Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Zenbaki guztiak ez datoz bat

2018ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Kexatzeko arrazoirik ez dute Euskal Herriko enpresa handiek. 2017. urtea ona izan da haietako gehienentzat. Salbuespenak badira, beti bezala. Batzuk gainbehera geratzerik ez duten enpresa historikoak dira —Alfa, Edesa, Naval...—, eta beste batzuk, berriz, sektore jakin batzuen egoera partikularrari lotutakoak. Azken horien artean daude petrolioari lotutakoak: 2014an hasitako merkatzeak inbertsioen beherakada ekarri zuenetik, sufritzen ari dira industria harentzat hodiak egiten dituztenak. Laudioko Tubacexek ia 20 milioi euro galdu ditu, eta Tubos Reunidosek iragarri du Trapagarango Productos Tubulares filialean kaleratzeak eta soldata jaitsierak egingo dituela, bere galerei aurre egiteko.

Baina, enpresa batzuen arazoak gorabehera, enpresa handiek esan dezakete herritar askok esaterik ez dutena: krisia gainditu egin dutela, ekonomiaren susperraldia antzematen dutela eta mozkinak handitzen ari direla.

Asteazken honetan amaitu zitzaien epea 2017ko emaitzak azaltzeko burtsan kotizatu zutenei, eta gehienek irribarre batekin aurkeztu ahal izan dituzte: 240 milioi irabazi ditu Abadiñoko Gestampek (+%8,3), 215 milioi Cie Automotivek (+27), 89 milioi Laudioko Vidralak (+%31), 42 milioi Faes Farmak (+%15), 12,8 milioi Azkoyen nafarrak (%12)... Gipuzkoako industriaren motorrak, CAFek, lortu du etetea irabazien sei urteko beheranzko joera, eta, eskari zorro betea duela, %13 handitu ditu irabaziak. Egia da CAFen kontuek beste errealitate bat ezkutatzen dutela, errentagarritasunaren galerarena: 2007an 129 milioi irabazi zituen 1.721 milioi euroren salmentekin, eta iaz 1.477 milioi euroren salmentak egin behar izan ditu 43 milioi irabazteko.

Finantza munduan, beste hainbeste. Laboral Kutxak azken bederatzi urteotako irabazirik oparoenak lortu ditu: 121,4 milioi (+%9,1). BBVAk %1,3 handitu ditu mozkinak, eta %11, berriz, Bankoak. Kutxabankek duela astebete iragarri zuen 300 milioi euroren irabazietara itzuli zela. Emaitzen atal guztietan hobera egin du Gregorio Billalabeitia buru duen bankuak, baina horrek ezin du ezkutatu irabaziak handitzearen arrazoi nagusietako bat izan dela Kutxabankek hainbat enpresatan zituen akzioak gainetik kentzen jarraitzen duela. Urrunago joan gabe, CAFen beraren %1,24 saldu zion abenduan Eusko Jaurlaritzari, ia hamabost milioi euroren truke. Mamitsuagoa izan zen Iberdrolaren %1,9ren salmenta, horri esker lortutako diruaren berri eman ez badu ere.

Azpiazuren eskaera

Enpresen irabaziak bat datoz BPGaren hazkunde sendoarekin: hirugarren urtez jarraian, %3ren bueltan ari da hazten ekonomia —%3,2 Nafarroan, %3 Araban, %2,9 Bizkaian eta %2,8 Gipuzkoan—. Baina bada erritmo horretan hazten ari ez den zerbait: langileen soldatak. Hori ez diote sindikatuek bakarrik. Aste honetan Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak ekarri du gaia berriro mahai gainera. BPGaren hazkundean oinarritu beharrean, produktibitatearenean oinarritu du eskaera, datuek esaten baitute EAEko ekonomia gai dela aberastasun gehiago sortzeko krisiaren aurretik baino langile gutxiagorekin. Produktiboagoa dela eta, hortaz, badela garaia langileen ordainak behingoz hobetzeko. Noski, «aukera duten enpresetan» egitea nahi duela zehaztu du, baina gogoeta ozen egin izanak erakusten du igoera orokorra nahi duela.

Justizia kontua da ongi doazen enpresak martxa on horren arduradunak saritzea —enpresariak eta langileak—, baina Azpiazuk beste ikuspegi bat gehitu du, pragmatikoa nahi bada: industriaren bilakaera onaren ondorio ez ezik, hazkundea familien kontsumoaren ondorio ere bada, eta motor hori indar pixka bat galtzen ari dela ohartu da Jaurlaritza. Soldata igotzeak kontsumo pribatu horri eusteko balioko luke, eta horrela biraka jarraituko luke ekonomiaren gurpilak, familiak gehiago zorpetzeko beharrik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.