Hautagaiak aukeratzeko bozketak hasiko dira Podemos Ahal Dugu-n

Nafarroan bihartik astelehenera egingo dute.Laura Perezek bere taldea aurkeztu du.EAEn hilaren 27tik 30era izango da bozketa

Laura Perez Nafarroako Podemos Ahal Dugu-ko idazkari nagusia —lehen lerroan ezkerretik laugarrena— eta haren taldea, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2015eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian Podemos Ahal Dugu-koak maiatzeko hauteskundeetarako primarioetan dira bete-betean. EAEn datorren ostiraletik astelehenera izango dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru bozetarako hautagaiak aukeratzeko bozketa, eta Nafarroan parlamenturako hautagai zerrenda bihartik astelehenera hautatuko dute. Bi kasuetan, hilaren 31n jakingo dira zein diren hautagaiak eta zerrendetako ordena.

Laura Perez Nafarroako Podemos Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak primarioetako hamazazpi laguneko taldea aurkeztu zuen atzo, Iruñean: hartaz gain dira, Fatima Andreo, Ainhoa Aznarez, Mikel Buil, Fanny Carrillo, Guillen Carroza, Ubaldo Gonzalez, Carlos Couso, Jose Ramon Loayssa, Iñigo Pascual, Bruno Perez, Tere Saez, Lenin Valverde, Ruben Velasco, Eduardo Santos, Noemi Solanas eta Fermin Tarragona. Primarioetarako beste hautagai batzuk ere badira Nafarroan, baina ez taldeetan bilduak. Perezek esan du bere taldearen xedea Nafarroako «aldaketa» sustatzeko «gehiengo soziala» eratzea dela.

EAEko Denok Bat hautagaitzak atzo arratsaldean eman zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako bozetarako osatu duen zerrenda «bateratuko» hautagaien berri, Bilbon. Ana Viñales, Mikel Isasi, Amaia Hernandez, Arantza Beitia eta Juantxo Iturriak eman zituzten azalpenak. 153 laguneko talde bat osatu dute —lurraldeko, 51—, baina hautagaiak hurrenkeran jarri gabe. Parekidetasuna aintzat hartuta, boto gehien dutenek osatuko dituzte hiru foru zerrendak. «Euskadiko egoera ekonomiko, sozial eta politikoak aldaketa eta eraldaketa» behar dituela deritzo.

Erkidego bereko Podemoseko Ekin ildoak argitu du bera ez dagoela Roberto Uriarte idazkari nagusiaren aurka azaldu den taldearen atzean. Babesa eman dio Uriarteri, nahiz eta Ekinek berak primarioetarako beste hautagaitza bat aurkeztu duen; Diego Guerin, Jon Gorrotxategi, Mari Carmen Gomez, Antonio Rodriguez eta Leire Rioja daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.