Albistea entzun

Larrepetit

Alliot-Marieren kontra

Hur Gorostiaga -

2012ko ekainak 15

Legebiltzarrerako bigarren itzulian buruz buru ariko dira igandean Sylviane Alaux sozialista eta Michèle Alliot-Marie eskuindarra. Tarte murritza dela eta, EH Baiko bozeramaileek izanen dute gakoa, baina koalizioak ez du kontsigna argirik eman.

Sylviane Alauxek ibilbide luzea du alderdi sozialistaren baitan. Baina beti izan du euskal instituzio baten aldeko jarrera: Euskal departamenduaren aldeko garaian, eta lurralde elkargo baten alde egun. Ez dezagun ahantz Ipar Euskal Herriko eta Pirinio Atlantikoetako sozialisten artean gehiengoa euskal instituzioaren kontra dagoela. Bat-batean Euskal Herriko hiru diputatuak berezko instituzio baten alde agertuko balira, hemengo sozialisten interlokutoreak osoki aldatuko lirateke Pariseren aitzinean, eta kontrakoak bazter geldituko.

Euskaren ofizialtasunari buruz ere, aldeko jarrera argia agertu du azken urteotan Sylviane Alauxek, martxoaren 31ko manifestaldia lekuko. Aieteko konferentziaren xedearekin ere bat egin du.

Egia da AHTari buruz, hautetsi ziburutarraren jarrera ez dela onargarria, nahiz eta erreferendum baten alde agertu. Baina gai horri buruz, Michele Alliot-Marieren jarrera ez da hobea, publikoki kontra dagoela baitio, eta pribatuan trenbide berria nondik pasatuko den negoziatzen ari baita.

Oportunismoz baldin bada ere, azken hilabeteetan Jean Grenetek jarreraz aldatu da, instituzionalizazioaren gaian, presoen hurbilketaren alde eta euskararen ezagupenaren alde. Alliot-Mariek, bere hautagaitza arriskuan ikusirik ere, ez du bere jarrera aldatu, beti izan duen ukazioan eta itxitasunean baitarrai.

Jon Anza desagertu zenean Alliot-Marie Barne ministro zela eta Jon Anza atzeman zutenean Justizia ministro zela oroitaztea aski litzateke abetzaleendako noren kontra bozkatu erabakitzeko.

Hauteskunde legea den bezalakoa da. Maleruski, lehen itzuliko indar harremana ikusirik, igandean abstenitzea Alliot-Marie pasatzen uztea izanen da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...