PSOEk EAJri jakinarazi dio Konstituzioaren erreforman «bidelagun» gisa nahi duela

Sanchezek dio sozialistek «Euskadiren nazio izaera» aitortzen dutela. Bi aldeek ikusi dute estatu ereduari buruzko «hausnarketa bateratu bat» egiteko beharra

Andoni Ortuzar, Idoia Mendia, Pedro Sanchez eta Iñigo Urkullu, atzo, Lehendakaritzan egindako bileran. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
enekoitz telleria sarriegi
2017ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Elkarren beharra dutela onartu eta irudikatzeko argazkia ere izan zen atzokoa. Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak Lehendakaritzara egindako bisitak utzitakoa. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Andoni Ortuzar EAJren EBBko buruak egin zioten harrera, eta bileran izan zen PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendia ere. Gobernu baten ordezkaritza eta jarduna alderdietako ordezkaritzarekin eta jardunarekin maiz nahasten eta lausotzen den honetan, beste adibide bat.

Bi ordu iraun zuen bilerak. Ez zen haren ostean adierazpenik eta baloraziorik egon, gerora iritsi ziren horiek Jaurlaritzako iturrietatik. Baina sartu aurretik eman zuen bileraren nondik norakoen berri Pedro Sanchezek, eskua erabat luzatuta: Espainiaren egonkortasuna lurraldetasun eredu indartsu baten araberakoa izango dela esanda goxatu zuen bere diskurtsoa. Espainiako Konstituzioaren erreforma beharrezkoa ikusten dutela horretarako, batzorde bat nahi dutela sortu Espainiako Kongresuan horretarako, eta EAJkoak «bidelagun» gisa nahi dituztela horretarako. «Lagun diezagutela Konstituzioaren erreformarako batzorde baten sorreran, eskaera erabat justifikatua baita».

Euskadiren «nazio izaera» aitortu du Sanchezek, eta Urkullu lehendakariari zera esan dio: «Espainiaren barruan badagoela nazio bat, Euskadi izena duena. Beraz, gure herrialdearen nazioaniztasuna onartzen dugula». Baina Espainia «batu bat» defendatzen dutela ere bai: «Lurralde jakin batzuen nortasun nazionala onartzen duena, bereziki Euskadirena».

Espainiari «egonkortasun politikoa» eman behar zaiola da Sanchezen mantra, eta EAJk PPrekin Espainiaren gobernagarritasunerako lortu dituen akordioez harago, orain garrantzitsuena lurralde eredu bat finkatzea dela, «Kataluniako sezesionistak zalantzan jartzen ari direna». Konstituzioaren erreformari buruzko eztabaida ireki behar da horretarako, PSOEko idazkari nagusiaren iritziz, eta Eusko Legebiltzarrean Gernikako Estatutuari buruz abiatutakoa testuinguru berean jartzearen alde agertu da: «Bi eztabaida horiek paraleloan joan behar dute».

Eta goxatze nahi horretan aurrera eginda, euskal gizarteari ere helarazi nahi izan dio mezu bat Espainiako sozialista guztien izenean: «Euskara espainiar guztien ondarea dela». Eta badela garaia euskarari, galegoari eta katalanari gazteleraren garrantzia berbera emango dien Espainiako presidente bat izateko.

Espetxe politikaz

Bilera amaitu eta gutxira, Jaurlaritzako iturriek eman dituzte mahai gainean jarritakoei buruzko xehetasun gehiago. Baliatu dutela EAJko eta PSE-EEko buruak bileran egon izana bi alderdi horien koalizioa gobernuaren jarduna aztertzeko, helburuak betetzen ari direla ohartzeko, eta Euskadiko giro ekonomiko eta politikoa «positiboak» direla berresteko.

Gauzak horrela, PSOEk atzo konpromiso bat hartu zuela ere adierazi dute: Madrilen defendatzea Jaurlaritzako gobernu programan adostutakoak. Besteak beste, bete gabe dauden transferentziak lortzea: espetxeetakoa eta gizarte segurantzarena, kasurako.

Espetxe politikari dagokionez, egun indarrean dagoen legediaren barruan euskal presoen gaiari heldu behar zaiola eta haien gizarteratzea egoera berrira egokituz egin behar dela onartu zuten bi aldeek. Horren guztiaren helburu nagusia «bizikidetzan sakontzea» dela nabarmenduta.

Konstituzioaren erreformari buruzkoetan ere, bi aldeek ikusi dute estatu ereduari buruzko «hausnarketa bateratu bat» egin beharra. Eta hausnarketa horren emaitza izan behar lukeela «estatuaren nazioaniztasunean sakonduko duen egitura bat». EAJko iturriek, dena dela, argitu dute estatu ereduari buruzko eztabaida jeltzaleen eskaera «historiko» bat dela, eta Espainiako Konstituzioaren erreforma ez dela beharrezkoa eztabaida horri heltzeko, nahiz eta argitu erreformaren bideari ez diotela aterik ixten.

Bilerara sartu aurretik Sanchezek esandakoaren kontra, iturri horiek argitu dute Sanchezek ez diela Konstituzioaren erreformarako batzordea sortzeko babes zehatzik eskatu, eta ezta PPren politiken kontra elkarlanean aritzeko beste neurri zehatzik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.