Erabakitzeko eskubideari ateak itxi dizkiote

Alberto Lopez Basaguren zuzenbide katedraduna, Eusko Legebiltzarreko lantaldean, atzo. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2014ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Argudio eta ideia zeharo ezberdinak erabili dituzte, baina biek ala biek itxi dizkiote ateak erabakitzeko eskubideari. Alberto Lopez Basaguren EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko katedradunak eta Alfredo Marco Tabar UCDko eta PPko buruzagi ohiak parte hartu dute Eusko Legebiltzarreko autogobernuari buruzko lantaldean, PSEk eta PPk egindako eskariari jarraituz, hurrenez hurren. Lopez Basagurenek ikuspuntu juridikotik aztertu ditu estatutuaren erreformaren eta lurralde baten independentziarako aukeren zailtasunak. Marco Tabarrek, berriz, irizpide politikoak lehenetsi ditu estatutuaren balioa azpimarratzeko eta burujabetza erabat alboratzeko.

Autogobernua eguneratzeari buruz abiatu den eztabaidarekin ezkor agertu da Lopez Basaguren. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoa «ahul» ikusten du etorkizuneko erronkei aurre egiteko, euskal gizartea «oso zatituta» dagoelako. Haren ustez, gainera, «muturreko proiektu politikoak» proposatzen badira, areagotu egingo da barne zatiketa hori.Hori hala, EHUko irakasleak esan du Espainiako Konstituzioaren erreforma federala egitea ezinbestekoa dela Gernikako Estatutua eguneratu eta erreformatu nahi bada, eta «Euskadiren sistema politikoaren berezitasunari zilegitasuna eman nahi bazaio».

Erabakitzeko eskubideaz ere mintzatu da, eta esan eskubide hori ez dagoela inondik inora. Haren esanetan, nazioarteko zuzenbidean ez dago jasota, ez dago onartuta, bi kasuetan salbu: egoera kolonialetan, eta «muturreko salbuespen gisa» giza eskubideak eta eskubide politikoak «era gordinean» urratzen direnean—Kosovoko egoera aipatu du—. Eta, gogoratu du, halaber, herri galdeketaren auziak «legezkotasun printzipioan» duela muga, eta hori izan dela Quebeceko nahiz Eskoziako kasuetan erabat garden ezarri den printzipioa.

Era berean, azpimarratu du konstituzioa aldatu eta eraberritzea eskatzen duela lurralde baten independentziak. Hala ere, argi utzi du erreforma egitekoezinbestekoa dela «borondate askoren» adostasuna, eta negoziazio politikoari ateak zabaldu behar zaizkiola ezinbestean.

«Bestelako tentazioak»

Alfredo Marco Tabar Gernikako Estatutuaren txostengile eta UCDko eta PPko buruzagi ohiak, berriz, estatus politiko berri baten ondorioen «arriskuaz» ohartarazi du. «Bi eredu alternatibo baino ez daude: estatutuarena eta burujabetzarena», esan du. Haren ustetan, burujabetzaren aldeko hautua egiten bada, abertzaleen aurkako «bestelako tentazioak» pitz daitezke, bere garaian Unidad Alavesak Arabarako proposatu zuen banaketaren antzekoak. Halakorik gerta ez dadin, «modu ausartegian» ez jokatzeko eskatu die legebiltzar taldeei.

Marco Tabarreksutsu defendatu du estatutua, euskal gizarteari «oreka» eman diolako eta, zenbait gabezia izanda ere, formula guztien artean hori delako «hoberena». Hori esanda, EAJ kritikatu du: «Atsekabea sortzen dit, estatutuari balioa kendu diolako, eta burujabetzaren bideari ekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.