1918an «bezain garrantzitsu»

Eusko Ikaskuntza eratu zuten instituzioek babesa berretsi diote erakundeari, sorreratik ehun urtera. Adierazi dute «ezagutza sortzen laguntzen duen gizarte zibilaren adierazle» dela Eusko Ikaskuntza

Ana Ollo, Ramiro Gonzalez, Iñaki Dorronsoro, Unai Rementeria, Markel Olano eta Xabier Alkorta, lehen lerroan, atzoko ekitaldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2018ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
«Eusko Ikaskuntza zoriondu nahi dugu, eta bere egitekoa babestu, bere lana gaur egun duela ehun urte bezain garrantzitsua delako Euskal Herria etorkizunaren aurrean toki aurreratu batean kokatu nahi badugu». Nafarroako Gobernuak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek hitz horiekin eman diote sostengua Eusko Ikaskuntzari, erakundea sortu eta ehun urtera. Haren sortzaile izan ziren heinean, lau instituzioek adierazpen instituzional bat izenpetu zuten atzo, «Eusko Ikaskuntzarekiko konpromisoa berresteko».

Urte berezia da 2018a Eusko Ikaskuntzarentzat, mende bat beteko baita sortu zenetik. Testuinguru horretan plazaratu zuten atzoko adierazpena, eta ekitaldi horrekin eman diote ofizialki hasiera mendeurrenari. Bilbon egin zuten agerraldia, Bizkaiko Foru Aldundian, eta bertan egiteak bazuen esangura ere: izan ere, erakunde horretan proposatu zuten 1918an «euskal kultura bultzatzeko» kongresua antolatzea: «Bilera haren fruitu izan zen Eusko Ikaskuntza», erakundeko presidente Iñaki Dorronsorok azaldu zuenez. Atzoko adierazpena sinatu zuten Ramiro Gonzalezek, Unai Rementeriak, Markel Olanok eta Ana Ollok; hurrenez hurren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek eta Nafarroako Gobernuko Herritarren eta Erakundeen Arteko Harremanetarako kontseilariak.

Agirian adierazi dutenez, Eusko Ikaskuntza «sentsibilitate, ideologia eta lurralde guztietako euskalari eta euskaltzaleak» biltzeko asmoz sortu zen, «zientzia eta kultura, berrikuntza eta aurrerapen kolektiboarekiko konpromisoak batuta». Sorreraren garaiko testuingurua ekarri dute gogora: «Gure gizarteak, XIX. mendeaz geroztik garapen ekonomiko handia bizi izan baitzuen, gabezia handiak zituen hezkuntza eta kultura gaietan. Izan ere, Euskal Herria zen [Espainiako] Estatuko eskualde guztietatik unibertsitate publiko edota erakunde ofizialik ez zuen bakarra. Alegia, herri honek ez zuen bere hizkuntza eta identitatea babestuko zituen instituziorik». Autonomia politikoa eta euskal unibertsitatea izan ziren urte horietan antolatutako hainbat egitasmoren ardatzak, eta egitasmo horiek bat egin zuten 1918an Oñatin (Gipuzkoa) eginiko foroan. Kongresu horretara gonbidatu zituzten «herrialdearen nortasunaren zaharberritzearen eta kultura areagotzearen alde» lan egiten zuten pertsonak: «Modu honetan, gure historia modernoan giltzarria izan zen aroari hasiera eman zitzaion, euskal lurraldeen egituraketa sozial, politiko eta kulturala osatzen lagundu zuena».

Kongresuko lanei jarraipena emateko sortu zuten Eusko Ikaskuntza, «lurralde mugak gainditu, modu bateratzaile batean lan egin eta kulturaren pizkundearen gidari izango zen erakunde zabal eta irekia». 1936ko gerrak eten zuen haren jarduna, eta debekatu egin zuten Hegoaldean, gerra amaitu ostean. 1978an berrekin zion jardunari Hego Euskal Herrian. Harrezkero, «bere eguneroko jarduerekin orokorki, eta antolatu dituen kongresuekin bereziki, Eusko Ikaskuntzak bide eta mami eman die euskal gizartearen jakin-nahiei», adierazpenaren sinatzaileen arabera. Aurrera begira, uste dute erakunde hori dela «ezagutza sortzen laguntzen duen eta egungo erronka nagusiei erantzuna ematen saiatzen den gizarte zibilaren adierazle bizi eta akuilatzailea».

Dorronsororen hitzetan, «desberdinen arteko eztabaida irekitik eta ikerkuntza eta ikasketatik euskaldunen kezkei erantzunak ematea» da erakundearen gaur egungo zeregina. Ekitaldian, gogoan izan zuen Eusko Jaurlaritza, «garai hartan sortuta ez bazegoen ere, hasieratik» babestu zuelako Eusko Ikaskuntza.

Kongresua, azaroan

Aurki ekingo diote efemeridea ospatzeko antolatutako egitaraua abiatzeari, eta horren berri eman zuen Xabier Alkortak, Eusko Ikaskuntzaren Mendeurreneko Batzorde Antolatzaileko lehendakariak. Datozen hilabeteotan, besteak beste, aitortza egingo diete 1978an erakundearen pizkundearen protagonista izan zirenei, eta liburu bat argitaratuko dute, Euskal Herriaren azken ehun urteetako historiaren inguruan. Gainera, antzezlan bat estreinatuko dute.

Ekitaldi nagusia, ordea, udazkenean egingo dute, azaroaren 23an eta 24an. Kongresu bat antolatu dute egun horietarako, erakundearen hemezortzigarrena, eta Geroa Elkar-ekin izango du izenburu. 1918an egin bezala, Oñatin elkartuko dira. Gainera, ekitaldi instituzional bat egingo dute herrian, eta, bertan, agintariak, Eusko Ikaskuntzako kideak eta euskal gizarteko hainbat ordezkari bilduko dituzte. Apirilean aurkeztuko dute ofizialki kongresua.

Eusko Ikaskuntzak bi urte daramatza gogoeta prozesuan, alor ugaritan. Diziplina desberdinetako profesional eta adituek hartu dute parte bide horretan, eta emaitzak eztabaidagai izango dituzte Oñatiko kongresuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.