Aske Gunea. Atxiloketen ondorena

Kazetarien elkarteek Ertzaintzaren jarrera salatu dute

«Lekuko deserosorik ez da saihestu behar kamera eta kazetariak urrunduz», ohartarazi dute EKEk eta FAPEk

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Aurreko ostiralean Ertzaintzak Lander Arbelaitz Argia-ko kazetariaren aurka izandako jarrera jendaurrean salatu du Euskal Kazetarien Elkarteak (EKE). Arbelaitzek bere burua kazetari moduan argi eta garbi identifikatu zuen arren ertzainek lurrera bota, jo eta bultzatu zutela salatu du. Ertzainek informatzeko eskubidea urratzeko saioa egin zutela ere iradoki du Euskal Kazetarien Elkarteak. FAPE Espainiako Kazetarien Elkarteen Federazioak ere salatu du ostiralean Donostian gertatutakoa, EKE-k kaleratutako oharra bere eginda.

Bi taldeek Arbelaitzi elkartasuna helarazi diote, eta Ertzaintzaren jokabideagatik «sumina eta kezka» azaldu dute.

Informazio eskubideari buruzko hausnarketa ere plazaratu dute elkarteek: «EKEk gogorarazi die bai Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eta bai gizarteari oro har horrelako erabaki bat soilik justifikatua dagoela kazetariek poliziaren lana ez eragozteko edota beren burua arriskuan ez jartzeko. Baldintza horiek nekez ematen dira kontzentrazio baketsuetan», ohartarazi dute bai EKEk, bai FAPEk. «Ez da lekuko deserosorik saihestu behar kamerak eta berriemaileak poliziaren parte hartze tokietatik urrunduz. Gizarte demokratiko batean, kazetariek askatasun osoz mugitzeko eskubidea izan behar dute herritarren informazio eskubidea bermatu ahal izateko».

Hainbat hedabidek ere salatu dute Ertzaintzak kazetariaren aurka izandako jarrera; tartean, BERRIA egunkariko langile batzordeak, ZuZeuko erredakzioak, eta erasoa lankide duen Argia-ko zuzendariak. «ZuZeutik informatzeko eskubidearen aurkako eraso hori salatu nahi dugu», dio albistari digitalak; «grabatzen ari zena zen deserosoa».

«Herritarrak badu informatua izateko eskubidea, eta ez bakarrik Siriako , Tunisiako edo Tahir-eko irudiekin», adierazi du Argia-ko zuzendari Xabier Letonak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.