Errege berria Espainian. Elkarrizketa. Iñaki Errazkin. 'Hasta la coronilla' liburuaren idazlea

«Borboien erregealdiak asko du txarrik, eta patetikorik ere, asko»

Espainiako Borboien dinastia ikertu du, eta hau da ondorioa: «Errege bakoitzak aurrekoen bizioak eta ustelkeriak batu ditu». Errepublikano izateko modu onena, monarkiaren kontrakoa izatea, haren ustez.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
jon ordonez garmendia
Donostia
2014ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Madrilen bizi da Errazkin (Cadiz, 1954). Orain dela bost urte argitaratu zuen Hasta la coronilla. Autopsia de los Borbones liburua (Txalaparta). Monarkia Espainian hilda dagoela zioen, eta errepublika iritsiko dela, lehenago edo geroago.

Zer aldatzen da ezer aldatzen ez bada?

Etsaia ez da erregea, monarkia baizik. Eta monarkiak hor jarraituko du. Beraz, alde horretatik ez da ezer aldatu. Baina eragiteko moduan bada aldaketa bat: Juan Carlos Francoren semea bazen, Felipe Francoren biloba da. Hori da haren ahulgune nagusia. Felipek ez du Juan Carlosek izan zuen kontsentsua. Monarkiaren kontrako borroka zuzenagoa hasi da. Ez dakit nik ikusiko dudan Espainiako III. Errepublika, ezta euskal errepublika ere. Baina gertuago dago.

Ezustean harrapatu al zaitu abdikazioak?

Erabakiak ez, baina momentuak bai. Hau ez zegoen prestatuta aldez aurretik. Hainbat faktorek eragin dute: monarkiaren prestigio galera, batetik; kapitalismoaren krisiaren eraginez jendeak monarkia irain gisa ikusten duela, bestetik; erregearen emazteak Bilderberg Klubean duen papera, eta, azkenik, Podemosen emaitza onak. Faktore horiek guztiek harrarazi diete erabakia erregearen gainetik daudenei.

Canovasengandik Sagastarengana, eta Sasgastarengandik Canovasengana. Bipartidismoa Alfontso XII.arekin hasi zela diozu, orain dela 130 urte ia. PP eta PSOEren emaitzek izan al dute zerikusirik erabakian?

Beste faktore bat da, ez erabakigarria, baina bai, beste bat.

Orain dela 300 urte baino gehiago hasi zuten Borboiek euren erregealdia Espainian, Filipe V.arekin. Nola definituko zenuke aro hori?

Ustela. Baina ez ustela bakarrik. Asko du txarrik, eta patetikorik ere, asko. Peripatetikoa dela esango nuke; Isabel II.a ikusi besterik ez dago. Botere hutsune bat dagoelako iritsi ziren Espainiara, Frantziatik, eta lehen errege horren helburu bakarra Frantziako errege izatea zen. Harentzat, Espainiako errege izatea Hirugarren Mailan jokatzea zen. Esklabo trafikatzailea izateaz gain, Filipe V.a ustela zen; berekoia, zentzurik txarrenean. Eta, Karlos III.a alde batera utzita, dinastiako besteak ere ez dira hobeak izan. Oro har, ustelak eta traidoreak izan dira. Errege bakoitzak bere aurrekoen bizio eta ustelkeria guztiak batu ditu, eta Alfontso XIII.arekin iritsi zen txarrena. Juan Carlos I.a ez da Alfontso XIII.a, garaiak aldatu direlako, baina funtsean berdin jokatu du.

Esklaboak aipatu dituzu: badakigu orain dela 300 urte Bartzelona bonbardatu zutela, baina ijitoen genozidioa ere aipatu duzu liburuan, eta gai hori ez da hain ezaguna.

Hezkuntza programek ezkutatu egin dute gai hori. Isiltasun hori hausten saiatu behar dugu ezkerreko komunikatzaileek. Fernando VII.a izan ezik, horrek egindakoa inork ezin duelako ezkutatu, beste guztiek egindakoa zuritu egin dute.

Euskal Herriko ikuspuntutik, nor nabarmenduko zenuke?

Alfontso XII.a. [Hirugarren] Karlistaldian armadaren buru izan zen, eta, agintaldi motza izan arren, izan zuen denbora odolez eta garrez sartzeko. Gainera, foruekin jarraitzea hari zor diogu, noski.

