Bost begirada hezkuntzari (II). Kataluniako murgiltze eredua. Iritzia

Wert jauna. Gainbehera totalitarioa

Teresa Casals
2013ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Guztion artean eraiki dugun eskola katalana erreferente da demokrazian, hezkuntza kalitatean eta bizikidetzan. Kataluniako berezko hizkuntza denez gero, katalana da irakats-hizkuntza; gaztelania da ikasle askoren familiako eta gizarte testuinguruko hizkuntza, eta bermatuta dauzka ezagutza eta erabilera. Hori frogatzen dute barruan eta kanpoan egindako ebaluazioek: bistan jarri dute derrigorrezko irakats-aldia amaituta ikasle katalan batek gaztelaniaz badaukala Segovian eskolatutako ikasle batek adinako maila.

Gure hezkuntza sistema arrakastatsutzat jotzen du Europako Batasunak, eta jomugan jarri du Wert jaunak; batere eskrupulurik gabe esan du «ikasle katalanak espainiartzea» duela xede.

Argudio pedagogikorik ez; argudio sozialik ez. Soilik argudio politikoak ditu. FAESen bidez zabaldutako argudio politikoak; horretarako kobratzen du urtean milioi bat euro. Wert jaunaren zoritxarrerako, ordea, PP minoritarioa da Katalunian, eta gainerako indar politikoek Kataluniako Hezkuntza Legea onartu zuten; hori dago indarrean gure herrialdean.

Wert jaunaren lege proiektuak bereizi egin nahi ditu mutikoak eta neskatoak, etxean hitz egiten duten hizkuntzaren arabera. Azkenean, Katalunia sozialki bereiztea nahi du: katalan hiztunak —elebidunak— eta gaztelania hiztunak —elebakarrak—. Nahi du Kataluniako herritarren zati bat soilik gaztelaniaz bizi ahal izatea. Lanean ari da Espainiako estatu osoan hizkuntza bat, kultura bat eta historia homogeneo bat ezartzeko. Berea.

Halakorik ez zen tokian gatazka sortu du Wert jaunak. Ageriko dibortzioa dago hizkuntzaren kontua normal bizi duen herritar multzoaren eta Werten planteamenduen artean. Ez dakit kontuan hartu ote zuen Kataluniako herritarren artean nolako erreakzio irmo, sendo eta iraunkorra sor zezakeen. Gizarte zibila, Somescolaren altzoan, batuta dago, Kataluniako Parlamentuarekin eta Generalitatearekin batera. Patxadari eutsiko diogu, eta katalanez hitz egiten jarraituko dugu.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.