Nafarroa Bizirik taldeak alderdi abertzaleen babesa jaso du

Patxi Abasolok konkistaren bosgarren mendeurrenean egingo diren ekitaldietan parte hartzera deitu du

Alderdi abertzaleetako ordezkariak, atzo, Nafarroa Bizirik taldeko kideekin. LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
«Oso pozik gaude bildutako fruituekin». Hiru urte dira 1512-2012 Nafarroa Bizirik herri taldea «historia eta memoria berreskuratzeko asmoz» lanean hasi zela 2012ari begira, Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurranari begira. Hiru urtez, makina bat atxikipen eta hitzaldi egin ostean, atzo eragile politikoen babesa jaso zuen, eta argazki horretan izan ziren EAJ, ezker abertzalea, Aralar, EA, Bildu eta Geroa Baiko ordezkariak. Patxi Abasolo Nafarroa Bizirik taldeko eledunak, gainera, dei egin zien beste eragile politikoei bidelagun izan daitezen.

Abasolorekin batera, prentsaurrekoan izan ziren, besteak beste, ezker abertzaleko Txelui Moreno, EAko Maiorga Ramirez, EAJko Maria Solana eta Bilduko Bakartxo Ruiz.

Patxi Abasolok gogora ekarri du gaur, Nafarroaren Egunean, Orreaga fundazioak Iruñean egingo duen ekitaldia, eta harekin bat egitera dei egin du. Goizeko 11:30ean hasiko da kalejira, Udal Plazatik, eta 13:00etan ekitaldia egingo dute Burgoen plazan. Gainera, hurrengo urtean, konkistaren mendeurrenaren harira, 1512-2012 Nafarroa Bizirik taldeak antolatuko dituen ekitaldien alde agertzeko dei egin die «Nafarroa maite duten guztiei». Ekainaren 16an egingo da ekitaldi nagusia. Abasoloren ustez, erakunde ofizialek hurrengo urtera begira egin nahi dituzten ospakizunetatik harago, bada bestelako Nafarroa bat, «askotarikoa eta koloretsua», bere historiaren atal ezkutuak azaleratu nahi dituena. Hiru urteotan 29 historialarik eta 79 udalek eman diote babesa Nafarroa Bizirik taldeak 2008an kaleratu zuen agiriari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.