Garikoitz Goikoetxea.
Ezarian. 18. Korrika. Paperezko lekukoa

Mingaina behar du eskuak

2013ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Eskua da gakoa. Hatzak behar bezala estutzea eta bidea zuzen egitea. Babestu egin behar da, eta zaindu. Ezin du lurrera erori. Ezin da galdu. Gora altxatzea komeni da, ikus dadin hor doala; mugitzea ere egoki da, erantsita doakion ikurrina haizatzeko. Lekukoa. Zuzen segitu du Andoaindik Baionarako bidea. Ez da galdu; jendeak ikusi du non joan den. Mugitu dute bateko eta besteko eskuek. Probatu ditu zimurtutako hatzak eta leunak; izerditutako hatzak eta lehorrak. Elkar ukitzeko gai ez diren eskuek ere hartu dute lekukoa, eta utzi diote arrastoa. Eta ondo iritsi da. Zazpi herrialdeak igaro ditu, hotzak eta beroak, maldak eta zelaiak. Korrikalari askorekin edo gutxirekin, baina aurrera egin du. Iritsi da. Eraman egin dute.

Mihia da gakoa. Behar bezala dantzatzea. Babestu egin behar da, eta zaindu. Ezin da galdu. Gora altxatzea komeni da, eta mugitzea. Euskara. Bidean da oraindik. Korrika amaitu baita, baina Korrikak ez baitu amaitu. Euskarak oraindik ez baitu osatu Andoain eta Baiona arteko bidea. Bietan lanean ari badira ere, oraindik handiak baitira hotzak eta maldak, eta gutxi beroak eta zelaiak. Zazpi herrialdeak igaro nahi baititu, eta mugak baitaude.

Eskua badago. Korrikaren lekukoari begiratu. Zenbat eskutatik igaro den. Zenbat korrikaldiren buru izan den. Zenbat begi erakarri dituen. Zenbat txalo sortu duen. Eta ez zenbat bakarrik: zer korrikaldiren buru izan den, zer begi erakarri dituen eta zer txalo sortu duen. Asko bakarrik ez, askotarikoak izan baitira.

Mihia falta da. Euskararen egoerari begiratu. Zenbat mihitan dagoen. Zenbat jardunen buru den. Zenbat mihi erakartzen dituen. Zenbat txalo eragiten duen. Eta ez zenbat bakarrik:zer jardunen buru den, zer mihi erakartzen dituen eta zer txalo sortzen duen. Asko ez, eta askotarikoak ere ez.

Eskutik mihira egin behar du salto euskarak. Korrikalariek, txalo jotzen dutenek eta bide bazterrean klaxona jota pasatzen diren horiek hanketan eta eskuan adina kemen izatea mingainean. Handia da lortutakoa: lekurik erdaldunenetan ere, Korrika iristean isekarik edo keinu itsusirik ez da ikusten; kamioilari gehienak barrez eta klaxona joaz pasatzen direna Korrikaren albotik, nahiz denbora luzean atzetik joan behar izaten duten. Handia da euskarak lortzeko duena, beraz.

Korrikak lortutako adostasunaren adinakoa behar du euskarak. Lekukoari bezala, akordioen alde ere eskuak leku batean jartzea bateko eta besteko eragileek; errepideari bezala, euskararen aurrerabidean ere elkarrekin joatea lasterka, etenik hartu gabe.

Hamaika egun eta hamar gau furgonetetan joan direnen adibidea badute agintariek eta herritarrek: gidarien etengabeko martxa, hizlarien kemena eta bide bazterrean joan direnen sendotasuna. Korrikaren bidetik euskararen aurrerabidera. Eskutik mihira. Euskara elkarri ematetik euskaraz elkarri ematera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.