Hizpideak
Justizia partitzen
Sei alde, eta bost kontra. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak boto baten aldeaz erabaki du Sortuk alderdi politikoen erregistroan izateko eskubidea zuela. Eta duela. Auzitegi Gorenak eragotzi egin zion 2010eko martxoan, Sortuk bere estatutuetan argi eta garbi adierazi arren indarkeriaren erabilera gaitzesten duela —espresuki ETA aipatuta— helburu politikoak lortzeko.
Orduan, Goreneko bederatzi magistratuk ebatzi zuten Sortu lege barruan ez onartzea, eta beste zazpik, erabaki horrekin ados ez, eta boto partikularra eman zuten. Atzo, Konstituzionalaren gehiengoarekin ados ez zeuden hiruk eman zuten gisa berean. Gorenaren pausoa bigarren aldiz aldarazi du Konstituzionalak, Bilduri ere bozetarako atea ireki baitzion iazko maiatzean, orduan ere 6-5, Gorenak itxi eta gero.
Aurrerakoi eta kontserbadore gisa aurkezten dizkigute epaile horiek, eta, salbuespen batekin, boto bera eman ohi dute talde bereko kideek. Lau epaile, baina, epea gaindituta, aldatu egin behar dituzte. Eta, oreka berri bat sortu arren, justizia partitzen jarraituko dute.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.