Angel Erro.
JIRA

Irudiez

2017ko abenduaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez da egonen euskaldun asko igande honetan BECera joan gabea, edo telebistaren bidez edo bestelako euskarriren bidez, Bertsolari Txapelketaren finala jarraitu ez duenik; osorik ez bada, zatiren bat. Horixe esan dit, sinetsi ala ez, gertuko lagun batek. Nik, alferrik ironikoa izan nahian, gehitu dut horrelako euskaldun baten bat baldin badago, baldin balego, seguruenik bere hutsa aurrez garbituko zuela abendu hasieran Durangora joanez (edo, bestela, Durangoko Azokara fisikoki agertu gabe, egun horien bueltan damuturik bere inguruko liburu edo disko denda batera sartu eta euskarazko produktu bat erosita).

Euskaldungoak bere buruaren irudi desitxuratua du, nik uste. Oraintxe egin dut salatu nahi dudan hutsunea. Berriz hasiko dut paragrafoa: Nik uste dut euskaldun batzuk euskaldungoaren irudi desitxuratua badugula. Zenbait ekitaldietara goazenok, zenbait kanpainatan parte hartu edo babesten dutenak baino ez ditugu aintzat hartzen.

Goian aipatu nire lagun horrek eta nik neuk ere askotan ezin dugu irudikatu bestela zertan ari ziren joan den igandean euskaldun gehienak, ezta abenduaren 6tik 10era, edo ez dugu nahi, seguruenik (eta, nago, hau berez akatsa dela) horrek komunitate txikia txikiagotzen, ahultzen duelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.