Gaizka Aranguren.
Euskal presoak. EPPKren bitartekarien kontrako polizia operazioa. Iritzia

Aitatxi, aita, Asier eta laurok

2014ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Aitatxi (Gaizka Urrotz, Orreagakoa), 1937an atxilotu eta, bi heriotza zigor kommutatuta, espetxeratu zuten. Eusko Gudarosteko Irrintzi batailoiko gudaria izan zelako. Esklabo lanetatik ihesi, Venezuelako EAJko arduradun izan ondoren, 41 urte zituela hil zen. Caracasko euskaldunen hilerrian dago lurperatuta.

Aita (Jose Ramon Aranguren, Iruñekoa), 1998an atxilotu zuten. Espetxeratu eta, 18/98 prozesuan, 49 urteko kartzela zigorra eskatu zuten harentzat. Egin egunkariko Administrazio Kontseiluko Lehendakariorde zelako. Bere bihotzak ez zuen jasan. 70 urte zituela, 2009an, bihotza lehertu zitzaion. Bere kide guztiak espetxean dira.

Aitaren seme zaharrena 26 urterekin atxilotu zuten. Espainiar armadan soldadutza egiteari uko egin zion. Intsumisio delituagatik ia bi urte eman zituen preso.

Asier, anaia, 21 urte zituela espetxeratu zuten lehen aldiz. Urtebete egin zuen barruan, intsumitu izateagatik ere bai. 10 urte geroago, 31 zituela, berriro atxilotu zuten. Orduan ETAko kide zelako. 8 urte eman zituen giltzapean.

Hitz hauek idazten ditudan unean anaia atxilotzen ari dira. Berriro, bai. Orain 40 urte ditu eta badirudi arrazoia dela preso politikoen eta gizarte eragileen arteko zubi lanak egin izana.

Laurok xede politiko berbera izan dugu: Euskal Herri librea. Nafar Estatu soberanoa. Euskaldunondako aterki txiki baina sendoa.

Gurea ez da salbuespena. Belaunaldiz belaunaldi, milaka familiak pairatu dute inperioaren jazarpena gure herrian. Hala ere, oraindik ere gatazka politikoa bera ukatzen saiatzen dira.

Itsasoa zatitu nahian dabiltza, baina Kantauriko olatuek maria gora dakarte.

Heldu den astean Asier ETA biok filma estreinatuko da zinema aretoetan. Anaiak azalduko dizue zineman, zehaztasunez, laburpen honetan aitzinatu dizuedana eta gehiago.

Eta orain, komisaldegiko zuloan den anaiarendako mezua:

Asier, anaia... Aitatxi, aita eta hirurok harro gaude zurekin. Zuekin. Kantauri itsasoa bezala.

Maite zaitut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.