Euskal presoak. 'Parot doktrina' Estrasburgoko Auzitegian

Gertu, baina urruti

'Parok doktrinaren' aldekoak eta kontrakoak elkarrengandik gertu-gertu ibili dira Estrasburgon, Giza Eskubideen Auzitegiko salan zein korridoreetan. Ideologikoki ideia kontrajarriak azaldu dituzte.

Euskal Herritik Estrasburgora joandako ordezkaritza. OIHANA ELDUAIEN.
Oihana Elduaien Uranga.
Estrasburgo
2013ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Elkarrengandik oso gertu fisikoki, baina eskaeretan erabat kontrajarrita egon ziren atzo Estrasburgoko Auzitegian Parot doktrinaren aldekoak eta kontrakoak. ETAren biktimen elkarteetako hainbat ordezkari zeuden, batetik, eta, presoak izan arren, haiek ere eskubideak dituztela aldarrikatuz ezker subiranistako hainbat hautetsi, bestetik.

Angeles Pedraza, Mari Mar Blanco eta Daniel Portero izan ziren iristen goiztiarrenak, eta segituan jo zuten komunikabideetakoengana. Doktrinaren alde bildu dituzten eta tribunalari helarazteko asmoz eramandako 10.000 sinadurak jasotzen zituzten liburukiak erakutsi zizkieten, eta doktrina indargabetzea biktimen kontra zihoala esan.

Hain justu, biktimak adierazpenak egiten ari zirenean sartu zen Auzitegira Del Rioren defentsarako abokatu taldea, komunikabideei adierazpenik egin gabe.

Haiek guztiak barruan zirela iritsi ziren Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatua, Oskar Matute Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren hautetsia eta Maiorga Ramirez Nafarroako parlamentuko EH Bilduren legebiltzarkidea. Errekondok azaldu zuen, euskal gizartearen gehiengoak egiten duen bezala, presoen eskubideak errespetatzea eskatzera joan zirela Estrasburgora. «Preso daude, eta espetxe politikak ezartzen dituen betebeharrak dituzte, noski, baina haiei ere beraien eskubideak errespetatu behar zaizkie». Geroxeago iritsi ziren Rafa Larreina eta Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuak ere.

Emilie Martin Herrira-ko kidea ere han zen. Hark auzi saioaren amaieran azpimarratu zuen Herrira-rentzat bereziki garrantzitsua dela Estrasburgoko Auzitegiak uztailean emandako epaia berrestea eta, beraz, Parot doktrina behin betiko indargabetzea. «Biziki garrantzitsua da hori bake prozesuarentzat, baita presoen afera konpontzerako orduan ere», esan zuen.

Auzi salara sartu aurretik ez ziren denak batera ibili, baina barruan elkarrengandik oso gertu ibili ziren. Angeles Pedraza AVTkoak auzi saioa amaitutakoan esan zuen, entzundakoak entzunda, sartu baino lasaiago zihoala etxera.

Oskar Matutek, berriz, justizia «gerrarako politikaren luzapen gisa» erabiltzea salatu zuen. Horixe baita, haren ustez, 197/2006 doktrinaren atzean dagoen arrazoi bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.