«Aitzakiarik» ez jada

Etxerat-ek uste du ETA desegin ostean motiborik ez dagoela gaurko kartzela politikari eusteko. Elorzak eta Jauregik aldaketa eskatu dute

Etxerat euskal presoen eta iheslarien elkarteko hainbat kide, atzo, Hernanin emandako prentsaurrekoan. GORKA RUBIO / FOKU.
enekoitz esnaola
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
«Desegin» zen ETA, duela hilabete eta erdi adierazpen batean jakinarazi zuenez, eta espetxe politika aldatzeko jada inorentzat «aitzakiarik» ez dagoela esan du Etxerat euskal presoen eta iheslarien senideen elkarteak. Odon Elorza PSE-EEko diputatuak ere, «ETA era guztietara desagertu dela eta, kartzela politikaren estrategiaren aldaketa» eskatu du. Asteon, Eusko Legebiltzarrak urrunketa politika amaitzeko galdegin du. Gero eta eragile gehiago ari dira Espainiako Gobernuari aldaketa eske.

Etxerat-ek sakabanaketa bukatzeko, larri gaixorik dauden presoak askatzeko, gradu aldaketa bideratzeko eta zigorrak batzeko eskatu du. Urtzi Errazkin eledunaren hitzetan, «eskubideak» dira horiek. «Ez gara ari onurez hizketan, ez sariez, opariez eta trukeko ezertaz. Eskubideez eta horien urraketen ondorio lazgarriez hitz egiten dugu», esan du Hernanin (Gipuzkoa), Etxerat-en prentsaurreko jendetsu batean.

ETAren desegitea «bake iraunkorraren bidean ezinbesteko urratsa» izan dela azaldu du Errazkinek, baina deitoratu du Espainiako Estatuak oraindik ere jarrera aldatu gabe segitzen duela. «Esaten zen ETAren desagerpena lortzeko sakabanaketabeharrezkoa zela indar neurri eta xantaia gisa; helburu hori lortzeko, baliabide guztiak egokiak omen ziren. ETA desagertuz gero sakabanaketa bertan behera geldituko zela adierazi zuten, eta norbaitek data eta ordua ere zehaztu zituen: ETA desagertu eta handik 48 ordura sakabanaketa indargabetuko lukete». Ez da gertatu.

Aldiz, Frantziak joan den otsailetik hamalau preso gerturatu ditu Euskal Herrira, eta Etxerat-ek ongi deritzo pausoari, «egoera desblokeatu baita», baina gogoratu du hainbat preso hurbildu gabe dituela Parisek. «Guztiak batzean esan ahal izango da espetxe politika aldatu duela».

ETAren bukaeragatik «egoera politiko berria» dagoela dio Etxerat-ek, eta, hala, jadanik ez dagoela aitzakiarik «inola ere zuritu ezin dena zuritzeko». Beraz, elkartearen arabera, «eskubideak urratzen dituen salbuespenezko espetxe politikak ezin du minutu bakar bat gehiago ere iraun, sakabanaketaren oinarria mendekua baizik ez baita».

Elorza, negoziazio eske

Elorzaren ustez, «heldu» egin behar zaio euskal presoen hurbilketaren auziari, «arrazoizko irtenbide bat emateko». «Mahai batean planteatu behar da, Espainiako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Itun Antiterroristaren Mahaiaren negoziazio batean». Halaber, ETAren biktimen elkarteekin hitz egitearen alde agertu da PSE-EEko diputatua, haiei «azalpenak» emateko.

Ramon Jauregi europarlamentari sozialista ere antzera mintzatu da, eta esan du presoen dispertsioak une honetan ez duela «estrategia gisara heldulekurik». Arrazoia: «Ez dagoelako erakunde terroristarik eta ezta indarkeriarik ere». Liburua aurkeztu zuen atzo Jauregik Bilbon, Memoria de Euskadi. El relato de la paz (Euskadiren memoria. Bakearen errelatoa) izenekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.