Biltzar Nazional Katalanak 2015erako espero du independentzia deklarazioa

ANCren bide orrian zehazten denez, Kataluniak burujabetza deklaratu beharko luke «kontsulta egin ala ez»

Ion Orzaiz.
2014ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Independentzia prozesuaren bridak hartu ditu berriz ANC Biltzar Nazional Katalanak, eta ez du balazta zapaltzeko asmorik. Estatu burujabe bat eraikitzeko bide orria prest dute dagoeneko erakundeko arduradunek, eta heldu den apirilaren 5ean bozkatuko dute osoko bilkuran. Agirian, eguna jarri diote Kataluniaren balizko independentzia deklarazioari: 2015eko apirilaren 23a. Sant Jordi eguna. Edonola ere, Kataluniako Parlamentuari dagokio prozesuaren epeak zehaztea, baina ANCren zirriborroaren arabera, egun hori «errealista» izateaz gainera, «desiragarria ere bada».

ANCko ordezkarien aburuz, kontsultaren fasea gainditu du jada Kataluniako gizarteak, eta independentzia deklarazioa zehazteko garaia heldu da. Horretarako, balizko lau testuinguru aurreikusten ditu erakundeak, egoera politikoaren arabera: bat, «plebiszitua egitea, [Espainiaren] nolabaiteko onespenarekin eta gardentasuna bermatuko duen baldintzetan»; bi, «Estatua aurka egonda ere» kontsulta egitea; hiru, Generalitateak erreferenduma antolatzeari uko egitea, «gutxieneko bermeak eta askatasun giroa antzematen ez dituelako»; eta lau, kontsultarik ez egitea, «Espainiak Generalitatea kontrolpean hartu duelako, juridikoki nahiz politikoki».

ANCren arabera, aurtengo azaroaren 9rako egitekoa den kontsultan baiezkoa gailenduko balitz, Estatuarekin negoziazio prozesu bat abiatu beharko luke Generalitateak, independentzia aldarrikatu aurretik. Hala ere, negoziazio bide guztiak amaituta adostasunik ez balego, «deklarazioa berdin-berdin egin beharko litzateke, alde bakarrez».

Madrilen debeku baten aurka Kataluniako instituzioek egin beharreko bidea ere zehazten du agiriak: «Hautetsien batzorde baten eratzea sustatu beharko litzateke. Kataluniako Parlamentuko, Espainiako gorteetako eta Europako Legebiltzarreko diputatu katalanek osatuko lukete batzorde hori, eta, herriaren ordezkari direnez gero, Kataluniaren independentzia aldarrikatu beharko lukete».

Deklarazio instituzionalaz harago doa, ordea, ANCren bide orria. Kataluniako Errepublika eraikitzeko urratsak ere aletzen ditu erakunde independentistak, eta horien artean, batzorde konstituziogile baten eraketa eta parlamentu berriko hauteskundeak aipatzen ditu. «Estatu berriko konstituzioa 2015eko irailaren 11n onartzeko helburuarekin lan egin beharko genuke», azaltzen da testuan.

Hori guztia antolatzeko, ANCk ezinbestekotzat jotzen du lanean «lehen bailehen» hastea: «Aurtengo Sant Jordi egunean abiatu nahi dugu estatu berriaren oinarriak paratuko dituen prozesu herrikoia, prestaketa lan horiek 2015eko Sant Jordirako buka daitezen». Prozesu osoa «ahal bezain parte hartzailea» izatea espero dute testuaren egileek.

Diada, mundura zabalik

Iazko Via Catalana ekinbidearen arrakastaren ostean, lan zaila du ANCk aurten ere mailari eusteko. Atzo argitaratutako dokumentuan ez da 2014ko Diadari buruzko xehetasunik ematen, baina erakundeko zenbait ordezkarik aurreratu dute Kataluniaren «independentzia oihua mundura zabaltzea» dela aurtengo helburu nagusietako bat.

Horretarako, harremana sendotu nahi dute nazioarteko erakundeekin, hedabideekin eta gizarte zibilarekin. Gaur egun, ANCk ordezkariak ditu 20 herrialdetan. Aurten, kopuru hori bikoiztu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.