Aurrerabiderako bakea eta autogobernua funtsezko jo dituzte EAJk eta EH Bilduk

Bozen osteko bigarren bilera egin dute. «Desadostasunak» dituzte alor sozialean. Tejeriak azaroaren 10ean iragarriko du inbestidurako eguna

Andoni Ortuzar eta Arnaldo Otegi, joan den larunbatean, Donostian, Foro Sozialaren ekitaldian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
2016ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Duela hilabete pasatxo Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izan zirenetik bigarren aldiz batzartu dira EAJ eta EH Bildu, Bilbon, jeltzaleen egoitza Sabin Etxean berriro, eta, adostasunik lortu ez badute ere, «Euskadin etorkizun berria eraikiko bada bake eta bizikidetzan eta autogobernuan aurrera egitea funtsezkoa» dela esan dute bilera osteko ohar bateratuan. Bi esparru horietan «adostasunak lortzen jarraitzeko borondatea» daukatela agertu dute. Aldiz, EAJk eta EHBilduk «egiaztatu» dute bienartean «gizarte politiketan desadostasun handiak» dituztela.

Bileran, EAJtik Joseba Egibar, Koldo Mediavilla, Josu Erkoreka eta Txus Peña izan dira, eta EHBildutik, Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte, Unai Urruzuno eta Garikoitz Mujika. 11:30ean ekin diote batzarrari, eta ordu eta erdi inguruan mintzatu dira, «asmo eraikitzailearekin eta normaltasun demokratiko osoz». EH Bilduko ordezkariek jeltzaleei agiri bat eman diete, EAJk aurreneko bileran aurkeztu zien hamarardatzeko idatziaren erantzun modura. Egibarrek-eta hitzeman dute azkar erantzungo dietela.

Elkarrekin Podemos eta PP oposizioan kokatu ziren bozen ondotik EAJrekin bildu ondotik, eta harrezkero jeltzaleak PSE-EErekin eta EH Bildurekin baizik ez dira batzartu. Sozialistekin atzo zortzi bildu ziren bigarrengo aldiz. Ohar bateratuan azaldu zuten bilera «produktiboa eta positiboa» izan zela, eta «EAEn gobernabidea ahalbidetuko duten akordio politikoak lortzera begira gai guztietan sakontzea» erabaki zuten. EH Bilduren kasuan ez bezala, EAJk PSErekin, «eraginkortasuna» erdieste aldera, bileretako metodologia eta egutegia adostu zituen. Batzar horiek diskrezioz egitea erabaki dute.

Bakartxo Tejeria (EAJ) Eusko Legebiltzarreko presidenteak azaroaren 10ean iragarriko du Jaurlaritzako lehendakaria hautatzeko bilkuraren eguna —azaroaren 21-25eko asteaz hitz egiten da—, eta ordurako argituta egongo da, ziurrenik, PSE-EEren jarrera. EAJk Iñigo Urkullu aurkeztuko du lehendakarigai, eta EH Bilduk joan den larunbatean aukeratu zuen hautagaia: Iriarte.

Formulak

Egibarrek koalizio independentistari eskatu dio animatzeko «gobernabidean sartzeko», «EAJrekin batera gobernatzeak ez duelako kutsatuko». EAJko eledunak ETB1en emandako elkarrizketan adierazi du EH Bilduren lehentasunak «herri akordioak» direla, eta ona litzatekeela bakegintzaz eta estatus politiko berriaz akordioak lortuko balira.

Otegik kanpainan azaldu zuen «erreskate soziala, burujabetzaren berreskurapena eta erabateko bakea» direla EH Bilduren hiru lehentasunak, eta horietan oinarritu nahi dutela herri akordioa. Hala, Iriartek EAJri galdegin dio PSErena ez den beste formula bat saiatzeko, jeltzaleen eta sozialisten aukera hori «higatua» dagoelakoan. Onda Vasca irratian azaldu duenez, ez du ulertzen EAJ nolatan ez den fio EH Bilduz, «eta bai Felipe Gonzalezen, [AlfredoPerez] Rubalcabaren eta Espainiako Gobernua Mariano Rajoyri emango dion PSOEz». Haren arabera, EH Bildu ahaleginduko da EAJrekin eta Elkarrekin Podemosekin «akordio handi bat» egiten. «Garrantzitsua litzateke herriaren parte honentzat, Europan dagokion tokian egoteko».

EAEko irailaren 25eko hauteskundeen ostean Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak zioen bere alderdiak bereizi egiten dituela gobernabidea, eta ekonomiako, estatus berriko eta bakegintzako herri akordioak. Egibarrek uste du PSE-EEk ez duela «hitz egin ere nahi estatus politikoaz eta antzeko kontuez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.