Hendaian ospatuko dute Euskal Eskola Publikoaren 25. jaia

Ekainaren 5ean izango da festa.'Emazu eskua' aukeratu dute lelo gisara.Lehenengo aldiz ospatuko da Ipar Euskal Herrian

Hainbat guraso elkartetako kideak, jaiaren irudiarekin, atzo. M. DEL VALLE / ARP.
Bilbo
2016ko martxoaren 11
00:00
Entzun
«Jaia arnasgunea izango da euskara erabiltzeko». 25 urtean lehen aldiz, Ipar Euskal Herrian ospatuko dute Euskal Eskola Publikoaren jaia: Hendaian (Lapurdi). Lurdes Imaz EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko koordinatzaileak nabarmendu du aurtengoa «erakargarria» izango dela: «Hendaiako Ville-Hiri barnea eskolaren eta Txingudiko badiaren artean dagoen pasealekuan izango da. Leku zoragarria da».

Ekainaren 5ean izango da festa. Aurtengoa 25. ekitaldia izango da, eta Ikasbi Ipar Euskal Herriko ikastetxe elebidunetako gurasoen elkartearen 30. urteurrenarekin bat egingo du. Horrela, bada, Iparraldeko sare publikoan euskararen irakaskuntzari bultzada ematea du helburu jaiak.

Iparraldeko familien %70ek eskola publikoa aukeratzen dute, eta herenek, ikastetxe elebidunak. Imazek adierazi duenez, euskarazko matrikulazioek gora egin duten arren, erabilera gutxitu egin da gazteen artean. Hori dela eta, Emazu eskua leloaren bidez, «elkarri euskara emateak» hizkuntzaren etorkizunerako duen garrantzia irudikatu nahi dute.

Iparraldeko ikastetxe publikoen erdiak elebidunak dira —102 eskola guztira—, eta 6.350 ikaslek ikasten dute euskaraz: 5.200 ikaslek lehen hezkuntzan, eta gainontzekoek bigarren hezkuntzan. Gehienek eredu elebidunean ikasten dute: hamabina ordu euskaraz eta frantsesez.

Hendaian, lehen hezkuntzako bost ikastetxe daude, eta horietatik lauk eskaintzen dute eredu elebiduna. Imazek eman du azalpena: «Hendaian euskara da Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko zubi hizkuntza, mugaren bi aldeetako euskaldunak bizi baitira han, egunero frogatuz euskara komunikazio hizkuntza dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.