Hezkuntzako ebaluazioa. PISA. Andreas Schleicher. PISAren koordinatzailea

«Konplazentziaz daudenei aitzakiak kentzen dizkie PISAk»

Nazioarteko azterketaren balioa goraipatu du koordinatzaileak. PISAri buruz eztabaida «hain xehea» izatearekin pozik dago. Rankingekin debate publikoa sortzea mesederako dela uste du.

EMILIO NARANJO / EFE.
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Lehen hezkuntzan zegoela, 10 urterekin, irakasleak gurasoei esan zien batxilergoa egiteko ez zela gai Andreas Schleicher (Hanburgo, Alemania, 1964). Lizeora bidali zuten, hala ere, eta unibertsitatean ere egin zuen karrera, Fisika. Irakasletza ikasi zuen gero. Azkar hasi zen hezkuntza ikerketaren arloan lanean, eta OCDEra igaro zen 1994an. 2012tik, OCDEko hezkuntza arduraduna da, eta PISA txostenaren koordinatzailea.

PISAn emaitza apalagoak izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aldaketak bizkor egin behar dira, edo hobe izango da hurrengo PISAren zain egotea?

Uste dut euskal hezkuntzaren ibilbidea oso arrakastatsua dela, eta txalotzekoa da PISAren emaitzak arretaz aztertzea, hezkuntzan kalitatea eta ekitatea hobetzeko besterik zer egin daitekeen kontuan hartuz. PISAren emaitzak adierazle eta aukera bat dira politikei eta jarduteko moduei buruz gogoeta egiteko. Baina hobetzeko edozein pauso analisi zuhurretan oinarritu beharko litzateke, faktore asko kontuan hartuta.

Azterketak ordenagailuan egin dira lehen aldiz. Horrek eraginik izan ote du emaitzetan? Nabaritu duzue beste herrialdeetan?

Oro har, nahiko finkoak izan dira emaitzak, baina litekeena da herrialderen batean gorabeheraren bat izatea. Baina gogoan izan aro digitalerako pausoa ez dela PISAren garapena soilik: munduaren ezinbesteko aldaketa baten isla da. Lehen, irakurtzea ezarritako edukietatik ezagutza aberastea zen; galdera baten erantzuna ez bazenekien, entziklopedia batean begira zenezakeen, eta, oro har, erantzuna egia zela sinets zitekeen. Gaur egun, Googlen galdera bat idazten baduzu, 23.000 erantzun lor ditzakezu, eta informazio gatazkatsua arakatu beharko duzu, aztertu, egiaztatu eta kritiko izan, egiazko emaitza aurkitzeko. Ikasleek ez badute trantsizio hori egiten, okerragoak izango dira PISAn, baina okerragoak izango dira bizitza errealean ere.

Zein da PISAren emaitzen eboluzioa? Hobetzen ari dira?

Herrialde gehienetan, aldaketa txiki nabarmena izan da. Baina salbuespen garrantzitsuak daude. Adibidez, azken hamarkadan Portugal pixkana igaro da batezbestekoaren azpitik batezbestekoaren gainera, eta Singapurrek ongi-tik bikain-era aurreratu du.

Ez dira denak horrelakoak, ordea. Finlandian okerrera egin dute emaitzek. Zer gertatu da?

Finlandiaren demografian izaniko aldaketak dira azalpenaren zati bat, baina zati bat bakarrik. Analisi zabalagoa beharko dugu marrazkia sakonago ulertzeko.

Beldur zara PISA xede bihurtzen ari dela, ez hobetzeko tresna?

Iruditzen zait hobetzeko tresna indartsua dela. Hezkuntzan zer den posible erakusten du. Aitzakiak kentzen dizkie konplazentziaz daudenei. Eta laguntzen du helmuga adierazgarriak ezartzen hezkuntzan lider direnek lortutako helburuetara iristeko bidean.

Ondo ulertzen dira emaitzak? Zer iritzi daukazu politikarien eta hedabideen mezuei buruz?

Pozik nago PISAri buruzko eztabaida hain xehea eta burutsua izan delako. Nazioarteko konparazioak jendaurrean erakusteak, komunikabideen laguntzarekin, askotan ekarri du hezkuntzari buruzko eztabaida espezializatu bat debate publiko bihurtzea; halakoetan, herritarrek aitortu dute euren herrialdean batez besteko emaitza lortu behar dutela, eta hobetu egin beharko dutela euren seme-alabek batez besteko soldatak baino hobeak nahi badituzte. PISAk sustatu du berdinen arteko ikaskuntza. Ez bakarrik ordezkari politikoen edo ikertzaileen artean, baizik eta baita profesionalen artean ere. Eta hori da garrantzitsuena, beharbada.

Zer esan nahi duzu?

Hara. 2012ko emaitzen harira, Ingalaterrako ministroa, Elizabeth Truss, Shanghaira joan zen, hango emaitza onen azpian zer dagoen jakitera. Harrituta geratu zen ikusitako jarraibideekin eta irakasleekin, eta Ingalaterrara gonbidatu zituen batzuk. Eszeptizismo handia eragin zuen hasieran: kultura batean funtzionatzen duena hain erraz emula daiteke beste batean? Gogoan dut BBCko saio batean sindikatu buru batek auzitan jarri zuen proposamena. Neure artean pentsatu nuen benetan uste ote zuen ez zutela ezer ikastekorik matematika irakasten mila urte inbertitu dituen herrialde batetik. Arretaz kasu egin diot egitasmo horri. Bigarren fasean sartzear dago. 2016an, gobernuak iragarri zuen lehen heziketako 8.000 eskolak —guztien erdiek— 41 milioi libera esterlina jasoko dituztela lau urtean, matematikako maisutza indartzeko.

Rankingak publikoki jakinarazteak hezkuntza hobetzen laguntzen du, edo lehia bultzatzen du?

Uste dut sailkapenek abiapuntu bat jartzen dutela analisi sakonagoa egiteko eta debaterako. Baina, jakina denez, nazioarteko azterketari buruz egiten ditugun mila orrialdeetatik gutxi batzuk bideratzen dizkiogu horri, PISAren garrantzia ez baita nola egiten dugun esatea, baizik eta hobeto egiteko jarraibideak eskaintzea.

Kritika asko jasotzen ditu, hala ere, PISAk; adibidez, OCDEren helburuak ez direla heziketakoak, baizik eta ekonomikoak.

Inoiz ez dut ulertu kritika hori. PISA zuzentzeaz, diseinatzeaz eta ezartzeaz hezkuntza ministerioak arduratzen dira, eta heziketa helburuak dauzka soil-soilik.

Zer asmo dituzue PISArako? Aztergai gehiago izango ote ditu?

Ebaluazioa ordenagailu bidez egiteak esan nahi du ezagutza eta gaitasun sorta handiagoa sar daitekeela. Erronka handiagoa izango da gaitasun sozial eta emozionalak neurtzea. Horretan ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.