'Parot doktrina'. Estrasburgoren epaiaren eragina

Etxerat-ek errespetua eskatu du sufrimendu guztiekiko

Eragile guztiek arduraz jokatzea eta mendeku mezuak alboratzea nahi du, «bake iraunkor horretara hurbiltzeko»

Etxerat elkartearen agerraldia atzo, Iruñean. Erdian Nagore Lopez Luzuriaga eta Idoia Mujika. IÑIGO URIZ/ ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2013ko urriaren 26a
00:00
Entzun
«Zein interes egon daiteke mina mugagabe luzatu nahi horren atzean?». Galdera hori egin zuen atzo Idoia Mujikak, 197/2006 doktrina ezarri zaion Iñaki Erro presoaren bikoteak. Etxerat elkarteak sufrimendu guztiekiko «errespetu minimo» bat eskatu zuen, eta arduraz jokatzeko deia egin zien eragile guztiei, komunikabideei barne. «Etxerat-ek ez dio sekula inori sufrimendurik ukatu, ez dugu sekula egingo eta ez dugu aurrerantzean egingo ere». Neurri berean, ordea, espetxean diren preso zein senideen sufrimendua errespetatzea galdegin zuen, are gehiago «salbuespenezko neurri askok» indarrean jarraitzen dutelako. Ines del Rio eta Juan Manuel Piriz libre izanik, 54 preso dira zigorra bete eta oraindik Parot doktrina ezarrita dutenak.

Iruñean eskainitako prentsaurrekoan asteleheneko epaiaren analisia egin zuen Etxerat-ek. Presoen beste senide batzuez inguratuta, Idoia Mujikak euskaraz hitz egin zuen, eta Nagore Lopez de Luzuriagak, gazteleraz. Agerraldian adierazi zuten Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako epaia «irmoa eta argia» dela, eta doktrina horren pean diren presoen oinarrizko eskubideak urratu direla egiaztatu dituela. «Urte luzeak izan dira hauek, izugarrizko sufrimendu gehitua eragin digu, bai gure senide presoei eta bai kanpoan zain geunden lagun eta familiakooi ere».

Etxerat-ek salatu du 20 urtetik gora eman dituztela espetxean «baldintzarik muturrekoenean eta bizi-erregimenik gogorrenean», senideen etxetik ehunka edo milaka kilometrotara, urrun. Gogora ekarri zuen nola preso horietako askori, zigorra beteta zutenean, «modurik krudelenean» ezarri zitzaien «Zuzenbidearekin bat ez datorren» 197/2006 doktrina. «Haiei askatasuna kentzen zieten, eta bide batez senideok ere kondenatzen gintuzten».

Halaber, kritikatu zuen euren saminak «interes mediatiko gutxi» izan duela doktrina ezarri den urte horietan guztietan.. «Inor gutxik galdetu digu zer-nolako ondorioak zituen eta dituen honek guztiak gure bizitzan».

Astelehenean, ordea, «urduri» epaiaren zain izan ostean, emaitzak pentsamendu nahaspilatsuak eragin dizkie presoen senide eta lagunei. «Alde batetik, tripan sentitzen genuen korapilo hura askatzen hasi zen, poza eta itxaropena sentitzen hasi ginen aspaldiko partez. Baina beste alde batetik, poztasun neurtua izan zen».

Kezkatuta azaldu ziren Etxerat-eko eledunak azken egunetan komunikabideetan eta agintari politiko batzuen ahotan entzun diren «astakeria itzelengatik» ere. Zigorra oso-osorik bete eta horri urteak gehitzea «nahikoa izango ez balitz bezala». «Nora garamatza mendeku gisa planteatzen ari den mezu mediatiko bezain gogor horrek?», galdetu zuen Idoia Mujikak .

Etorkizuneko belaunaldiei gizarte libreagoa eskaintzeko, beharrezkoa da eragile eta herritar denek eskubideen aldeko hautua egitea, «bidezko bake iraunkor horretara hurbiltzeko». «Etxerat-en horren aldeko apustua egiten dugu». Horren alde lanean jarraitzera deitu dituzte eragile eta norbanako guztiak.

Biktimen mina ulertzen al duen galdetu zion kazetari batek Lopez de Luzuriagari : «Nik uler dezaket bakoitzak bere mina eta sufrimendua izatea, eta mundu guztiak du hori sentitzeko eskubidea. Ezin uler dezaket min hori arintzeko zuzenbidearen aurkako neurri bat hartzea, beste batzuen giza eskubideak urratuz. Eta zin uler dezaket min hori arma gisa erabili nahi izatea ere oinarrizko eskubideak urratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.