Paul Bilbao. Kontseiluko idazkari nagusia

«Europako hizkuntza komunitateekin osatu nahi dugu protokoloa»

Donostia 2016ren barruan, hizkuntza gutxituei buruzko goi bilkura antolatuko du Kontseiluak. Eskubideak gauzatzeko tresna bat sortzea jarri dute helburu, eta gizarte eragileak izango dira protagonistak.

Ainhoa Sarasola.
Andoain
2014ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Hainbat proiektu biltzen ditu Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren egitasmoak. Badira hizkuntzari dagozkionak ere. Eta horien inguruan egin zezakeen ekarpenaz galdetzeko, Kontseiluarekin jarri zen harremanetan, iaz. Hitzarmena sinatu dute Donostia 2016k eta Kontseiluak orain, eta horren arabera, 2016. urtean, hizkuntza gutxituen goi bilera bat hartuko du Europako kultur hiriburuak. Lana gainezka izango dutela badaki, baina ekiteko gogotsu dagoela azaldu dio BERRIAri Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak (Algorta, Bizkaia, 1971): «Makineria osoa prest dugu; gaur jada ari gara lanean. Gu bagoaz».

Donostia 2016 egitasmoarekin hitzarmena sinatuta, elkarlanean beste urrats bat egin du Kontseiluak. Zein balorazio egiten duzue hitzarmena sinatzeaz?

Hitzarmena barik, baloratzen dugu zein proiektu eramango den aurrera Donostia 2016ren barruan. Iruditzen zaigu proiektu hau oso garrantzitsua dela, Donostia 2016ri dimentsio izugarria emango diola eta Donostia bihurtuko dela erreferente; hau da, Donostia 2016k, hizkuntzei eta hizkuntzen kudeaketari dagokienez, uste dugu arrastoa utziko duela, orain dela 20 urte Bartzelonak utzi zuen bezala Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala sinatuta. Hurrengo urteetan Donostiako protokoloari buruz hitz egingo da, eta hizkuntzei dagokienez, Donostia 2016ri erreferentzialtasun handia emango dio.

Beraz, nazioarteko goi bilera bat antolatuko du Kontseiluak, Donostia 2016ren barruan.

Bai. Guk beti buruan dugu Bartzelonako 1996ko bilkura. Haren atzean gobernuz kanpoko 40 erakunde, PEN erakundearen hainbat zentro, adituak... egon ziren, eta gizarte zibilak lortu zuen adieraztea, dokumentu batean, zein ziren aitortu beharreko hizkuntza eskubideak; azpimarra jartzen dugu gizarte zibila izan zela. Horrek bere ibilbidea izan zuen, baina egia da, oraindik, hainbat hizkuntza komunitate gutxituetan eskubideak urratzen direla. Halako deklarazioak egiten direnean, gero izaten dituzte euren protokoloak; eskubideak urratzen direla ikusten bada, egiten da halako gida bat esateko zer egin beharko litzatekeen eskubideak bermatzeko. Ideia horrekin, hogei urteren buruan, berriz ere gizarte zibil antolatuak eta adituek, non eta Donostian, Europako kultur hiriburuan, hizkuntza eskubideen deklarazioa egikaritzeko protokoloa aurkeztea benetan oso aukera ona iruditzen zitzaigun, eta, gainera, garrantzi handia emango ziola Donostia 2016ri.

Beraz, bilkuraren xede nagusia protokoloa sortzea izango da?

Hau prozesu bat izango da. Egitasmo honek izango ditu bere batzorde zientifikoa, bere lantaldeak... Hemendik eta 2016ko urri-azaro bitarte, protokolo hori prestatuko dute. Batzorde zientifiko horretan parte hartuko dute, batetik, hizkuntza komunitateak biltzen dituzten sareek, eta bestetik, giza eta hizkuntza eskubideen eremuan dabiltzan erakunde ospetsuek. Horiek izango dira antolatzaileak, Kontseilua eta Donostia 2016rekin batera. Gero, aditu sare bat ere hedatuko dugu, eremu bakoitzean ekarpenak egingo dituena. Gure asmoa da prozesuak hartzea garrantzia. Prozesuan goi mailako adituek parte hartzea nahi dugu, baina denbora guztian prisma gizarte eragileetan dugu. Azken batean, gobernuetan politikariak aldatuz doaz, eta hizkuntza aniztasunaren bermatzaile hoberena gizarte zibila da. Bartzelonan ere horregatik izan ziren gizarte eragileak motorra. Guk helburuak oso argi ditugu. Horregatik diogu gizarte eragileek egingo dugun ekarpena dela; Europa osoko hizkuntza komunitateetako ordezkariek. Protokoloa osatuko dugu eta gizarteratuko dugu hizkuntza komunitate guztiekin.

