Josebe Iturrioz.
Larrepetit

#AskeGunea#resist8

2013ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Joan berri den aste honetan Donostiako Bulebarretik pasatu garen guztiok asko ikasi dugu. Han egon diren lagunei esker, Aske Gunea bisitatzen izan naiz egunero. Gauero lotan gelditzen ziren gazteen kopurua handitzen ikusi dut. Eredugarria iruditzen zait gazteek kalea hartu duten modua, eredugarria beren indarra, eta gehienbat eredugarria iruditu zait Bulebarreko plazan zeuden gazteek maitasuna horrela erabiltzea, aldarrikapen politikoak bideratzeko.

Makina bat bideo ikusi dut, ez teleberrietan agertu direlako, ez. Interneten bilatutako bideoak izan dira. Malko artean ikusi ditut ikus-entzunezko dokumentu guztiak, erabat hunkituta. «Maite zaituztegu!» eta «Ez gaituzue geldituko!» leloak garunean grabatuak gelditu zaizkit. Harrotasuna ere sentitu dut; hementxe duzue borroka baketsurako prest dagoen herri bat.

Lotsa eta amorrua ere sentiarazi zidaten Segin parte hartzeagatik 6 gazteak atxilotzera joan ziren mertzenarioek. Kartzeletatik jendea ateratzen hasi beharko zenean, ez da zentzuzkoa talde politiko batean parte hartzeagatik gazteak atxilotzea. Gainera, funtzionarioak izanda, ez zait batere ondo iruditzen parte hartzen zuten neskei botatako bortxaketa mehatxuak. Cabacasen kasua argitzearekin batera, konturatzen ari gara noraino izan daitezken azkarrak eta trebeak euskal poliziako langileak.

Nahiz eta errealitate hau ezkutatzen saiatzen diren, jendeak kalea horrela hartzen duenean, berdin du teleberriek hor ez egotea, lurrikarak denok sumatzen ditugulako. Desobedientzia zibila da bidea: sufragistek eta Ghandik martxan jarri zituzten protestarako bide baketsuak dira, hain zuzen ere, plazetan eta kaleetan ikusten ditugunak. Horiek dira escrache-tan eta Aske Gunean erabilitako estrategiak. Indarkeria instituzionalari eta ekonomikoari aurre egiteko bide bakarra da desobedientzia zibila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.