2104ko Iparraldeko herri bozak. Baxenabarreko herri elkargoak

Herri elkargo bakarraren gaia trenkatzekoa da Baxenabarren

Amikuzerekin, Baxenabarreko herri elkargo handiena da Garazi-Baigorrikoa; Estebe Eiherabide da hango zuzendariaHainbat proiektu ditu aipagai: igerilekua, mediateka, saihesbidea, enpresa mintegia...

Herri elkargo bakarraren gaia trenkatzekoa da Baxenabarren.
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2014ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko herri elkargoetako zerbitzuburuen arteko bilkura batetik heldu zen Estebe Eiherabide. Garazi-Baigorri Herri Elkargoko burua da Eiherabide. Eginak eta egiteko bidean diren xede nagusiak lerrokatu ditu. Egin berri direnetan, CLPB Euskal Herriko Esne Kooperatibaren gasnategiaren lekua. Eraikiz gero, milioi bat euro kostako da.

Bestalde, hiru hektarea erosi berriak ditu elkargoak Donazaharren lan eremu baten egiteko. Galde bat bada funts horientzat, baina trenkatzekoa dute «zer norabide eta lehentasun eman». Hazkurri industriarentzat, ofizialeentzat... Elkargo hautetsiz berrituak du erabaki beharko datorren larrazkenean.

Irekitzekoa ere badute ekainean enpresa mintegia, hori ere elkargoak diruztatua, 1,6 milioi eurorentzat. Toki hori enpresa sortzaileen laguntza tokia izanen da.

Turismorako, eraiki berri dute ere, Bankan, «burdin meategien interpretazio gune bat». Eiherabideren esanetan, helburua da iragaten diren 30.000 bidaiariak hor atxikitzea. Uztailean abiatuko da.

Igerilekua eta mediateka

Badu bulta bat aipu dela, eta duela zenbait egun doi-doia erabakia luke herri elkargoak delako Donibane Garaziko igerileku berriaren bideratzea. Igerileku publikoa estalia izanen da, eta talasoterapia gisako zerbitzuak eskainiko ditu. 5,4 milioi euroko proiektu gotorra da. Hautetsi berriek baieztatzen badute, uztailean eraikitzen hasiko lirateke, «2015eko buruilean zabaltzeko gisan».

Mediatekak zutik behar luke epe beretan. Musika eskola ere aterpetuko du, geltokitik hurbil: 1,5 milioi euro kostako da.

Donibaneren saihesbidea

Kontseilu Orokorrak darama txostena. Hiru proposamen atxiki ditu, hirurak Donibane iparraldetik pasatzeko bideak. Izpura eta Donibaneko herriak pataskan ari dira aspaldian, bakoitzak bestearen lurretan pasarazi nahian.

Pauek ekaineko behar luke proposamen bat egin, hortik Onura Publikorako Adierazpen baten ukaiteko. «Ondorioz, kontseilu nagusiak erabakiko balu saihesbidearen egitea, obrak hasiko lirateke, eta balitzateke lauzpabost urteren lana. Arazoa da Donibaneko herriak ez dituela onartzen aukerak baina ez duela deus proposatzen ordainez», dio Eiherabidek. Bai Donibanek, bai Izpurak bizitegiak eraiki dituzte saihesbidearentzat atxiki eremuetan, eta bazterrak hertsi dira orain bide baten pasarazteko, aipatu gabe hor bizi direnentzat lituzkeen ondorioak. «Egia da Zalikarte auzokoek begien pean luketela, baina azantzaren aldetik badira teknikak gerizatzeko».

Baxenabarreko elkargoa

Martxoaren 30aren biharamuneko hautetsiek trenkatu behar dute Baxenabarreko herri elkargo handia egin edo ez. Prefetak bultzatzen du gaia. Horren ideia baita Amikuze, Iholdi-Oztibarre eta Garazi-Baigorriren batzea. Garazi-Baigorrin ez dira denak ados, eta hautua gibelatu da.

Eiherabideri «hastapenean izan zen proposamena egokiagoa» iduritzen zaio. Hau da, eremua bitan zatitzea, Irisarri eta Suhuskune herriak Garazi-Baigorriri loturik elkargo bat eginez eta beste bat Iholdi-Oztibarreko gainerako herriak eta Amikuze juntaturik. Dena den, zuzendariak dio Iholdi-Oztibarre ahulegi dela horrela segitzeko, «bestela, zikinen kudeaketa baizik ez zaio geldituko eskumen gisa».

Eremu bakarra balitz, 70 herri eta 89 hautetsi lirateke. «Ezinezkoa da; hautetsiak ez lirateke jabetuko eremu handi horretaz, indar harremanen joko bat balitzateke eskualdeen artean».

Barnealdeko Scot bat?

Gainera, eskumen berriak urraska hartzen ditu Garazi-Baigorrik, eta, aldi berean, aldaketak zalutzen ari dira. Zuzendariaren ustez, «herri elkargoak azkartuko dira, eta behar dira gauzak aitzin ikusi. 2015eko urtarrileko estatuak behartzen gaitu mutualizazioaren pentsatzera».

Eiherabideren arabera, elkargoek duten erronka nagusia da Baxenabarreko eta Xiberoko Scot-a (lurralde koherentziako eskema) egitea. Lurren kudeaketa dago jokoan. «Baina laborariak kontseiluetan dira; laborantza lurrak defenditzen dituzte, baina jabeak dira ber mementoan». Hots, espekulaziotik sortu prezioek interes nahasketak sor ditzakete: «Kontraerranak ageri dira hor».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.