Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Manuel, motel

2012ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriaren instituzionalizatzea ETAren desagertzeari loturik dela dio Manuel Valls Barne ministro espainiar-frantsesak. Eskertzekoak dira haren adierazpenak, gutienez gauzak argi eta bere lekuan ezartzen baitituzte, mundu guztiaren aitzinean agerrarazirik ez dagoela Lurralde Elkargo bat ukatzeko argudio arrazionalik.

Urriaren 11n Ipar Euskal Herriko ordezkaritza Parisera joan zenean Marylise Lebranchu ministroarekin mintzatzera, deszentralizazio ministroak adierazi zien bere esku zegoen guztia egiteko prest zegoela Frantziak Ipar Euskal Herriari ezagupen instituzionala eman diezaion. Baina ordezkaritzak bilkurako atea iragan bezain laster, azpikerian ibili zen Manuel, eskuin eta ezker deika, Lebranchu ministroa eta euskal parlamentari sozialistak mehatxatuz, bide horri ez segidarik emateko.

Hala ere, dabiltzala kasu eginez Lasserre, Brisson, Espagnac eta beste, ETAren tesiarekin bat egitea leporaturik, bat baino gehiago itzalera bidali baitute Parisek eta Madrilek, haiek baino gutiago eginik ere...

Une gozoak bizi ditu Manuelek. Egunez egun, Jean-Marc Ayraulten gobernua desegiten ari delarik, iritzi ikerketen faboreak bildu ditu; gobernuko ministrorik apreziatuena omen da, eskuindarrek bereziki maite dutelako. Ataka honetan, Gobernuak Lebranchu edo Vallsen bidea segitu, François Hollande presidenteak trenkatu beharko du.

Baina Manuel, motel, garaiak aldatu dituk. 80ko hamarkadan, frantses bilakatu berri zinela, Madrilek erabakitzen zuen zein politika eraman hemen, GALen ekintzekin eta ondotik sarekada, kanporatze eta estradizioekin; Pariseko sozialisten bedeinkapenaz eta tokiko hautetsien isiltasunarekin. Zorionez, egun jada ez dezake gehiago Madriletik erabaki gure geroaz, Ipar Euskal Herria asaldatu gabe. Heldu den azaroaren 10ean larunbatez, gatazkaren eta presoen konponbidearen alde deiturik dagoen Baionako askotariko manifestaldia indartsuago baizik ez da izanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.