Albistea entzun

17. Korrika

Korrikarentzat ez dago Bizkai erdaldunik

Eurak ere euskaldun direla ohartarazi dute Enkarterrin, Meatzaldean eta Ezkerraldean
Euskalakari gazteak, atzo, lasterka, Balmasedan.
Euskalakari gazteak, atzo, lasterka, Balmasedan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS

Ibai Maruri - Berriemaile berezia

2011ko apirilak 16 - Barakaldo

Ostegun goizaldean sartu-irten txiki bat egin ostean, azkenean 17. Korrika Bizkaira iritsi da. Herrialde aldaketarekin ere doinu aldaketa txiki bat nabaritu da: atzo ohi baino trikiti doinu gehiago entzun ziren, eta Bizkaiaz hitz egiten duten abestiak ugari izan ziren.

Goizean batu zitzaizkion euskalakari bizkaitarrak lasterketari, Gordexola parean. Handik abiatuta, Enkarterriko hainbat herri zeharkatu zituen. Herrien arteko tarteetan taldea pare bat dozena ingurukoa izaten zen oro har, baina euskalakari tropelak erruz hazten ziren herriguneetan; batez ere, eskoletako umeei esker.

Zallan, adibidez, ehunka ume ibili ziren Korrikaren atzetik. Maristetako ikasleak uniformearekin atera ziren eskolatik, gona, galtzerdi luze, zapata eta guzti. Herria zeharkatu eta Balmasedara bidean, berehala agertu zen aldapa. Batzuentzat gogorra izan zen, eta bide erdian ito beharrean lasterketa utzi behar izan zuten. Hori ikusita, mikrofonotik animoak ematen hasi zitzaizkien: «Enkarterri euskalduna iratzarri behar dugu!».

Balmasedako herrigunean euskalakari mordoa zegoen Korrikaren zain. Herriko txikiek osatutako kuadrilla handi bat sarrerako biribilgunea inguratzen egon zen, bakoitzak bere ikurrintxoa eskuetan hartuta, lasterkari taldeari agur egiteko. Adin guztietako ikusleak zeuden espaloietan. Euskalakarien taldea haziz zihoan egiten zuen metro bakoitzeko, eta alde zaharrean kabitu ezinik ibili zen. Kale estuetan dendariak larri ibili ziren, sanferminetako entzierroa baitzirudien hark. Haurtzaindegiko umeak ere peto eta guzti atera zituzten kalera, supermerkatuko orgetan sartuta. Azkenean, baina, ez zuten lasterka egin. Begiratoki berezi haietatik erreparatu zuten nola igaro zen paretik jendetza.

Herriguneetatik kanpo ere bai

Lasterkariak galtzen hasi zen Korrika Balmasedatik Sopuertara bidean. Hala ere, kilometroak bata bestearen atzetik lotuz ibili zirenak ere ez ziren falta izan. Gogotik egin zuten lasterka, aldarrikatzeko Enkarterri ere euskalduna dela eta euskara maitatzen, ikasten eta erabiltzen dutela. Karrantzako jendea ere bazen tropelean, haien harana ez baitago aurtengo ibilbidean.

Dagoeneko eguneroko ohitura bihurtu da bertsoren bat edo beste entzutea. Atzo, Jokin Castañosek bi bertso eskaini zizkien bere eskualdeko euskalakariei.

Galdamestik sartu zen Korrika Meatzaldera, eta aurreneko eztanda Muskizen izan zuen. Jendetza atera zen kalera euskalari zirela ohartaraztera. Han ere, gehien bat eskola umeak izan ziren lasterkari. Indartsu egiten zuten oihu, gainera. Petronorri aipamenen bat edo beste egin zioten, ingurumena ahotan hartuta.

Abanton, dantzariek, nesken futbol taldeak nahiz alkateak eta alkateordeak eraman zuten lekukoa. 1.880. kilometroa herri horretatik igarotzerakoan bete zuen Korrikak. PSE-EEk eta ezker abertzaleak erdibana erosia zuten. Lehen 500 metroetan ordezkari sozialistak eraman behar zuen lekukoa, eta azkenetan abertzaleak. Azkenean sozialista gaixo zegoela-eta ezker abertzaleko kideak egin zuen kilometroa osorik.

Bilbon arratsaldean izango zenaren aurrerapen gisa, Santurtzin, Portugaleten, Sestaon eta batez ere Barakaldon milaka euskalakari ibili ziren kalerik kale lekukoaren atzetik lasterka.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Marifran Aranjuelo. / ©Maialen Andres, Foku

«Gezur asko esan dizkigute metroari buruz»

Unai Zubeldia - Gipuzkoako Hitza

Donostiako metroaren aurkako borrokak eta migratzaileen eta presoen aldekoak bizi dute, gaur egun, Aranjuelo. Ez zaio batere gustatu Donostiak azken urteotan izan duen eraldaketa.

Jatetxe bateko zerbitzaria, atzo, Donostian, bi bezeroren COVID ziurtagiriak egiaztatzen. ©JON URBE / FOKU

Ostalariek ez dute polizia (ere) izan nahi

Maddi Ane Txoperena Iribarren Ane Eslava

Atzotik, Euskal Herri osoan da indarrean COVID ziurtagiria. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 50 lagunetik goitiko jatetxeetako langile eta bezeroek egun batetik bertzera egokitu behar izan dute neurrira

Miren Basaras. / ©Aritz Loiola, Foku

«Pandemiak loa galarazi dit niri ere»

Ibai Maruri Bilbao - Bizkaiko Hitza

Miren Basarasek esan du txertoak «oso onak» izan arren, transmisioa eteteko neurriak ezinbestekoak direla. Uste du askatasunaren izenean txertoari uko egiten diotenak «berekoiak» direla.

Otxarkoagako bizilagunak, protesta batean, asteartean. / ©Aritz Loiola, Foku

Betiko zerbitzua gura dute Otxarkoagan

Ibai Maruri Bilbao, Bizkaiko Hitza

Kutxabankek astean egun bitara murriztu du Bilboko Otxarkoaga auzoan dagoen bulego bakarreko leihatila zerbitzua. Bizilagunek protestak hasi dituzte. Bankuek, oro har, Bizkaian, bulegoen %45 itxi dituzte azken hamabi urteetan. Kutxabankek dio erabilera gutxitu delako hartu dutela erabakia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.