joxerra senar
'Parot doktrina'. Estrasburgoren epaia. Analisia

Askatasunaren ur azalera bueltan

2013ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak ongietorrien aurka jotzeko asmoa dauka, baina herenegun Ines del Rio espetxetik atera ostean ez zegoen ospakizunetarako. 26 urteren lorratz sakonari azken asteetan erantsi behar zaion presio mediatikoa gaineratuz gero, edozein pertsona psikologikoki apurtzeko moduko egoera da. Ez dira nire hitzak, etxera bueltan inori entzundakoak baizik. Eta hala da, nahiz eta Ines del Rioren oraingo egoera ulertzeko enpatia ariketa denak eginda ere ezinezkoa zaidan egoera barneratzea. Horregatik, gutxienez, bakea merezi du hemendik aurrera.

Asko, gehiegi, hitz egin da Ines del Rioz. Espetxea zer den ezagutzen ez dugun gehiengo handi batek atrebentzia eta erraztasun handiz mintzo gara. Ezin ulertu zer den hori, ezta senitartekoa galdu duen biktimaren samina ere. Sare sozialetan orotariko iritziak irakur badaitezke ere, etxera bueltan Gari Berasaluzeren Twitterreko hitzak iltzatu zaizkit: Ā«Mendekua eskatzen eta gorrotoa ereiten ari direnak ez, baina gaur samina isilpean eramaten ari diren biktimak gogoan ditut, errespetu osozĀ». Bai, isilpean diren horiek errespetua merezi dute, eta Ines del Riok zein espetxean urteak daramatzaten horiek guztiek zein euren senide eta lagunek errespetua merezi dute. Sufrimenduak aurpegi asko dituelako, eta gainerakoek ez dutelako eskubiderik hor hatzik sartzeko.

Espetxeko irteera gogorra izan zen. Bi pauso eman eta urduritasunez, galduta, norabiderik gabe atera zen tafallarra. Ni zein beste pertsona batzuk argazki kamera batekin eta sakelakoarekin geunden. Berehala inguratu zuten lagunek, eta besarkada eta hitz goxoen artean babestu, baina nire aldera begiratu eta kamera ikustean, lipar batez, ikara nabaritu zitzaion begietan. Estrasburgoko epaiaren ostean, askatasuneko lehen une hura historikoa izanagatik, intimitateko unea ere bazen hura, eta kazetari gisa horrek zalantza eta erreparoa eragiten du.

Dena den, norabide eza hori erabat normala da. 1987an Del Rio atxilotu zutenetik, bizimodua erabat aldatu da, eta ziegaren zuloan sartuta egon dena askatzean dena da berria, dena zorabioa. Egunerokotasunaren zertzelada txikiena ere handia da.

Urpekaritzan, itsasoaren sakonean murgildu eta konprimitutako oxigenoa eta nitrogenoa arnastu ostean, ur azalera bueltan gainpresioa gainditzeko prozesu bat jarraitu behar da derrigorrean. Ezin da bat-batean ur azalera igo, arriskutsua delako. Gainera, gerrialdean beruna eraman behar da, ez gehiegi ez gutxiegi, beheranzkoan zein goranzkoan orekari eutsi ahal izateko. Neurri berean, espetxean urte asko egin duenak ere bere prozesua behar du. Askoz ere luzeagoa, espetxera itzularazten duten berun gehiegi daramatzalako soinean. Komunikabide askok sortu duten harrabotsak eta zenbaiten mendeku goseak ez diote batere lagunduko, baina ingurukoen babesa eta lasaitasun guztia beharko du denborarekin ahalik eta berun gehiena kentzeko eta askatasunaren benetako zentzua barneratzeko, oreka lortzeko.

Saminaren eta moralaren izenean mendeku gose diren horiek guztiek ere gogoeta sakona egin beharko lukete. Justizia gorrotoarekin nahasi nahi horretan, erreparatzen al diote horrek ez daramala inora? Hainbeste sufritu ostean, euskal gizartea aurrerantz begira ari da. Espainian, ez. Terrorismoaren apologiatzat jo daitezkeen hamaika iruzkin irakurri ahal izan dira, kontrako zentzuan laurdenaren laurdenarekin edozein euskal herritar espetxera igorriko lituzketenak. Berandu bada ere, komunikabide askok arduraz jokatzeko ordua da. Ez dute egingo, baina jakin behar lukete gorrotoaren berunak hondamendiaren sakonera baino ez duela bultzatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.