Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena. Edibe Sahin. Dersim hiri kurduko alkatea

«Gernika da gure samina ondoen uler daitekeen lekua»

Gernika bezala, Dersim hiria ere bonbardatu egin zuten 1937. urtean. Edibe Sahin alkatea Gernikan izan da, urteurreneko ekitaldietan.

KLAUS ARMSBRUSTER.
urtzirrutikoetxea
Gernika
2012ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Gernika Euskal Herrian legez, Kurdistanen Dersim hiria da zapalkuntzaren eta ukazioaren sinbolo 1937tik. Edibe Sahin alkatea gurean izan da asteburuan, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurreneko ekitaldietan, hiriko nortasun ezkertiar, feminista eta errebeldea gogorarazten.

Zein lotura ikusi duzu Gernikarekin?

Saminetik sortutako harremana da, Dersim ere sarraskiagatik baita ezagun. 1937ko maiatzean hasi ziren bonbardaketak eta exekuzioak. Familia osoak bizirik erre zituzten, eta hainbat emakumek bere buruaz beste egin zuten harkaitzetatik amilduta, bortxa ez zitzaten. Beste milaka lagun kanporatu zituzten. Modu kriminalean planifikatu zuten, Turkiako hiri berean ez zitezen bi dersimdar familia batu, asimilazioa burutzeko. Ume osasuntsu eta ederrenak soldaduei eman zizkieten, adoptatu eta ahalik bizkorren turkiar eta sunita musulman bihur zitezen. Hamar mila lagun hil ziren ofizialki, baina jendearen testigantzei esker badakigu 50.000 izan zirela gutxienez. Bizirik den jendeak oraindik erakusten dizkigu dokumentatu gabeko sarraskien lekuak. Estatuak zorrotz gorde ditu agiri asko. Hiriak Tunceli turkiar izena dauka ordutik. Genozidioak kulturan ere erabateko eragina izan zuen: gure hizkuntza, gure leku sakratuak eta gure sinesmena bera debekatuta daude. Uste dut hori guztia ondoen uler daitekeen lekua Gernika dela, samin berbera daukagu.

Euskal Herriko bisitatik zer daramazu Kurdistanera?

Kurduok askotan aipatzen dugu euskal eredua gure auzirako. Ikusi dut oraindik ere badituzuela aldarrikapenak, eta uste dut badugula zer ikasi zuen esperientziatik. Asko estimatzen dut hona gonbidatzea eta espero dut saminaren loturatik laguntasun harremanera pasatzea, eta Gernikako bisita izatea aurki gurean.

Azaroan barkamena eskatu zizuen Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak. Zein balorazio egiten duzu?

Badu garrantziarik: Turkiako Errepublikaren historian lehen aldiz desenkusatu da gobernua edo estatua. Segidan hainbat herritar eta elkarterekin bildu, eta adierazpena idatzi genuen. Lehendabizi, genozidioa izan zela aitortzea eskatu dugu. Bigarren, Dersim eta haraneko herrixken jatorrizko izenak itzultzea. Ondoren, Egiaren Batzordea osa dadila Turkiako Biltzarrean; eta, azkenik, sekretupean itxita dauden artxiboak irekitzea.

Turkiako bigarren aireportuak Sabiha Gökcen izena dauka. Zein esangura dauka zuentzat?

Mustafa Kemal Ataturk-en [Errepublikaren sortzailearen] alabaordea zen Sabiha Gökcen, eta Turkiako lehen emakume pilotua izan zelako da ezaguna. Baina lehen lana Dersim bonbardatzea izan zuen. Soldaduei emandako dersimdarrei buruzko Neska galduak dokumentalaren estreinaldian gertatutakoa kontatuko dizut: pilotu hura agertu zenean beldurrez dardarka hasi ziren aretoan zeudenak, urte asko pasa arren. Bi ibilgailu beldurgarri dauzkagu gogoan: ganadua eramateko tren beltzak, haietan kanporatu baitzituzten milaka dersimdar, eta Sabiha Gökcenen hegazkina.

Hala ere, zuen izaera bereziari eutsi diozue.

Dersimek badu desberdintasunik Kurdistango beste hiri batzuekiko, zaza dialektua eta alevi erlijioa, esaterako. Pir deritzogu buruzagi erlijiosoari: otoitzean laguntzeaz gain, herritarren iritziak bildu behar ditu, askoz modu horizontal eta demokratikoagoan antolatzen da. Historikoki autonomoa izan da Dersim, eta iheslari guztiek, ezkontzerik ez zuten bikoteek, politikoki jazarriak zirenek, gurean hartzen zuten aterpe; otomandarrak bederatzi aldiz saiatu ziren Dersim azpiratzen eta bederatzi aldiz egin zuten porrot. Armeniar asko ere hartu genituen Dersimen [1915eko] sarraskitik ihesi. Jendea bizi den lekua bezalakoa ei da. Gu mendi handiez inguratuta bizi gara, inoiz ez dugu amore eman gure askatasunean, pobre baina libre.

Zazakiera aipatu diguzu. Zein egoeratan da?

Unescoren zerrendan desagertzeko zorian dauden hizkuntzen artean dago zazakiera. Mugimendu kurduari esker, gazteek hizkuntzarekiko kontzientzia handiagoa daukate, eta udaletik ahal dugun apurra egiten dugu: agiri eta seinale elebidunak egin ditugu, azokan zerrenda elebidunak banatu ditugu, Kurdi-Der erakundearekin elkarlanean ikastaroak eta ikerkuntza landu ditugu. Gure ahalen arabera umeentzako argitalpenak ditugu, badaukagu zazakieraz kantatzen duen haur abesbatza ere. Udako jaialdian oso leku garrantzitsua dauka zazakierak —bidenabar, espero dut Gernikako eta Euskal Herriko lagunak han ikustea uztail amaieran—. Alderdiko bileretan, edo herritarrekin, zazakieraz egin dut. Orain arte hezkuntza bultzatzeko eta umeei zazakiera eskolak emateko etxeak ere izan ditugu, baina azken hilotan itxi egin ditu Poliziak. Kaleei, parkeei zazakierazko izenak eman dizkiegu, baina udalaren erabakia gobernadoreak berretsi behar du, eta askotan uko egiten dio, X, Q eta W letrak daudela argudiatuta, turkierak ez dituelako letra horiek. Gauza bat argi dago: eginahalak egin, hezkuntza ama-hizkuntzan ez dugun artean, ez dago hizkuntza salbatzerik.

Munzur haraneko parke nazionalaren sarreran dago Dersim, baina dena urpean gera liteke.

Sarraskiaren garaitik duten asmo horri berriz heldu diote. Urtegiak eginez gero, Dersim uharte bihurtuko da, haraneko herrietatik isolatuta. Leku sakratuak galduko ditugu, eta okerrago, herriak hustuko dituzte. Jendea oso sustraituta dago lurrera, emigrazio asko izan dira historian, eta badakite nondarrak diren, beti itzultzeko esperoan. Urtegiak eraikiz gero, heriotza izango da: ez da egongo nora itzuli ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.