Herri txikien portuak helmuga

Europako hizkuntza gutxituen komunitateak bisitatuko ditu Tosta enbaxadak, bihar abiaturik

Tosta egitasmoaren antzolatzaileak, atzo Pasaiako portuan egindako aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Pasaia
2016ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
«Itsasertzean gaude. Itsasoak ez gaitu urruntzen: lotu egiten gaitu. Hainbat herriren hizkuntza gutxituak lotzen ditu. Asko gara Europan herri txikiak eta hizkuntza txikiak, eta, lotzen bagara, handiak izango gara». Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordearen hitzak dira, Tosta egitasmoaren harira. Donostia 2016k bere arrastoa Europan barrena zabaltzeko hiru enbaxada ibiltari sortuko ditu, eta horietako bigarrena da Tosta —lehenengoa urtarrilean abiatu zen Europa Transit autobusa izan zen—. Pablo Berastegi Donostia 2016ren zuzendari nagusiaren arabera, «kultur aniztasuna eta hizkuntza gutxituak sustatzea» dira bigarren egitasmo horren helburuak. Horregatik, hizkuntza gutxituak dituzten Ozeano Atlantikoko lurraldeetara bidaiatuko du enbaxadak, bihar abiatu eta irailera arte iraungo duen ibilaldi batean: Irlanda, Kornualles, Gales, Eskozia, Frisia, Galizia eta Euskal Herria bisitatuko ditu. Komunitate horietako kultur eragileen artean garatutako lankidetza proiektua da Tosta —Euskal Herrian Euskaltzaleen Topaguneak parte hartu du—, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Zuzendaritzaren eta Lacunza hizkuntza akademiaren babesa ditu.

Lau edukiontziz osatuta dago enbaxada, eta, helmuga bakoitzean, haiek zabaldu, eta jaialdi bat egingo dute. Komunitate bakoitzean aurretik ospatzen zen jaialdi baten barruan programatu dituzte jaialdi ibiltari horiek, eta bakoitzaren ezaugarriak desberdinak izango dira, tokian tokiko kultura eta gizarte baldintzak ere desberdinak direlako. Edukiontzi horietan garraiatuko dute jarduera horietarako beharrezko egitura guztia: agertokia, taberna, informazio gunea eta erakusketa aretoa izango ditu. Kultur edukiontziak kamioiz eta itsasontziz garraiatuko dituzte komunitate parte hartzaileetara.

Enbaxada abiatu baino lehen, zazpi komunitateek erresidentzia artistiko bana antolatu zuten beste komunitate bateko sortzaile batentzat. Gehienak dagoeneko ari dira lanean, eta falta direnak «berehala» hasiko direla jakinarazi dute. Artista guztiak deialdi ireki baten bidez hautatu dituzte, eta sei aste igaroko dituzte egokitutako komunitatean murgilduta. Egonaldian, artelan bana sortuko dute, hizkuntza eta kultura gutxituak ardatz hartuta. Uxue Arzelus euskal herritarrak Galesen ikus-entzunezko lan bat onduko du, euskara eta galesa hitz egiten duen jendea batuko duena. Euskal Herrira etorriko den artista eskoziarra zein izango den zehazteko dago oraindik.

Jaialdi ibiltarietan erakutsiko dituzte erresidentzietako artelanak, eta, sorkuntza prozesuen berri emateko, tokian tokiko jarduerak ere antolatuko dituzte: hala nola hitzaldiak eta umeentzako tailerrak. Imanol Otegi Donostia 2016ren enbaxada ibiltarien arduradunaren arabera, hizkuntza gutxituekiko eta kultura txikiekiko kontzientziazioa sustatzeaz gain, komunitate parte hartzaileetako artistei nazioartean lan egiteko aukera eman nahi izan diete.

Zuzeneko musika emanaldiakere egingo dituzte. Tosta Banda osatu dute komunitate bakoitzean erreferente diren musikariekin, eta kontzertuak emango dituzte jaialdi bakoitzean. Haiekin batera, Oreka TX ariko da jaialdi guztietan. Bestalde, askotariko jendearentzako jarduera parte hartzaileak egingo dituzte: mural margotzeak, flashmob-ak, mintzodromoak, kantaldiak...

Azken geltokia, Errenteria

Errenteriako (Gipuzkoa) Atlantikaldiarekin bat egingo du Tostaren azken geldialdiak: irailaren 22tik 25era bitartean izango da. Atlantikoko herrien arteko musika eta kultura topagunea izateko helburuarekin sortu zen Atlantikaldia, 2014an, eta hirugarren aldian, aniztasuna izango dute ardatz antolatuko diren jarduera guztietan. Julen Mendoza Errenteriako alkateak azaldu duenez, 80 komunitatetako jendea bizi da herrian, eta «kultur aniztasunaren festa» izango da irailean ospatuko dutena.

Bost hilabete iraungo duen bidaiaren ostean, nazioarteko proiektuetan erabilgarria izango den gida bat kaleratuko dute. Tokiko hizkuntzak erabiltzeko irizpide batzuk zehaztu dituzte enbaxada abiatu aurretik, eta, proiektua garatzen doan heinean, irizpide horien inguruan komunitate bakoitzak izandako esperientziak bilduko dituzte. Aurrerantzean nazioartean hizkuntza gutxituei beren lekua eman nahi dieten ororentzat eskuragarri jarriko dute argitalpena, 2016. urtea amaitu baino lehen.

Euskaraz, traineruetako eserlekuari deitzen zaio tosta, eta, tokian tokiko aldaerekin, Atlantikoko hainbat hizkuntzatan ere erabiltzen dute hitza. Horregatik erabaki dute enbaxadari izen hori jartzea, sinbolikoki, hizkuntza gutxituak batzen dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.