Krisia Nafarroan

Nafarroan PSOE... PSOE da

PSNko buruzagitzarekin bat eginez Lurralde Batzordearen gehiengoak PSOEren erabakia onartu eta «berriz aztertzeko» eskatu dioBatzordean 80 kidek alde bozkatu dute, 45 abstenitu dira eta zazpik aurka egin dute

Roberto Jimenez PSNko burua, atzo eguerdian, egoitzaren atarian. VILLAR LOPEZ / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2014ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Azkenean bere hitza jan du. «Nafarroan PSOE ni naiz», esan zuen Roberto Jimenez idazkari nagusiak iragan otsailaren 13an Barcina gobernutik kentzeko saioa defenditzeko orduan. Hilabete beranduago, saioa ezerezean amaitu da Ferrazek ezezkoa eman ziolako herenegun gauean, baina Roberto Jimenez eta PSNko zuzendaritzak ezer gertatu ez balitz bezala jokatu zuten atzo PSNko lurralde batzordean. Kanpoan ehunka herritarrek euren haserrea adierazten zuten bitartean, barruan PSNko hainbat militanteak erantzukizun politikoak eskatu zituzten. Proposamen hori, ordea, ez zuen zuzendaritzak aintzat hartu ere egin. Aitzitik, PSNko zuzendaritzak burua makurtu eta PSOEren erabakia onartzearen alde egin zuen berriro. Lurralde Batzordean 160 militante zeuden:zuzendaritzaren proposamenari bildutakoen erdiak babesa eman zion (80 boto alde). Zazpi kidek kontra bozkatu zuten, 45 kide abstenitu ziren eta 28 pertsonek ez zuten botorik eman, bozketaren aurretik atera zirelako.

Lurralde Batzorde erabakigarria 18:30etan hasi zen, baina aurretik, 17:00etan, PSNko zuzendaritza bildu zen. Han ziren, besteak beste, Roberto Jimenez, Juan Jose Lizarbe, Elena Torres, Maria Chivite, Maite Esporrin eta Javier Monzon. Lurralde Batzordera eraman beharreko testua finkatu zuen zuzendaritzak. Dokumentuak bost puntu zituen. Euren kontraesana hain agerikoa izaki, lehen bi puntuetan azken egunetako ikuspuntua berretsi du.Hala, ikerketa batzordearen ondorioak «bere» egin eta Yolanda Barcina presidenteari exijitu zioten dimisioa aurkezteko.

Auzia ez zen hori, ordea. PSOEko zuzendaritza federalak zentsura mozioa ez babesteko debekua onartzen zuten zen erabaki beharrekoa. Horren aurrean, zuzendaritzak gogorarazi du PSOEren federazioko kide dela PSN: «Horrenbestez, federazioko kide gisa jokatuko du eta estatutuek adierazi bezala, Alderdiaren erabakiei men egingo die. Hala ere, Zuzendaritza Federalak hartutako erabakiarekin bere ezadostasuna adierazten du». PSOEri bere jarrera «berriz aztertzeko» eskatzen dio. PSNk gaineratzen du Barcina erlazio politikoetarako «ezgai» bihurtu dela. Azken puntuan, PSNk «aldaketa politikoa gauzatzeko konprometituta» jarraitzen duela gaineratzen du.

Sektore kritikoaren eskaera

18:30ean, PSNko militante andana gerturatu zen Sarasate pasealekuko egoitzara. Bertan ziren sektore kritikoko bi aurpegi ezagunenak: Amanda Acedo Tafallako hautetsi eta parlamentari ohia eta Manuel Campillo Tuterako zinegotzia. Biek 2008ko eta 2012ko PSNko kongresuetan Roberto Jimenezekin lehiatu eta galdu egin zuten. Batzordean ziren ere Jose Manias VWko langileen batzordeko burua (UGT); Mari Carmen Otxoa, Maria Victoria Arraiza eta Pedro Rascon parlamentariak; Anai Astiz gobernuko kontseilari ohia; Francisco Javier Sanz senatari ohia; eta Jose Luis Izco Antolamendu idazkari ohia...

Batzordeak oso luze jo zuen, eta gutxienez hogei pertsona baino gehiagok eskatu zuten hitza. Sektore kritikoak proposamen bat aurkeztu nahi izan zuen, baina zuzendaritzak aintzat hartu ere zuen egin. Proposamena ez zen bozkatu.

Bertan, sektore horrek berresten du bozak aurreratzeko premia dagoela eta PSNren zuzendaritzaren jarrera gaitzetsi du, «gainerako alderdiei bete ezin zen itxaropena emateagatik» eta bere eskumenen gainetik erabakiak hartu nahi izateagatik. Era berean, Roberto Jimenez gaitzestea proposatu dute,Nafarroan PSOE bera dela esateagatik eta Barcinak dimisioa aurkeztu ezean Parlamentutik «bota» egingo zutela esateagatik. «Adierazpenok onartezinak dira erregimen demokratiko batean». Sektore kritiko horren arabera, PSNk egunotan antolatutako bilera sailak ere «antzezpena» baino ez dira izan, «aldez aurretik bazekitelako benetako alternatiba eraikitzea ezinezkoa zela baldin eta oposizioko talde bat [Bildu] kanpoan uzten bazen».

Hala, sektore kritiko horrek Roberto Jimenezen eta PSNko zuzendaritza batzordearen dimisioa eskatu du. «Hori da bide bakarra alderdiak bere irudia berreskuratu dezan». Era berean, PSOEko zuzendaritza federalari eskatu diote batzorde gestore bat izendatzeko harik eta zuzendaritza berria osatu arte. Eskaera aintzat hartu ez denez zuzendaritzaren proposamenaren aurrean abstenitzea erabaki dute.

Bilera itxia izan da, baina xehetasun batzuk helarazi dizkiete kazetariei militanteek. Bilera barruan, Roberto Jimenezek defenditu du Yolanda Barcinari presio egiteko asmoz egin zituela otsailaren 12ko adierazpen haiek — «ez badu alde egiten, bota egingo dugu», esan zuen orduan—. Aditzera eman du ere Ferrazek burofax bidez mehatxatu duela PSN. Lurralde Batzordeak men ez eginez gero, PSN desegitea erabakitzeko prest zegoen. Mehatxua ez da bete, PSNk men egin duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.