Beharrak gora egin du

Gatazken edo gaixotasunen eraginez 62 milioi haur egoera larrian daude Unicefen arabera; laguntza humanitarioa handitu nahi dute

Siriako Homs hiriburura eraman zuen giza laguntza iaz Unicefek. STR / EFE.
Araitz Muguruza.
2015eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
«Hedabideetako tituluetan agertu edo ezkutuan egon, gaixotasunek, gatazkek eta hondamendiek eragindako haustura sozialak herrialde batzuetako egoera larritu egin du, eta haurrei orain arte ikusi gabeko moduan ari zaie eragiten». Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako funtsaren Larrialdietako programako zuzendari Afshan Khan-ek Unicefen aurtengo ekintza humanitarioak aurkeztu ditu, eta jakinarazi du 71 herrialdetako 62 milioi haur behar gorrian daudela. Khanen esanetan, mundua «krisi humanitarioaren belaunaldi berrien» aurrean dago. Siria, Ukraina eta ebolaren pandemiak eragindako herrialdeak —Sierra Leona, Liberia eta Ginea— jarri ditu egoera larrienean daudenen zerrendaren hasieran. Egoera gogortzen ari dela ikusirik, iaz baino 880.000 euro gehiago igo du Unicefek laguntza humanitarioen eskaera: guztira 2.700 euro lortzea nahi du.

Haurrek gero eta egoera makurragoei egin behar diete aurre, ezohiko egoeretan daude, indarkeriak, gaixotasunek, abusuek eta goseak gora egin dutelako. «Gero eta baliabide gehiago behar ditugu» esan du Khanek. Egoerarik larriena, hala ere, gatazka armatuak dituzten herrialdeetan bizi dute. «Hamar haurretik bat bizi da horrela».

Gatazkak askotarikoak dira, Khanen arabera. Hedadurari dagokionez, berriz, aldaketak nabaritu ditu. Orain herrialde bakar bati eragin beharrean, eremu osoei eragiten die. «Lau urte daramatzate Libano eta Siriako haurrek indarkeria eta heriotzaren artean bizitzen, eta eguneroko bizimodurako beharrezko dituzten gauzak galduz joan dira». Orain dela gutxi herrialde horietan izan dela adierazi du.

Hain zuzen ere, Unicefek jakinarazi du lortzen duen diru funtsaren zati handiena hara bidaltzeko asmoa duela. «Giza krisi betean» bizi dira Ukrainan, eta hara eraman nahi dute laguntzen beste zati bat. Unicefen arabera,Ukrainako inguru gatazkatsuenetan 5,2 milioi pertsona bizi dira eta 600.000 desplazatu daude. Egoera horrek 1,7 milioi haurri eragiten diela ere zehaztu du.

Ebolak eragiten die gogorren haurrei, Unicefen ustez. Birusaren eraginez hil direnen laurdenak haurrak direla esan du Khanek. Beste gaixotasun batzuk indartzeko arriskua ere ikusten du Unicefek. Malaria edo elgorria, kasu.

Afganistan, Palestina eta Kolonbia iaz baino gehiago lagundu nahi ditu. Biltzea espero duten dirua laguntza horietarako ez ezik, Unifecen barruko beste erakundeak elikatzeko erabili nahi ditu. «Haurra jaiotzen den herrialdeak ez du haren zorian eragin behar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.