Azpiegiturak

Handiak, garestiegiak agian

Azpiegitura ugari eraikitzea eta mantentzea zulo sakona eragiten ari da aurrekontu publikoetan. Herritarren premiei erantzuteko behar zen baino handiagoak egin zituzten, eta ez dituzte bete helburu ekonomikoak.

jon olano
2012ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Interes orokorra, lehiakortasunerako apustu estrategikoa eta antzeko argudioak erabili izan dira, urte askoan, azpiegitura handiak eraikitzeko. Neurrigabeko hazkundearen filosofiak garai oparoak izan ditu, eta oraindik ere baditu, baina, gauzak egiteko era horri aurre egin dioten talde ekologistek ez ezik, beste faktore batek ere auzitan jarri ditu azpiegitura proiektu handi horietako batzuk: ez dira ekonomikoki bideragarriak, eta ondasun publikoari zulo sakona eragiten diote.

Hamaika adibide daude, eta garraio azpiegiturak dira filosofia horren paradigma. Errepideek—Bilboko hegoaldeko ingurabidea, AP-1a, Donostiako bigarren ingurabidea—, aireportuek—Noaingoa handitzea— eta sortzeko bidean den abiadura handiko trenak aditzera ematen dute handia eta errentagarritasuna hitzak ez direla sinonimo, sarritan antonimo baizik. Hori, baina, ez da gertatzen soilik garraioei lotutako proiektuekin. Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazoka handiak ez du Irungo (Gipuzkoa) Ficobak bezain egoera ekonomiko ona, esaterako.

Noaingo aireportua

Bost aireportu daude Euskal Herrian, eta datu etsigarriak ditu Noaingoak (Nafarroa), bost urtean etengabe jaitsi baita bidaiari kopurua. 500.097 bidaiari izan ziren Noainen 2007an; 434.477, 2008an; 335.612, 2009an; 291.553, 2010ean; eta 238.380 iaz. Bost urtean, erdia baino gehiago (%53) murriztu da bidaiari kopurua, eta ez dirudi zifra horrek luze gabe hobera egingo duenik; Iberiak otsailaren 8an iragarri zuenez, hegaldi bat gutxiago egingo du Noainen. Iberiaren aurretik, 2008an, Portugalgo TAP hegazkin konpainak eta Herrialde Katalanetako Spanairrek bertan behera utzi zituzten Noaingo hegaldiak, errentagarritasun falta argudiatuta.

Bidaiariek ez ezik, aireportua handitzeko lanek ere eragin dute zuloa azpiegitura kontuetan.45 milioi euro gastatuta, urtean 1,1 milioi bidaiari hartzeko ahalmena zuen terminal bat eraikitzeko agindua eman zuen Espainiako Gobernuak 2007an, artean bidaiari kopurua oparoa zenean. Pista luzatu, kontrol dorre berri bat egin, ehun auto gehiagorentzako aparkaleku bat egin eta lehengoa baino hiru bider handiagoa den terminal bat eraiki du Espainiako Gobernuak. Urtez urteko datuek, berriz, agerian utzi dute ez zela horren beharrik.

Bilbao Exhibition Centre

Bilbao Exhibition Centre Barakaldoko erakustazokaren egoera ekonomikoa «larria» da. Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Bernabe Undak esan zuen hori, aurtengo urtarrilaren 21ean.BECek 2004an izan zituen irabaziak aurreneko aldiz, baina, ordutik hona, bi urtetan soilik izan du balantze positiboa: 2006an eta 2008an; hain zuzen, makina erramintaren azoka egin den urteetan. Gainerakoetan, galerak besterik ez du izan BECek. Erakustazokaren jardunean soilik,35 milioi euro galdu ditu 2004tik, eta horri gehitu behar zaio eraikina finantzatzeko kredituen ordainketa. Guztira, 360 milioi euroko zorra. Datu gehiago: 663 milioi euro dira diru publikoarekin ordaindu dena eta ordaintzeko falta dena batuz gero. Kredituen zorra 2027rako kitatzeko asmoa dute.

