Foruzaingoak trafikoko eskumen osoak izatea nahi du gobernuak

Beaumonten ustez, Auzitegi Nagusiak trafiko eskumenen aurka ateratako epaiak ikuspegi «zentralista» bati erantzuten dio.Egungo polizia kopurua «neurriz kanpokotzat» jo du

Maria Jose Beaumont Nafarroako Lehendakaritza, Barne, Justizia eta Funtzio Publikoko kontseilaria, atzo, parlamentuan. BERRIA.
joxerra senar
Iruñea
2015eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Epaitegietan zein elkarrizketa politikoetan, polizien arloan autogobernua defendatzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak. Irailaren 29an, Nafarroako Auzitegi Nagusiak auzitan jarri zituen trafikoa arautzeko Nafarroaren eskumenak: errepideak mozteko agindua soilik Guardia Zibilarekin elkarlanean eman dezakeela ebatzi zuen. Atzo, Maria Jose Beaumont Lehendakaritza, Barne, Justizia eta Funtzio Publikoko kontseilariak epaitegietan jarritako kasazio helegitearen berri eman zuen parlamentuan. Era berean, beharrezkotzat jo zuen polizien kopurua doitzeko eztabaidari ekitea. Haren ustez, Foruzaingoak eskumenak bere gain hartu ahala, Espainiako Estatuko segurtasun indarrek lurraldea utzi behar dute, Espainiako Gobernuarekin hala hitzartu ostean.

Auzitegi Nagusiko epaia atzerapauso bat izan liteke Foruzaingoak eskumenak irabazteko asmoan. PPk salbu, alderdi denekgobernuak auzitegietan hartutako bidea sostengatu zuten, eta defendatu zuten Foruzaingoak eskumen osoak izatea historian zein legedian oinarritua dagoela.

Historikoki, EH Bilduko Adolfo Araizek gogora ekarri zuen 1959ra arte diputazioak arautzen zituela Nafarroako errepideak, Araban bezala. Urte hartan, frankismoak ahalmen hori indargabetu zien bi lurraldeei, eta gobernadore zibilen eskuetan utzi zuen ardura, Camilo Alonso Vega ministro frankistak agintari nafarrei gogorarazi orduko zeregin hura estatuari zegokiola, eta Nafarroari gehienez ere «utzi» egiten zitzaiola. 1962an, dekretua berretsi eta Diputazioak onartzea beste erremediorik ez zuen izan.

Kasazio helegiteari begira, Beaumontek azpimarratu zuen Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak foru lurraldeen eskubide historikoak onartzen dituela, eta Foru Hobekuntzak zein hainbat foru legek errepideak arautzeko Foruzaingoaren ahalmena jasotzen dutela. Beaumonten arabera, Auzitegi Konstituzionalak badu gobernuari arrazoi emateko doktrina, eta hartara, «epaia irabazi daiteke». Haren hitzetan, Auzitegi Nagusiak egindako irakurketak «ikuspegi zentralista bati erantzuten dio».

Kontrako ustea erakutsi zuen PPko Ana Beltranek: «Ez dut uste epaitegiek arrazoi emango dizuetenik. Nafarroak ez du inoiz trafiko eskumenik izan, dioenak dioela. Beno, epaiak hala dio».

Epaitegietatik at, Beaumontek «neurriz kanpokotzat» jo zuen polizien presentzia Nafarroan. «Egungo ereduak ezin dio eutsi egokitasunari buruzko eztabaida serio bati». Beaumonten ustez, «eremu geografiko berean, polizia desberdinek zeregin bererako komunikabide eta protokolo desberdinak erabiltzea ez da eraginkorra, eta desordena eragiten du». Haren esanetan, Nafarroan mila biztanleko zazpi polizia daude, eta Eurogunean erdia.

UPN, PP eta PSN horren aurka azaldu ziren. UPNko Sergio Sayasen ustez, polizia kopuru gehiegizkoak ez luke gobernua kezkatu behar, «gaizkileek baizik». Sayasen hitzetan, «prezio berean» polizia gehiago izatea, nafarren onurarako da. Ahal Dugu-ko Eduardo Santosek oroitarazi zion Sayasi oker dagoela: «Poliziak ez zaizkigu doan ateratzen». Izan ere, Nafarroak bere gain hartu gabeko zerbitzuengatik estatuari pagatutako ekarpenean sartzen da polizia horien finantzaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.