Aitor Renteria.
Analisia

Bermeak behar ditu Seaskak

2013ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Prefetak bi mezu helarazi dizkio Seaskari: konponbidea atzemateko gogoa duela eta jakin behar dela gatazka bukatzen. Biak ala biak dira, ordea, ulergaitzak prefetaren partetik. Prefeta estatuaren ordezkaria delako, funtzionarioa. Legeak betearazten ditu, ez ditu bozkatzen, ez ditu proposatzen. Legea indarrean dagoena da, eta egin dezakeen gauza bakarra begiak ixtea da. Alegia, suprefetak egin duenaren aurkakoa. Baina ezin dio Seaskari berme hori eman, bere funtzioarengatik.

Gatazka bat garaiz bukatzen jakin behar dela dio. Begi onez ikusiko du Seaskak proposamena. Seaskak ez du liskarra piztu. Murgiltze ereduak legearen zirrikituak zapaldu eta gainditu ditu, ezinbertzean. Seaska beti joan da legearen aitzinetik. Legea betez, Seaskarenak eta euskararenak egin du.

Prefetaren gogoak ez ditu zailtasunak ezabatuko. Zailtasun politikoak dira, agintariek ezarriak. François Hollande Frantziako presidenteak hainbat promes egin zituen hautagai zelarik. Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berrestea zen bat, lege aldaketarekin, hezkuntza erreformarekin, lurralde erreformarekin batera. Arlo horietako bakoitzean daude Seaskak eskatzen dituen bermeak. Tokiko eragileek ongi ezagutzen dute behar hori, beharrak eraman baitu legeaz haraindi aritzera. Egoerak eraman ditu lurralde elkargoak beharko lituzkeen eskumenak definitzera. Legea tokiko biztanleen beharretara egokitu behar da, ez kontrakoa.

Tokiko gizarte eragileek eta agintari politikoek bezain ongi daki hori Frantziako Gobernuak. Manuel Vallsen hitzek, tamalez, ez dute akordiorako biderik uzten. Ikusi beharko da oraindik suprefetaren mugimenduak hasiberriaren ezagutza ezak eragin dituen edo goragotik heldu diren aginduak bete dituen. Eragile gehienek Vallsen eskua ikusten dute mehatxuaren gibelean. Berehala etorri da Seaskaren erantzuna. Termometroak sukarra erakutsi duelarik, bete ezin duen zina egin du prefetak. Mobilizazioa behin-behineko aspirina izan da berriz ere. Alta, egiturazko arazoa du Ipar Euskal Herriak. Begirada etorkizunean jarriz, egin beharreko urratsen egutegia osatu beharko du. Berme bakarra lege aldaketa delako, eta hori ere gobernuaren esku dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.