Haren semea atentatu batetik salbatu zen Bartzelonan, tranbiaren kable batzuei esker. Beti atera dira onik Borboiak.

Haiek baraka hitza erabiltzen dute; Rifetik (Maroko) hartutako hitz bat da: zortea esan nahi du. Beti izan dute zortea. Gainera, errege txarrak izan dira, baina ez tontoak. Juan Carlos bera ere kontuak eman gabe badoa orain.

Quod natura non dat, Salmantica non praestat, diozu liburuan Juan Carlosez.

Bai, falangistek ikusi ere ez zuten egin nahi fakultatean zegoenean.

Espainian nork babesten du monarkia beti aurrera ateratzeko?

Badago Espainian kasta bat —orain modan dagoen hitz hori— erregearen gainetik, sozialki ez bada ere, bai botereari dagokionez. Diruak mugitzen ditu horiek. Helburua euren negoziotxoekin jarraitzea dute, eta, horretarako, aldaketarik ez egotea behar dute. Bipartidismoa behar dute horregatik, Canovasek behar zuen bezala. Eta zein da haien negoziotxoaren ardatz nagusia? Erregea. Estatus soziala, gailentzen den klasearen interesa, Espainiaren batasuna, armadaren nagusitasuna... horren guztiaren ikurra da erregea, eta sutsuki defendatuko dute. Hori guztia, Espainian; nazioartean, lobby-ez hitz egin beharko genuke noski, estatuen gaindiko interesez.

Baina erregeak ba al du benetako boterea Espainian?

Nola ez du, ba, boterea izango, armadaren burua bada? Egunero-egunero eramaten dizkiote zerbitzu sekretuen azken berriak. Ez da azkarra, baina tontoenari ere dena eskura jarriz gero... Erabat ergela ez da, eta aholkulari onak ditu, nahiz eta gero saldu egiten dituen.

Aste honetan bertan, Kongresuan, Sabino Cuadrak azpimarratu du Juan Carlos I.ak enpresariak dituela lagun. Baina esan behar da euskal enpresariak gertu izaten dituela Euskal Herrian bertan eta kanpoan egiten dituen bidaietan.

Enpresa handietako enpresariak ez baitira inongoak: enpresariak dira. Eta erregeak beti izan ditu gertu, bai. Enpresariak ez dira Euskal Herrikoak edo Espainiakoak: oligarkak dira. Badaude nazio ikuspegia duten batzuk, baina maila ertaineko enpresariak dira; Negurikoek euskal herritarretik dute nik apezpikutik dudana.

Espainian iritzi publikoa ere orain arte ez da askorik nabarmendu haren kontra.

Juan Carlosekin egin duten makillatze operazioaz gain, beldurrak ere badu horrekin zerikusia. Eta Euskal Herrian ez gara besteak baino hobeak edo txarragoak. Hemen ere sektore batean soilik ikusten da erregea etsai gisa. Beste batean, ez dago gaizki ikusia. Ez da ahaztu behar hedabideek duten eragina. Kolonialismoaren garaipena da naturaltasunez hartzea. Orain erreferendum bat egingo balitz, erregeak irabaziko luke, kartak markatuta daudelako. Jende askorentzat, nahikoa izango da Felipe Gernikara foruen zina egitera etortzea. Jendeak gazte bat ikusiko du, ondo formatua, ederra...

Zer dakigu Felipez, eta zer da ez dakiguna?

Ziurra da ezagutzen ez ditugun gauza asko daudela. Badakigu aita baino prestakuntza hobea duela, baina ez da zaila. Aitak baino ikuspegi zabalagoa duela? Bai. Eskarmentu handiagoa duela? Bai. Aitaren akatsetatik ikasi duela? Bai. Hau da, prestakuntza hobea izateak esan nahi du errazago sartuko digula porrua. Zertarako bestela? Erraminta, azken batean, erraminta da; kontua da zertarako erabiltzen den. Engainuaren profesional bat izango dugu errege.

Monarkiatik zer espero dezakegu Feliperekin?

Monarkiatik ezin da ezer onik espero. Traba egitea da geratzen zaigun gauza bakarra. Gakoa monarkiaren kontrakoa izatea da, eta euskal errepublikaren alde borrokatzea da Espainiako III. Errepublikari egin diezaiokegun mesederik handiena. Elkarrekin doaz biak borroka berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.