Jaurlaritzak teknologiara hurbildu nahi du hezkuntza

Hezkuntza Sailak STEAM estrategia aurkeztu du; heziketa zientifiko-teknikoan aurrera egiteko da. Teknologien arloan andreen presentzia sustatzea da helburuetako bat

Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
STEAM ingelesezko Science Technology, Engineering, Arts and Mathematics hitzen akronimoa da, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zientziak eta teknologiak egungo ikasketetan duten pisua handitzeko garatu duen estrategia berriaren ardatza da. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak aurkeztu zuen atzo, Bilbon. Hortaz, hezkuntza sistema eraldatu egingo da hemendik aurrera, eta STEAM hezkuntzak, hots, eremu zientifiko-teknikoarekin lotutakoa —teknologia, ingeniaritza, zientzia eta matematika—, arteekin eta gizarte zientziekin lotura handiago izango du. Era horretan, modu integralean landuko dira arlo horietako kontzeptuak, eta horiek ikastea ahalbidetuko duten egoerak nahita eragiten saiatuko dira.

Estrategia berriarekin zientziaren eta teknologien presentzia handitu egingo da ikasgai guztietan. Hezkuntza Sailak adierazi duenez, Unescok berak nabarmentzen du zientziaren eta teknologiaren lanketa funtsezkoa dela ekonomiaren eta gizartearen garapenerako.

Hiru helburu zehaztu dituzte. Alde batetik, hezkuntza etapa guztietan heziketa eta prestakuntza zientifiko-teknikoa bermatzea; horretarako, eragile sozioekonomikoak ere inplikatu nahi dituzte hezkuntzan. Bestetik, hezkuntzaren arlo zientifiko-teknikoan lanbide bokazioa sustatzea da asmoa, arreta berezia eskainiz jardunbide horretan andrazkoei. Egun, alorrarekin lotutako lanbide heziketako ikasketetan, adibidez, emakumezkoak %9 dira soilik, eta hor badago lantzeko eremu bat. Azkenik, estrategia berria baliatu nahi dute, era berean, gizartean zientziari eta teknologiari lotutako kultura zabaltzeko. Eusko Jaurlaritzako iturriek aditzera eman dutenez, estrategia berriarekin lotutako zenbait jardunbide ikasturte honetan ipini dituzte martxan dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.