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak dute akzio gehien —%46,52 bakoitzak—, eta haiek dute zorra kitatzeko ardura. Defizit horrek isla du, beraz, erakunde horietako aurrekontuetan; 2012an, hamabina milioi euro emango dituzte Jaurlaritzak eta aldundiak BECen jarduna sustatzeko, eta 2027ra arte diru kopuru hori ematen segitzeko asmoa dute batak zein besteak.

Bilbo hegoaldeko saihesbidea

Egun, Euskal Herrian martxan dagoen azpiegiturarik garestiena da Bilbo hegoaldeko saihesbidea, Supersur esaten zaiona. Iazko irailaren 10ean ireki zuten errepidearen aurreneko tartea, Bilbo eta Trapagaran artekoa, lau urteko lanen eta 900 milioi euroko gastuaren ondoren. Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoa zen A-8tik igarotzen diren kamioiek errepide berria erabiltzea eta A-8a erosoagoa egitea, baina, bost hilabete igaro eta gero, ez zaizkio kontuak ateratzen. Diputazioaren iragarpenen arabera, 9.400 kamioi ziren egunean bide berritik igarotzekoak, baina 3.200 eta 3.800 artean baino ez dira pasatzen; ia herenak baino ez.

Bidesariek eragina dute errepidearen erabileran. Prezioa dela eta, Bilboko ingurabidea saihestu eta A-8a erabiltzen jarraitzen dute kamioilariek. Iazko urriaren 15etik, %35eko beherapena dute bide berria erabiltzeagatik, baina zifrak ez du hobera egin. Bidesaririk gabe, aldundiak zail izango du eraikuntzaren kostua ordaintzen; bidesariekin, espero baino gutxiagok erabiltzen dute.

Los Arcosko zirkuitua

2010eko ekainean ireki zuten Nafarroako Los Arcosko auto eta motor zirkuitua, eta, urte horretan bertan, 2,6 milioi euroren galerak izan zituen; zirkuitua sortu zuen sozietatearen arabera,1,7 milioi euro irabazi eta 4,3 milioi euro galdu zituen. Zirkuituaren sozietatea 2007an osatu zuten Samaniego eraikuntza enpresak eta Nafarroako Gobernuak; kapitalaren %55 enpresa pribatuarena zen, eta %45 erakunde publikoarena. Urte horretan bertan, moldatu egin zuten zirkuituaren proiektua, hura handizeko: maila guztietako auto eta motor lasterketak egin daitezke han, 1 Formulako eta MotoGPko lehiaketak izan ezik. Proiektu berria garestiagoa izanik, Samaniegok ezin izan zion aurre egin, eta, egun, kapital guztia dago erakunde publikoaren esku.

Nafarroako Kontu Ganberaren arabera, 52 milioi euro kosta izan zen zirkuitua, eta %36 diru publikoarekin ordaindu zen. Gainera, irabazitako 1,7 milioietatik 350.000 euro Nafarroako Gobernuak berak emandako diru laguntzenak izan ziren. Zirkuituaren kontuen gaineko txosten bat egin zuen ganberak, 2010eko ekainean; ebatzi zuenez, kapitalean eta proiektuaren tamainan izandako aldaketek adierazten dute egitasmoaren «definizio falta».

AP-1

2009an amaitu zituzten Eibar (Gipuzkoa) eta Gasteiz arteko errepideko lanak. Urte hartan Bidegik jakinarazi zuenez, 700 milioi eurotik gora ordaindu zituzten Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bidegik berak herrialdeko «anbizio handieneko lan publikoa»—hala deitu zion Bidegik— egiteko. Arabak, berriz, 182,8 milioi euro pagatu zituen.

Kasu honetan, deigarria da azken inbertsioa zenbateraino aldendu den hasierako aurrekontutik. Joan den otsailaren 17an Herri Kontuen Euskal Epaitegiak ezagutarazi zuenez, adjudikatutako prezioa baino %52 gehiago ordaidu zuen Gipuzkoak Eskoriatzako eta Arrasateko iparraldeak batzeko: 55 milioi euro gehiago. Arabak ere behar baino 60 milioi euro gehiago ordaindu zituen. AP-1ak eragin du, besteak beste, Bidegiren zorra —900 milioi euro, Gipuzkoako Diputazioaren esanetan—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.