Kontseiluak baditu harremanak nazioarteko hainbat eragile eta sarerekin. Nortzuk parte har lezakete prozesuan?

ELEN Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sarea izeneko erakundean parte hartzen du Kontseiluak, sorreratik. Gizarte eragileek osatzen dugu, eta bertan 42 hizkuntza komunitate ordezkatuta gaude. Lehendakaritzaorde bat dugu bertan, eta gure ardura da ELENen eta NBE Nazio Batuen Erakundearen arteko harremana garatzea. Hemen ere proiektuaren aurkezpen ez-ofiziala egin genuen, eta begi onez hartu zuten. ELENek erakunde gisa hartuko luke parte dokumentuaren prestaketan, baina gero, gizarteratze fasean, bertan parte hartzen duten erakunde guztiak egongo dira, eta bertan daude gaur egun Europan hizkuntzen berreskurapenaren eremuan lan egiten duten gizarte eragile garrantzitsuenak. Erakunde horien guztien babesa izango luke protokoloak.

Protokoloa osatzeko dago, baina, zure ustez, zein ezinbesteko osagai izan beharko lituzke?

Gauza asko Hizkuntza Eskubideen Adierazpenak berak ardaztuko ditu. Lehenik, Unescoren mapa antzeko bat baliatuta, analisi bat egingo dugu. Baina agirian eremu guztiak jasotzen dira, dela justizia, dela sozioekonomia... eta eremu bakoitzak bere jarraibideak izango ditu protokoloan, zehazteko zein konpromiso hartu beharko lituzketen agintariek.

Gizarte eragileak izango dira protagonista. Zein rol jokatu beharko lukete administrazioek?

Administrazioek gero jokatu beharko luketen rola da, nolabait, hainbeste gizarte eragileren babesarekin sortu den agiri hori egikaritzeko neurriak hartzea. Dokumentu horretan hainbat jarraibide agertuko dira, eta gure ustez, hori administrazioentzat lagungarria izango da. Adibidez, Kataluniako Hizkuntza Politikaren Legean erreferentzia egiten zioten deklarazioari. 2016tik aurrerako lana izango da, horrek jarraipena izan behar duelako. Oso tresna garrantzitsua izango da protokoloa, eta halako babesarekin... Proiektu hau bihotzarekin bizi dugu, uste dugulako mugarri bihurtuko dela Donostia 2016, eta protokoloak hartuko duen dimentsioa ikaragarria izango dela.

Joxean Muñoz Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak hitz gogorrak izan zituen Kontseiluarentzat orain gutxi, elkarrizketa batean. Goi bilera ez lukeela Kontseiluak antolatu beharko zioen. Zer duzu zuk esateko?

Esan dezakedana da guk benetan sinesten dugula honetan, eta sinesten dugunez, bagoazela aurrera. Ez gara eztabaidetan sartuko. Gizarte eragileak gara, proiektuan sinesten dugu eta sinesmen horrekin egingo dugu aurrera.

Bestalde, Pablo Berastegi zuzendari izendatzeak Kontseiluaren kritikak ekarri zizkion Donostia 2016ri, euskaraz ez zekiela eta. Nolakoa da harremana?

Harremanak egokiak dira.

Nola baloratzen duzue, oro har, proiektua bera eta bertan euskarak izan beharreko lekua?

Iazko urrian Europako Batzordeak proiektuaren balorazioa egin zuenean, esan zuen elementu positiboetako bat zela hizkuntza gutxitu bat zegoela eta aberastasun hori agerian jarri behar zela, eta interesgarria iruditu zitzaidan. Uste dut Donostia 2016k aukera handiak eskaintzen dituela euskarak eta hizkuntzaren gaiak presentzia izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.