Osakidetzan postua lortzeko 'txanda' zuten sendagileen presioa salatu dute

Irregulartasunak haizatu zituzten hiru medikuek jakinarazi dute presioa jasaten ari direla: lan deialdian postua lortzea itxaro zuten medikuek akusatu dituzte. Osakidetzako arduradunen jarrera salatu dute

Osakidetzako langileen ekitaldi bat, Donostiako ospitalearen atarian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Irregulartasun zantzu nabarmenak agertu dira Osakidetzako lan eskaintzan, mediku espezialisten oposizioetan, eta horiek haizatu zituzten sendagileek salatu dute presioa jasaten ari direla. Azterketen edukia filtratu egin zieten mediku batzuei, orain arteko zantzu guztien arabera. Are, salatzaileen arabera, urteetan egin dute hori. Hori salatu zuten mediku batzuek joan den astean BERRIAn: «Gauza jakina da: arduradunek erabakitzen dute postuak nori eman». Bada, orain jakinarazi dutenez, presio egiten ari dira lankide batzuk, postua lortzeko beren txanda dela uste duten sendagileak: «Egokitu egiten zitzaiela pentsatzen zuten, eta beren buruak posturik gabe ikustean, agresibitate guztia gure kontra jarri dute». Osakidetzako arduradunen jokabidearekin kritiko mintzatu dira.

Orain aste eta erdi lehertu zen Osakidetzako oposizioetako iruzurraren auzia. Mediku espezialistetako emaitzak oinarri hartuta, sindikatu batzuek salatu zuten irregulartasun arrastoak daudela: notetan alde handia dagoela hautagai batzuetatik besteetara, eta, areago, arlo batzuetan, bat datozela nota handienak dituztenen kopurua eta eskainitako postuena. Hamahiru espezialitateri buruz agertu dituzte dudak sindikatuek. EAEko fiskal nagusiaren eskuetan jarri dituzte zantzu horiek. Arartekoak ere abian du ikerketa.

Osakidetzak behin eta berriro adierazi du ez dagoela «frogarik» irregulartasunak izan direla esateko. Sindikatuen «oportunismoa» salatu zuen hasieran, baina mugimenduak egin ditu gerora; besteak beste, lau espezialitatetako prozedura eten du, eta iragarri du azterketa guztien emaitzak aztertzeko eskatuko diola aditu bati.

Azterketen emaitzetan dauden diferentzia adierazgarriekin batera, kiniela bat da orain arteko zantzu nagusia: anestesiologiako lanpostuak nortzuek eskuratuko zituzten asmatu zuten probak egin baino lehen. Notario aurrean sinatu zuten agiri bana ESK sindikatuak eta Elkarrekin Podemosek.

Hitz egiteko deia

Hiru sendagilek eman zieten kiniela horiek egiteko informazioa, eta haien eskutitz bat zabaldu du ESK-k: presioa jasaten ari direla azaldu dute. Presioa, batetik, postua lortzea espero zuten lankideena. «Guk ohiko irregulartasun bat salatu baino ez dugu egin, guk ez dugu irregulartasunik egin», esan diete. «Denen onerako izango da gardentasunerantz eta aukera berdintasunerantz egitea».

Bestetik, agintarien jokabidea salatu dute. «Nekagarria eta oso tristea da denok ezagutzen genuena era eraginkorrez ezagutarazteko teknika politiko-sindikal makiabelikoak erabili behar izatea». Alegia, informazioa pasatu eta notariotzan kinielak egin behar izatea. «Ez da batere justua ustelkeria salatzeko pertsona batek arriskuaren mugaraino jarri behar izatea». Jakinarazi dutenez, medikuetako bat saiatu zen azterketako galderak eskuratzen, «publiko egiteko eta salaketari sinesgarritasuna emateko». Eta orain aurpegiratu diote mendeku gisa egin duela salaketa, «hisiaz».

Hiru mediku horiek eman zuten informazioa, baina gehiagok ere badute irregulartasunen berri. Sendagile gehiagorekin hitz egin du BERRIAk; aitortu dute galderak filtratu ohi dituztela, baina ez dute hitz egin nahi. Hori hausteko eskatu dute gutunean: «Beldurrik gabe eman dezatela iritzia».

Ika-mika politiko handia eragin dute oposizioei buruzko salaketek. Ostiralean aurrez aurrekoa izan zuten oposizioak eta Jon Darpon Osasun sailburuak, eta hizpidea jarriko du gaiak aurrerantzean ere. EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du datorren asteko osoko bilkuran: susmopean dauden espezialitateen prozedura bertan behera uzteko eskatuko du. Elkarrekin Podemosek ere egina du eskari hori, baina, aurrera egiteko, PPren babesa ere beharko du.

Aldaketa sakonago bat ere proposatuko du EH Bilduk: Osakidetzako sarbidea aldatzea. «Lan eskaintza publikoen eredua berraztertzea eta aldatzea ezinbestekoa da. Sistema aldatu ezean, berriro gertatuko da». Parlamentuan lantalde bat sortzea proposatu du.

Arazo gehiago agertu dira oposizioetan. Ospitale pediatriakoaren zati bat bertan behera utzi dute, kasu kliniko hori oraintsu kongresu batean azaldu duelako epaimahaiko kide batek. Sindikatuek ez zuten irregulartasunik sumatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.