Leioako istiluetan identifikatuetako lauri eginbideak irekiko dizkiete

EHUren errektoretzan «indarrez sartzea» egotzi die Ertzaintzak bost gazteri. Ikasleen aurkako «erasoak» salatzeko protesta egin du IAk

Ertzainak eta ikasleak, atzo, Leioako campuseko kale nagusian. BERRIA.
Ibai Maruri Bilbao.
Leioa
2016ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Bost gazte identifikatu zituen atzo Ertzaintzak IA Ikasle Abertzaleak taldeak EHUren Leioako campusean (Bizkaia) egindako manifestazioan errektoretzara «indarrez sartzea» egotzita. Lauri eginbideak irekiko dizkiete. Eurak babesteko eta Poliziaren jarrera salatzeko, elkarretaratzea egin zuen atzo iluntzean Bilbon ikasle mugimenduak; gaur, 11:00etan, manifestazioa egingo du Leioan.

Erasorik ez lelopean, 12:00etan abiatu zen mobilizazioa Mikel Laboa plazatik. Azken hilean unibertsitateak ikasle mugimenduaren «aurka egin dituen erasoak» salatzea zen asmoa: besteak beste, martxoan San Mamesko fakultatean egindako Herri Unibertsitatea Ertzaintzak hustu izana, eta hilaren 17ko mobilizazioetan ikasleak atxilotu eta identifikatu izana —salaketak erretiratzea galdegin diote EHUri—. Errektoretzaren eraikinera iritsitakoan, barrura sartzen ahalegindu ziren.

Ikasle Abertzaleak erakundeak salatu duenez, errektoretzara sartzen saiatu zirenean, segurtasun zaindariak oldartu egin zitzaizkien. «Ikasleak jo dituzte, eta EHUk Ertzaintzari campusera sartzeko eskatu dio». Poliziaren jarrera ere gaitzetsi dute: «desafiatzaile» jokatu zutela azaldu dute.

Carmelo Garitaonandia Bizkaiko errektoreordea handik igaro zenean, ikasleek gertatzen ari zenaren erantzule egin zuten: azalpenik ez al zuen eman behar galdetu zioten. Ez zien ezer erantzun, eta errektoretzara sartu zen. Kanpoan dozenaka ikasle egon ziren Poliziak osatutako ilararen aurrean protestaka. «Atxilotuak askatu», «Iñigo Cabacas zuek hil zenuten», «Indar polizialak campusetik kanpora» eta «Erasorik ez, erantzunik gabe» izan ziren gehien esandako leloak.

Campusa zeharkatzen duen kale nagusia itxita egon zen ordubete luzez. Tarteka ertzainen eta manifestarien artean tentsioa izan zen. Adibidez, Santurtzirako autobusa igaro zenean: gazteek errepidea libratzen ez zutela ikustean, ertzainak hurbildu eta bidetik kanporatu zituzten. Manifestazio bukaeran, hasi aurretik egindako aldarrikapen bertsua egin zuten Ikasle Abertzaleek: Ertzaintza berriro campusean ez sartzeko neurriak har ditzala unibertsitateak.

Errektoretzak gogor salatu ditu istiluak. Hala kontatu du gertatutakoa: «Haurtzaindegiko atetik sartzen ahalegindu dira. Gero, alboko segurtasun atea mazo batekin jota suntsitu dute». EHUren arabera, zer gertatu zen ikustera gerturatu zen segurtasun zaindari bat kolpatu zuten gazteek, eta osasun zerbitzuek artatu zuten. Ertzaintzari deitu zioten, eta hiru bat minutuan agertu ziren furgonetak. Aurki hustu zuten eraikina; orduan identifikatu zituzten gazteak. Ikasle mugimenduaren arabera, hamabost zauritu izan ziren.

Bazkalostean ere izan zen istilurik. EHUk azaldu duenez, 15:00etan beste ikasle talde bat sartu zen Arabako campuseko errektoreordetzan. «Eraikineko su itzalgailuak hustu dituzte, eta jendeari normaltasunez arreta egiten jarraitzea eragotzi diote. Leiho batzuk apurtu dituzte eta arrautzak jaurti dituzte».

NUP, pintaketen aurka

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ere oharra kaleratu du, atzo Arrosadiko campusean agertu ziren pintaketak salatzeko. «Ez da onargarria ideia batzuk defendatzeko halako ekintzak egitea. Unibertsitatearen ondare publikoari kalte egitea eta herritar guztiek ordaindu beharko duten gastua sortzea baino ez dute lortzen». Pintaketetan agertutako aldarrikapenei dagokienez, unibertsitateak adierazi du jada elkartu direla ikasle mugimenduarekin haiei buruz eztabaidatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.