hartu arrazoi politikoengatik gazteak epaitu eta espetxeratzen segitzea. Konpromisoa hartu beharra dago», nabarmendu zuen Aitziber Plazaolak. Segiko kide izatea egotzita atxilotu zuten hura ere, Izpuran (Nafarroa Beherea) itxialdi bat egin eta gero.

Ehunka eta ehunka gazteren eta EH Bildu koalizioko kideen aurrean mintzatu ziren. Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak ere baziren: Garbiñe Errekondo, Helena Franco, Jon Peli Uriguen eta Ander Rodriguez diputatuak.

Zigortuta edo zigorbidean dauden gazteei babesa agertu zien aldundiak, Rodriguezen ahotan. «Onartezina da lan politikoa egiteagatik inor zigortzea. Iraganekoak izan beharko lukete horrelako gertaerek, eta behingoz gainditzeko deia egiten du aldundiak».

«Izugarrizko lorpena»

Herritarrek hesia osatzea jo zuten horretarako bide, eta horixe irudikatu zuten manifestazioan. Zigorra jasateko arriskuan dauden gazteak erdian hartu zituzten, eta alderik alde babestu zituzten kamiseta laranjak jantzitako manifestariek. Elkarri eskutik helduta egin zuten bidea, harresi bat osatzen ari zirela irudikatuz. «Izugarrizko lorpena egin dugu: eskubide zibil eta politikoen urraketa salatzeko herri harresia». Ertzaintzaren aurkako eta atxilotuen aldeko oihuz osatu zuten ibilbidea.

Jende gehiago biltzen joan zen bideak aurrera egin ahala; Egian eta Loiolan, adibidez, erosketetan ari zen jendeak txalo joka hartu zuen manifestazioa, eta batu ere egin ziren dozenaka. Horrek daukan indarra hartu zuten gogoan manifestazio amaieran, Martuteneko kartzelara iritsi zirenean. «Pauso bat gehiago emateko garaia da: solidaritatetik, konpromiso pertsonal eta kolektibora jo behar dugu, gure eskubideak defendatzeko». Nazioarteko hainbat gazte taldek sinatutako agiri bat irakurri zuten. Eredugarritzat jo zuten Bulebarreko Aske Gunea. «Olatu hori handitzea nahi dugu».

Desobedientziaren bideak izandako arrakastaz aritu zen kartzela parean Eleak mugimenduko ordezkari Txerra Bolinaga. «Irabazi egin dugu, haien [ertzainen] indarkeriaren aurrean desobedientzia zibilaren eta erresistentziaren bidearekin erantzun baitugu. Ez gara erori probokazioetan». Haren ustez, hori nahi zuen Poliziak, «era basatian eraso egiteko».

Eusko Jaurlaritzari eta EAJri maiz eskatu diote azken egunetan ez onartzeko epailearen agindua eta ez atxilotzeko gazteak. Ez du bere egin eskari hori, baina berriro ere eskua luzatu zioten, bai baitakite gisa bereko egoerak berandu baino lehen izango direla berriro ere. «Espainiarekiko morrontza alde batera utzi, eta guztion artean eskubide zibil eta politiko guztiak lortzera eramango gaituen herri harresiaren osaketan parte hartzeko eskatzen diogu». Nazioarteko gazte taldeek helburu hori aipatu zuten: «Berriro konkistatu behar ditugu inoiz galdu behar ez genituen eskubideak».

Ziegetatik entzun zituzten hitzak, eta preso batzuk atera ziren leihora. Ekaitz Ibero zen bat, Aske Gunean atxilotua; oihuak egin zituen. Azken sei kartzelatuek ezin izan dute. Banatu dituzte jadanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.