Pello Urzelai.
'Bateragune auzia'. Auzitegi Gorenaren epaia. Analisia

Etsaitasunaren logika

2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Bost epaile Auzitegi Goreneko tribunalean. Hiru, zigortzearen alde. Bi, kontra. Zigortzearen kontra agertu diren epaileek boto partikular bana egin dute. Batak, Colmenero magistratuak, Angela Murillo epailearen inpartzialtasunik eza aintzat hartu eta epaiketa berriro egitea hobetsi du. Besteak, Barreiro magistratuak, bere egin du inpartzialtasun faltaren argudioa, baina argi utzi nahi du zigor epaiaren benetako arazoa frogarik eza dela eta, kasu horretan, epaiketa errepikatzea akusatuen kalterako litzatekeela. Bi boto partikular horien uztarketak ongi islatzen du zein den auzi honen mamia: zigorraren atzean etsaitasuna dago, eta etsaitasuna dagoelako zantzu frogak ez dira behar bezala aztertu, eta horrek ahalbidetu du zigorra.

Barreiro magistratuaren boto partikularra sendoa eta argigarria da, akusatuen babes helegitearen oinarri ezin hobea. «Instantziako salak, adierazita baino era tazitoan, erabiltzen dituen frogazko arrazoibideek oso arrazionaltasun maila eskasa erakusten dute; era horretan, zantzu bidezko gertaerek ez daukate behar besteko kalitatea eta sendotasuna oinarrizko gertaerak ondoriozko gertaerekin lotzeko». Magistratu honen arabera, tribunalak beste interpretazio bide bat jarraitu beharko zuen: akusatuek beraien «ildo politiko propioa» jarraitzen zutela, eta «desadostasunak» gertatzen ari zirela, «ezker abertzalearen barruan, eta, batez ere, ETArekiko». Defentsek argudiatutako kontrazantzuek interpretazio bide hori nabarmen babesten zutela berretsi du boto partikular honek. Are gehiago, magistratu honek gogora ekarri duenez, Estrategia eta Fase Politikoaren Argipena dokumentua erabat lotua agertzen da ondoren etorri zirenekin: Altsasuko agiria, Zutik Euskal Herria, Lortu Arte, Gernikako Akordioa edota Euskal Herria Ezkerretik. «Beraz, kasu honetan gertaeren bilakaerak arrazoia eman die defentsen tesiari, eta ez akusazioenari».

Tribunalaren gehiengoa osatzen duten hiru magistratuek Auzitegi Nazionalaren zigorra babesteko ahalegina egin dute, hark ondorioak lortzeko modua sakonki aztertu gabe. Tribunalak atzo kaleratutako epaian bada isiltasun esanguratsu bat: gehiengoaren epaiak ez du Mugarri txostena aipatzen.Barreiroren boto partikularrak, ordea, nabarmentzen du Mugarri txostenak bai defendatzen zuela borroka armatuaren beharra, ETAren tesiarekin bat eginez, eta, Argitzen txostenak, aldiz, bide baketsua.

Beraz, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguezi seina urteko kartzela zigorra ezartzea ezin da azaldu etsaitasunaren logika aplikatuz ez bada. Egun, 2012an, etsaitasunaren logika aplikatzeak badu esanahi jakin bat, duela gutxi Jorge Diaz Ferenandez Barne ministroak (Rubalcaba Barne ministro ohiaren ildotik), adierazi zuen bezala: «Behar beste buru argitasunez jardun behar dugu balak ez dituzten pertsona hauek botoak ere ez ditzaten ukan». Gako horren arabera ulertzen da Estatuaren sektore nagusiaren jarduna; independentismoaren indartze elektorala oztopatzea, nola edo hala. Garai berrirako pisuzko bost aktibo politiko preso atxikiz, Egiaztatze Batzordearen lanari ez ikusiarena eginez, elkarrizketa teknikoari uko eginez edo presoen egoera blokeatuz. Estrategia horren bumeran eragina gutxiesten ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.