«Absoluzioa da epai bakarra; herritarrek ja absolbitu gaituzte»

Auzipetu guztien izenean mintzatu da Rafa Diez, Eleak mugimenduaren Aske Gunean

jon olano
Donostia
2011ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
«Epai posible bakarra absoluzioa da, eta euskal gizarteak absolbitu gaitu jada». Bateragune auzian libre dauden lau auzipetuen agerraldiarekin amaitu dute Eleak mugimenduak Donostiako Zuloaga plazan ekainaren 28tik atzo bitartean antolatutako gunea. Rafa Diezek, Txelui Morenok, Amaia Esnalek eta Mañel Serrak eskerrak eman dizkiete bost egunean gunera bildu diren guztiei, baita behin-behinean espetxean dauden Arnaldo Otegiren, Miren Zabaletaren, Sonia Jazintoren eta Arkaitz Rodriguezen izenean ere. Azaldu dutenez, Madrilen ere nabaritu dute herritarren «gertutasuna eta berotasuna», eta elkartasun hori oso garrantzitsutzat jo dute.

Gunea jendez beteta zegoela egin zuten agerraldia laurek atzo. Tasio Erkizia, Joseba Alvarez eta Joseba Permach ezker abertzaleko kideak bertan zeuden, besteak beste. Ekitaldi politikoa baino lehenago, abertzaletasunaz eta independentismoaz jardun zuten herritar ugarik Lapiko Kritikoa kolektiboko ordezkariekin. Ekitaldiaren ostean, dantza eginez amaitu zuten bost eguneko egitaraua.

«Espainia eta hark proiektu independentistari irtenbide politikoa emateko duen gaitasunik eza dira auzitan direnak», Diezen arabera. Haren iritziz, epaiketan zehar «nabarmen» utzi dute agerian poliziek argudioak «asmatu» egin dituztela eta operazioa asmo politikoekin egin zutela. Horregatik, zortzi auzipetuen aurkakoa epaiketa politikoa dela iritzi dio: «Euskal Herria aro politiko berri batera doan bitartean, Espainiak betiko errezetei eusten die».

Diez ez da fio Espainiako Auzitegi Nazionalak emango duen ebazpenaz: «Zalantza asko ditugu. Badakigu zein izan den Auzitegi Nazionalaren jarrera independentismoarekiko. Partida etxetik kanpo jokatzen dugu, eta epailea aspalditik ezagutzen dugu». Auzitegi Nazionalaren ebazpena aldekoa nahiz kontrakoa izan, hartutako konpromisoak atzeraezinak direla berretsi zuen Diezek, eta epaituek onartzen duten sententzia bakarra euskal herritarrek emandakoa dela ohartarazi zuen: «Probokazio politikoen gainetik, argi dugu zein den gure iparrorratz politikoaren norabidea».

Bestalde, auzipetuak ezker abertzaleak abiatutako apustu politikoarekin eta herritarrek epaiketari eman dioten erantzunarekin «harro» daude, Diezen arabera. Izan ere, urrats «ikaragarriak» egin eta «protagonismo berriak» sortu dituztela defendatu du. Urrats berriak egitera deituz amaitu zuen hitzaldia: «Guztiok inplikatu behar dugu eskubide guztien, bakearen eta independentismoaren alde».

Agirre, pozik

Joxean Agirre Eleak mugimenduko sustatzailea pozik da Zuloaga plazan antolatutako guneak herritarren artean bost egunean zehar izan duen harreraz. Ohiko mobilizazioez harago, gunekoa mobilizazio «formatu» berritzaile bat izan dela azpimarratu du. Formatu horrek mobilizazioa «erraldoia» izatea ahalbidetu duela erantsi du, eta haren izaera «iraunkorra» nabarmendu du. «Eskubide zibil eta politikoen alde oihu egin dugu; oihu isila, bertso bidez, abestuz eta abar». Agirreren iritziz, herritar batzuk ekitaldi politikoek «ziztatuta» bertaratu dira; beste hainbat, aldiz, arlo askotako artistek eskubide zibil eta politikoen inguruan esateko dutena ezagutzeko asmoz. Alta, guztiak eskubide horiek defendatzeko asmoz joan direlakoan da: «Milaka pertsona batu gara, iritzi askotarikoak, baina eskubide zibil eta politikoen aldekoak denak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.